Hernaniko (Gipuzkoa) ikastetxeek bat egin dute helburu beraren inguruan: eskola eta adin tarte guztietan euskara gehiago erabil dadin lortzea, eta ziurtatzea euskal kulturaren transmititzen dela. Herriko irakasleek bi esparru horietan moteltzea nabaritu dute azken urteotan. Kezka agertu dute, eta, urtebeteko prozesuaren ondoren, Gu Geok egitasmoa aurkeztu zuten 2024ko urrian. Hernaniko ikastetxe guztiak elkartu dira –Aratz ikastola, Elizatxo ikastola, Hernani BHI institutua, Hernaniko haur eskola, Langile ikastola, Txirrita ikastetxea eta Urumea ikastola—, eta dagoeneko hainbat ekintza eta jarduera egin dituzte. Azkenetako bat, hauxe: Euskal Herriko mapak jartzea ikastetxeetako sarrera nagusietan, plataformako kide batek egindako bertso batekin. Horren bidez, kontzientzia piztu nahi diete ikasleei euskararen lurraldearen eta euskal kulturaren sorlekuaren inguruan. Kistiñe Iraola (Hernani, 1967) Hernani BHI institutuko irakasleak kontzientziazioa funtsezkotzat jo du ikasleek euskaraz aritzea aukeratu dezaten. «Hizkuntza gutxitu batean bizi gara, eta hautua egin behar da».
Plataforma sortu aurretik, irakasle eta guraso batzuk «arduratuta» zeuden euskararen egoerarekin, Aitziber Iraola Hernani BHI institutuko irakasleak (Donostia, 1982) kontatu duenez. 2023ko ekainean, galdetegi bat zabaldu zuten Hernaniko hezitzaileen artean. Helburua zen irakasleen ikuspegi eta sentsazioen berri jasotzea. Emaitzak aztertu, eta zenbait joera orokor atzeman zituzten: besteak beste, irakasleek nabari zuten euskararen erabilera moteltzen ari zela ikastetxeetan, eta euskararen egoeraren kontzientzia lausotzen. Hori dela eta, irakasleen, eskolen eta hainbat herri eragileren artean urtebeteko hausnarketa egin ostean, dekalogo bat sortu zuten.
Hain zuzen, dekalogo horretan aipatzen diren puntuak garatzeko eta gauzatzeko konpromisoa hartu dute Hernaniko ikastetxeek. Dena den, Hernanitik kanpoko zenbait eskolak ere bat egin dute dekalogoarekin. Esaterako, Aiaraldean. Arabako eskualde horretako hamabi ikastetxek bat egin dute Hernaniko ikastetxeek plazaratutako dekalogoarekin. Aiaraldeko ikastetxeek konpromisoa hartu dute euskara erdigunean jarri eta era sistematikoan lantzeko. Ekainaren amaieran agerraldi publiko bat egin zuten horretarako. Bertan adierazi zuten euskalduntzea «arriskuan» dagoela, eta eskatu zuten «autokritika» egiteko eta «gizarte osoa inplikatzeko».
Hamar puntu ditu dekalogoak, eta ikastetxe bakoitzari dagokio erabakitzea zerrendako zer puntu lehenetsi, ikastetxearen egoeraren arabera. Kistiñe Iraolak adierazi du euskal hiztun aktiboak heztea izan dela Hernaniko zentro guztietan sortu den «kezka nagusia». Lotura afektiboaren garrantzia nabarmendu du: «Lotura afektiboa ezinbestekoa da atxikimendua izateko euskararekin eta euskal kulturarekin».
DEKALOGOA
- Euskararen diziplinarteko izaera indartzea.
- Euskal hiztun aktiboak heztea.
- Soziolinguistika ikasleen prestakuntza arlo gisa eskaintzea.
- Elkarbizitza eta kultura aniztasuna.
- Arnasguneak eskoletan.
- Euskaldunon ahalduntzea.
- Curriculumaren euskal dimentsioa jorratzea.
- Testuliburu eta material didaktikoak.
- Euskarazko kulturgintzaren zaleak sortzea.
- Hezkidetza eta euskara.
Ardura hartzeko garaia
Hernaniko bi irakasleek adierazi dute urteotan piztu den kezkaren zantzu gehiago badirela; uztailean UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak aurkezturiko Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerketaren emaitzak hartu dituzte adibidetzat. Ikerlanaren ondorio nabarmenetakoak dira eguneroko bizimoduan inguruan nagusiki erdara duten euskal hiztunak «gero eta gehiago» izango direla, eta arnasguneak desagertu egingo direla. Aitziber Iraolak esan du «triste» eta «haserre» dagoela horregatik, batzuetan gizartea «lokartuta egongo balitz bezala» ikusten duelako. «Denok egin beharreko kontua» dela azpimarratu du, eta «gizarte osoak esnatu» behar duela. «Nik uste dut orain hartu behar dugula ardura: orain, eta ez bihar». Kistiñe Iraolak, berriz, nabarmendu du «betaurreko moreak jartzen diren moduan, euskara eta euskal kultura sustatzeko betaurrekoak» ere jarri behar direla «eguneroko eremu guztietan».
«Lotura afektiboa ezinbestekoa da, atxikimendua izateko euskararekin eta euskal kulturarekin»
KISTIÑE IRAOLA Hernani BHI institutuko irakaslea
Gu Geok sortu zutenetik, hainbat ekintza eta jarduera egin dituzte Hernaniko zazpi ikastetxeetan. Euskal Herriko mapen ekinbideaz gain, beste jarduera bat egin dute kontzientziazioa lantzeko, UEMArekin. Ikastaro soziolinguistikoak egin dituzte irakasleek eta ikasleek, eta hausnarketa egin dute. Esaterako, euskararen erabileraren inguruko datuak erakutsi dizkiete Langile ikastolako LH5eko eta LH6ko ikasleei, eta datu horietatik abiatuz, ondorioak atera eta konpromiso batzuk hartu dituzte.
Plataformak ere arreta jarri du elkarbizitzan eta kultura aniztasunean. Horren adibide da Txirrita ikastetxeko ekinbide bat. Eskolako sarreran Ongi etorri jarri dute ikasleen familietan hitz egiten diren hizkuntzetan. «Aniztasuna aberastasuna da zalantzarik gabe, eta euskaratik besarkatu behar dugu aniztasuna», adierazi du Kistiñe Iraolak.
Elkarlana ardatz
Plataforma sortu zenetik egindako lana ontzat jo dute. Hernaniko ikastetxeen arteko elkarlana nabarmendu dute, eta elkarren artean izan den «errespetu handia». Kistiñe Iraolak adierazi du «taldean lan egiten jarraitzea» dela erronka nagusietako bat datorren ikasturteari begira. Egitasmoa hezkuntzaren arlorako sortua bada ere, badute asmoa ikastetxeetan egiten ari diren lana herriko gainerako eragileetara ere zabaltzeko.
«Nik uste dut orain hartu behar dugula ardura: orain, eta ez bihar»
AITZIBER IRAOLA Hernani BHI Institutuko irakaslea
Uste dute aukera dagoela egitasmoa Euskal Herrian saretzeko. Erronka da Aiaraldekoaren gisako egitasmo gehiago egotea. Sare sozialetan egiten dute lanaren parte bat, eta hor lanean jarraitu nahi dute beren jarduna ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz. Harremanetarako helbide bat badute: hernaningugeok@gmail.com.