Hizkuntza ezagutzarekin «bereizitako» 474 lanpostuak urte amaierarako espero ditu Jaurlaritzako Justizia Sailak

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du Justizia sailburu Maria Jesus San Josek, EH Bilduk eskatuta; koalizio subiranistak arloan «anbizio» handiagoz jarduteko eskea egin du.

San Jose Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
San Jose Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 13a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Justizia administrazioan beste arloetan baino motelago doa euskararen normalizazioa. Europako Kontseiluak berak Espainiako Estatuari eskatua dio neurriak har ditzala epaiketak euskaraz egin ahal izateko, eta abisu eman dio arloan dauden gabezien inguruan. Gaiari buruzko agerraldia egin du gaur Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu Maria Jesus San Josek eta, besteak beste, gogora ekarri du Espainiako Gobernuak aginduta dituela hizkuntza ezagutzarekin «bereizitako» 474 lanpostu, eta urtea amaitu aurretik espero dutela horiek esleitzeko lan deialdia. Hain justu ere, horren gainekoak zehazteko Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioarekin hartu-emanetan ari direla esan du. 

EH Bilduk eskatuta egin du agerraldia San Josek. Eraitz Saiz de Egilaz legebiltzarkideak hartu du hitza sailburuari galderak egiteko, eta «anbizio» handiagoa eskatu dio; argudiatu du arloan egiten ari diren aurrerabideei buruzko informazioa urria dela, eta hainbat programa guztiz geratuta daudela. Gogora ekarri du, esaterako, euskaraz epaiketak egiten hasteko proiektu pilotua zertan den ez dakitela.

2032. urtera bitarteko plana martxan du Jaurlaritzak justizia administrazioa euskalduntzen joateko, eta horren baitan egiten ari diren aurrerabideen berri eman du San Josek. Justizia administrazio «gertuagoko» bat lortzeko, hizkuntza eskubideen arloan ere aurrera egin behar dela onartu du. Egin diren aurrerabideak nabarmentze aldera, lanpostuen %32k hizkuntza eskakizunak dituztela esan du, eta langileen %66k egiaztatu dituztela. 

Trebakuntzan ere hobera egin dela esan du San Josek, eta ikastaroetan izen ematea %34 handitu dela. «Aurreraurrats argiak daude», azaldu du. «Ikuskera errealista eta iraunkorra dugu, emaitzak egonkortzea baita helburua». PSE-EE eta EAJko legebiltzarkideek txalotu egin dituzte sailburuaren argibideak; Voxek eta PPk, berriz, beren agerraldiak baliatu dituzte euskararen «inposizioaren» gaineko mezuak zabaltzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA