Ehundik gora epai metatu dira urteotan administrazio publikoek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra. Usu, zenbait sektorek adierazi dute beren lan eskubideen alde ari diren langileek abiarazitako auzibideen ondorioa direla sententzia horiek. Kontrako susmoak ere egon dira, ordea. Eta gaur Argia-k plazaratu duen kazetaritza lan batek egiaztatu du salaketa horien atzean «kanpaina antolatu bat» dagoela.
Hala salatu du ELA sindikatuak gaur gaiari buruz plazaratu duen erreakzioan. LAB sindikatuak ere salaketa egin du: «Administrazioaren euskalduntzea oztopatzeko, langileen erabilera interesatua egiten ari dira hainbat eragile». Gaiaren gaineko ohartarazpena maiz egin izan dutela gogoratu du, eta frogen bidez egiaztatu dela orain gertatzen ari dena. «Oldarraldi judizialaren atzean euskararen normalizazio prozesua geldiarazi nahi duten pertsona eta eragileen interesak daude». Hori erakusten du, hain justu ere, gaur argitaratu duten Nor dago oldarraldiaren atzean? kazetaritza lanak. Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) lehengo astean eten zuen lan deialdi bat da lanaren abiaburua. 25 administrari lanpostu hautatzeko zen, eta C1 euskara maila ezarri zuen guztientzat. Erreportajeak egiaztatu du propio «euskararen aurkako talde antolatu batek» bota zuela atzera deialdi hori.
Hain justu ere, zenbait audioren bidez frogatu dute auzibidea abiatu zuenak ez zuela interesik eta premiarik lan deialdi horretan parte hartzeko, eta lan deialdia gerarazteko asmoz egin zuela urratsa, era antolatu batean. Doako abokatua ere eskaini zioten. Ikerketa lanaren arabera, helegitea aurkeztu duen herritarra propio «Osakidetza barnean antolatutako Unidas por la Libertad Linguistica» plataformako kidea da, eta lanpostu finkoa du Osakidetzan.
Kazetaritza lanak talde horren jardunaren berri eman du. Haien webgunean zer jasota duten gogoratu du: «Osasun arloko 685 kideko profesional talde bat gara, eta 1.927 sinadurarekin, bat egin behar dugu euskararen hizkuntza-eskakizunen politikari buruzko kezka sakona adierazteko». Kezkaz harago, ordea, ekintzaz ere nola jarduten duten erakutsi du Argia-k. 722 kide dituen whatsapp talde bat dutela jakinarazi du, eta hor administratzaile ari denetako bat —Maria Isabel Veiras Nogueira— dela, zehazki, Errenteriako Udalak aurkeztutako lan deialdiaren kontra egin duena. Propio talde horretako hainbat hizketaldiren berri eman dute erreportajean.
Mezu argigarriak
Ikerketa lanean egiaztatu dute urtarrilaren 2an Errenteriako Udalak abian jarrita zuen LEParen informazioa bidali ziela Vierasek Whatsapp taldeko kideei; eskatu zien aurkezteko lan deialdira, nahiz eta lanpostua eskuratzeko inongo interesik ez izan. Jasota daude horren berri emateko idatzi zituzten mezuak. Argigarriak dira, eta artegagarriak. Halaxe diote. Hizkuntza eskakizunaren kontra egiteko dira: «Ikusi dezakezuenez, jada ez dute bigarren hizkuntz eskakizuna (B2 maila) galdegiten, zuzenean C1era pasatu dira. Onartuko dugu?». Eta kontrako helegitea jar dezakeen norbait bilatzeko: «Bada norbait taldean Batxilergoa duena, eta C1a ez den mailaren bat duena?». Eta erraztasunak erabatekoak direla nabarmentzeko: «Izena eman eta helegitea jarriko duen norbait beharko litzateke, ez da beharrezkoa azterketara joatea ere».
Hala nola erantzuten dioten helegitea jartzea aztertzen ari den erabiltzaile bati: «Olee! Ba oso ondo dator zure egoera LEP hori atzera bota eta B2 baino gehiago eskatu ez dezaten». Hala Vierasek berak nola argudiatzen duen zergatik emango duen izena lan deialdi horretan: «Nik inpugnatuko badut ez da interesa dudalako. Nik lanpostua badut jada ospitalean». Eta horra zer argudio eman zion helegitea jartzea aztertzen ari zenari: «Zenbat eta gehiago hobe». Eta bidea erraztu besterik ez diotela egingo esan zion: «Abokatua dohainik da. Eta epaiketarik ez dago. Anonimoa da».
Argia-ren arabera, azkenean Vierasek bakarrik aurkeztu zuen helegitea. Kazetarien galderei erantzunez, azaldu du hori egiteko «beldur» den jendea «laguntzeko» egin duela. Ukatu egin du plataforman helegitea jarriko zuten pertsonen bila aritu denik. «Gu ez gara jende bila aritzen, guri jendea etortzen zaigu [laguntza bila], ezberdina da».
Interes «legitimorik» gabe
Kazetaritza lanak agerian utzi duena oso larria dela adierazi du ELAk. «Gure hizkuntza eskubideak urratu dituzten epai asko pairatu ditu euskaldunon komunitateak azken urteetan, eta horien jatorrian zeuden demandetan askotan ez da izan interes legitimorik zuen pertsonarik». CCOO eta UGT sindikatuak eta Osakidetzako langileek abiarazitako Unidas por la Libertad Linguistica «sasiplataforma», hain justu ere, «iruzur prozesal» horien adibide direla esan du. «Euskaldunok pairatzen dugun zapalkuntza ez da ausazkoa, guztiz sistematikoa baizik, eta arduradun politiko eta sindikalak dauzka». Oldarraldi horri aurre egin behar zaiola esan du ELAk, eta erakunde horiekiko «elkarlan normalizatuaren bidez» ezin dela haien jarrera «zuritu».
LABek gogoratu du «berme legal sendoak» behar direla oldarraldia gerarazteko. Eta zuzenean jeltzaleei egin die eskea: «LABek EAJ interpelatzen du euskararen kontrako PSE eta CCOO binomioari men egiteari utz diezaion».
EH Bilduko legebiltzarkide Iosu Aztiriak ere hizpide izan du gaur gaia. Kazetaritza lanak egiaztatu duen horren «larritasunaz» ohartarazi du, erakusten baitu «antolatuta» dagoela euskararen aurkako oldarraldia. Gainerako talde politikoek ere salatu egin behar dutela esan du. Iñigo Ansola EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, berriz, beharrezkotzat jo du berme juridikoa emango duen arau bat sortzea: «Horrelako gauzak gertatu ez daitezen, jendea horrela antolatu ez dadin, derrigorrezkoa da berme juridikoa emango digun araudi bat lortzea, non horrelako helegiteek lekurik izango ez duten».