Jurista

Iñigo Urrutia Libarona: «‘Hizkuntza nazionala’ izendapena aukera bat izan liteke euskarak jauzi bat egiteko»

Euskararen normalizazioren alde egiteko erakunde bat abiarazi du EHUk: Justizia Soziolinguistikorako Katedra. Euskara sustatzeko araudien eraiste betean, berebiziko garrantzia du. Urrutia ariko da zuzendari.

Iñigo Urrutia, EHUren Donostiako campusean. JON URBE / FOKU
Iñigo Urrutia, EHUren Donostiako campusean. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2026ko urriaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen normalizazioaren kontra urteotan metatu diren ebazpen judizial ugariez solastatzean, eraisten ari diren egitura bat irudikatu ohi du sarri Iñigo Urrutia Libarona juristak (Jatabe, Bizkaia, 1966). Izan ere, 2019tik epai asko ebatzi dira, eta askotarikoak. Ehundik gora. Arduratuta, euskalgintzak maiz ohartarazi du «oldarraldi judizial» horrek zer ondorio kaltegarri dituen. Izan ere, hizkuntzaren lege babesa handiena den eremuan ere —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—, desitxuratu egin ditu hizkuntza politikak, eta arlo horretan atzeraka eginarazi. Eraikitzen segitzeko borondatea ere badago, ordea. Horren erakusgarri da, adibidez, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasturte honetan martxan jarri duten Justizia Soziolinguistikorako Katedra. Propio arlo horretako jakintza sustatzeko eta zabaltzeko asmoz eratu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Asteotan erakunde berriaren gaineko lehen erabakiak fintzen ari dira. Esaterako, egoitza non egongo den zehaztu dute: Elbiria Zipitria eraikinean, Ibaetako campusean, Donostian. Izendapena egiteko dago oraindik, baina Urrutia bera izango da zuzendaria. 

Ofizialtasunik ez izatea da euskarak Ipar Euskal Herrian duen aitortza faltaren ezaugarririk agerikoena. EEP Euskararen Erakunde Publikoaren inguruan plazaratu berri diren albisteek erakusten dute euskararen normalizazioa sustatze aldera ezarritako erakundeak eta neurriak eraisteko prozesua indarrean dela han ere?

Iparraldean ere euskarak estatus berezi bat behar du, aitortza bat, eta orain ikusten da badagoela kontrako indar bat: zentralizazioaren aldeko joera argia da. Hegoaldean gertatzen denarekin parekotasun batzuk aurkitu daitezke. Euskarari lehentasun txiki bat ematearen aldeko neurriak hartzen dira konstituzioaren kontrakotzat, estatu ideologiaren kontrakotzat. Hor talka bat ikusten da; nola izan daitezke hizkuntza gutxituak Frantziako ondarearen parte, estatuak berak gero horrelako jarrera badu? Nik uste dut Errepublikako Konstituzioak ematen duen esparruaren barruan bideak aurkitu daitezkeela euskararen normalizazioaren aldeko jarduerak eta politikak bideratzeko; baina ikusten da orain estatuaren aldetik indarrak zentralizatzaileak direla. Eskuin muturraren joeren emulazioz izan daiteke. 

Abian da katedra. Zein ditu helburu behinenak?

Formakuntza, ikerketa, eta, gero, jakintza hori administrazio publikoei helaraztea. Katedrako lehen bilerak lehengo astean egin genituen. Plan estrategiko bat martxan jarri, aurrekontua egokitu, eta kontratazioren bat egin beharko da. 

Euskararen kontrako oldarraldi judizialak areagotu egin du katedraren premia?  

Bai, ikuspegi juridikotik asko dago ikertzeko. Oldarraldiak ekarri du, bestak beste, gaur arte euskararen normalizazioaren oinarri izan diren zutabe juridikoak erabat ahulduta geratzea. Hori horrela izanik, alternatibak, proposamenak eta ideia berritzaileak behar dira, gero transferentzia hori egin ahal izateko administrazio publikoetara. 

«Oldarraldiak errealitate bat erakutsi digu: berdintasun formala benetan urruti dago berdintasun materialetik»

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izan diren aurkako epaiek sortu dute berebiziko kezka: atzeraldia agerikoa da. Auzi horretan aurrera egiteko ideia berritzaileek nondik nora jo behar dute?

Badago pentsamendu bat: berdintasun formaleko sistema batean bizi garela, bi hizkuntzak berdinak direla, ofizialak direla; oldarraldiak, ordea, errealitate bat erakutsi digu: berdintasun formal hori benetan urruti dago berdintasun materialetik. Horrez gain, kristalezko sabaia dago euskararen arloan, neurri positiboei mugak ezartzen baitzaizkie. Orain arte, hizkuntza planifikazioa saiatu da neurri positiboen bidez aurrerabideak egiten, euskararen normalizazioa hortik bideratzen. Hala ere, zalantza sortzen zait berdintasun printzipioa bide egokia ote den hizkuntza normalizazioa bideratzeko. Berdintasun printzipioak muga argiak ditu. Beraz, beste sistema baterako bidea hartu beharko genuke, berdintasun printzipioaz harago euskararen eta euskal hiztun komunitatearen benetako garapenari lehentasuna emanez. Euskararen normalizazioari subjektibitate propioa eman behar litzaioke. Berdintasuna ez da nahikoa hizkuntza justiziarako; hizkuntza justiziak, kasu honetan, lehentasunezko tratamendua eskatzen du. Izan ere, gutxiengoa ezin daiteke tratatu berdintasun printzipio hutsarekin; hala egiten bada, beti izango da gutxitua. Beste planteamendu bat behar da. 

Egungo legeriak ezin du babes hori eman, edo oldarraldiak ekarri du ezintasun hori? Zeren eta normalizazioaren aurkako lehen epaiak ebatzi aurretik egin zen bide bat, adibidez, administrazio publikoetan euskara sustatzeko. Zeuk azaldu izan duzu kontrako bidea 2019. urtean abiatu zela...

2019an paradigma aldaketa bat gertatu zen. Urte horretan EAEko Toki Erakundeen Legea onartu zen Eusko Legebiltzarrean, udal legea deitua. Oso lege inportantea da hizkuntza aldetik, Euskararen Legeak baino kontsentsu zabalagoa lortu baitzuen, eta euskarari lehentasun bat eman baitzion. Euskara erabilera normaleko hizkuntza izatea zuen helburu: barne funtzionamenduan, harreran, bileretan, kontratu publikoetan...  2019ra arte, paradigma hau izan zen: bi errealitate daude, bat euskalduna eta bestea euskararik ez dakiena. Talde bakoitzari bere aldetik eta bere hizkuntzan garatzeko bide ematen zuen paradigma hark. Udal legeak, ordea, planteamendu integratzaileago bat ekarri zuen; hizkuntza eskubideak bermatuz, helburu gisara jarri zuen euskara izatea funtzionamendurako hizkuntza, eguneroko hizkuntza. Orduan sortu zen oldarraldia. Sententzien ildo nagusia izan da atzera egitea, paradigma zaharrera bueltatzea. 

«Gutxiengoa ezin daiteke tratatu berdintasun printzipio hutsarekin; hala egiten bada, beti izango da gutxitua. Beste planteamendu bat behar da»

Erreakzio horrek hainbat lerro izan ditu. Udal legearen kontrako epaiak izan dira, kontratazio publikoetan euskara eskatzen duten klausulak ezeztatzeko ebatzitakoak, eta hizkuntza eskakizunak gehiegizkotzat jo dituztenak. Kontrako horrenbeste epairen ostean, zer geratzen da indarrean?

Beste bidegurutze batean atarian gaude. Eusko Legebiltzarrak lege aldaketa bat onartu du funtzio publikoaren arloari begira: Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa bat da: paragrafo bat gehitu zaio 187. artikuluari. 

Bai, ekainean izan zen: EH Bilduk ere bazuen beste erreforma proposamen bat, baina EAJk aurkeztu zuen proposamena onartu zen, eta, horren harira, kendu egin da funtzio publikoko lanpostuei orain arte euskara eskakizunetan ezarritako derrigortasun indize orokorra. Zer ondorio izango ditu?

Legeari erantsitako 11. paragrafo horrek, batetik, derrigortasun indize orokorra ezabatzen du, zurrunegia delako eta administrazioek jadanik hortik gorako eskariak egiten dituztelako. Dena den, niretzat hori ez zen oldarraldiaren punturik esanguratsuena: epai gutxitan alegatzen da administrazioek indizea gainditu dutela hizkuntza eskakizunak lanpostuetan ezartzeko orduan. Baten batzuetan bai, baina ez gehienetan. Nolabait ere, aldaketa horren asmoa izan da euskarazko lanpostuak indizetik gora baldin badaude hori oztopo ez izatea lan eskaintza publikoetan. EH Bilduren proposamenak legez nahitaezko bihurtu nahi zuen bi hizkuntza ofizialak jakitea, eta administrazio bakoitzari ahalmena eman salbuespen arrazoituak ezar zitzan. Legezkotasun printzipioaren ikuspegitik proposamen sendoa da. 

Orain arte, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta kalkulatu izan da derrigortasun indizea: formula batekin. Baina, esan duzun eran, administrazio askok egin dute euskararen aldeko hautua derrigortasun indizeetatik harago. 

Erakundeen %80 horietatik gora dabiltza. Hori logikoa da. Izan ere, euskararen normalizazioak eskatzen du aurrerapauso baten gainean hurrengoa egitea: dinamikoa da. Indize soziolinguistikora bueltatzea eskatu izan balitz lege erreforman, horrek hiru plangintzaldi atzera eramango gintuzkeen: hori ikaragarrizko atzerakada izango litzateke. Kontua da orain indize orokorra deuseztatu egin dela: lege erreformak esaten du administrazio bakoitzak bere indize propioa ezarri beharko duela. Ez dago oso argi zer irizpide erabiliko dituzten hori ezartzeko. Nik uste dut irizpiderik argienak bi hauek izan beharko luketela: batetik, administrazio bakoitzaren hizkuntza plangintza, eta, bestetik, euskara izatea funtzionamendurako hizkuntza; horren arabera ezarri beharko lirateke hizkuntza eskakizunak.

«Euskararen normalizazioak eskatzen du aurrerapauso baten gainean hurrengoa egitea: dinamikoa da»

Derrigortasun indize orokorra propio legetik desagerrarazita, baliteke zenbait instituziok orain arte legez ezarritako gutxieneko irizpideak ere konplitu ez eta atzera egitea? Bada arrisku hori?

Nik uste dut ezetz, euskararen normalizazioak aurrera egitea eskatzen duelako, progresioa. Atzera egiteko babes legalik ez dago, nik ez dut ikusten. Hala ere, erreformak badu beste puntu bat, eta hori da, nire ustez, latzena: hirugarren paragrafoan ezartzen du deialdi publikoak egiten direnean administrazio bakoitzak erabaki beharko duela, deialdi publikoz deialdi publiko, zenbat lanposturen hizkuntza eskakizuna geroratzen duen. 

Halaxe dio testuak, hitzez hitz: «Euskal administrazio publikoek, haien erakundeek eta organismoek derrigortasun data geroratua duten postuen kopurua finkatuko dute, eta horrek lanpostuen zerrendan dagokion aldaketa ekarriko du, hizkuntza politikaren arloan eskumena duen organoak ezarriko dituen irizpideen arabera». Non da arriskua?

Paragrafo horrek esaten duena da administrazio bakoitzak erabaki beharko duela deialdi bakoitzean zenbat lanposturi atzeratuko zaien nahitaezkotasuna; ondorioz, posible izango da administrazio publikorako oposizioak gainditzea euskararik jakin gabe. Hor jartzen du, halaber, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak erabakiko duela zer irizpideren arabera geroratuko den lan deialdietan hizkuntza eskakizuna.

Baina ez al da ba orain, aldaketa egin eta gero, erakunde bakoitzaren ardura derrigortasuna zer-nolakoa izango den ebaztea?

Kultura Sailak erabakiko du zer irizpideren arabera egingo diren geroratzeak. Eta artikulu horrek esaten duena da, esaterako, hamar lanpostuko deialdi batean hiru lanpostutan geroratzen badira hizkuntza eskakizunak horren arabera aldatu beharko dela lanpostuen zerrenda ere. Horrek operatibitate arazo latzak sortuko ditu, lanpostuen aldaketa prozesu konplexua baita, luzea eta sarri geldoa.

Erreforma horren gaineko dekretua egiteko dago, baina lanpostuen zerrendak aldarazteko asmoa jasota dagoen moduan jasota egonda, kezka duzu horrek zer galera ekar dezakeen?

Duda barik. Galera bat ekar dezake. Egindako bidea desegitea da, justu euskarak behar ez duena. Aurkako jurisprudentziaren planteamenduak sendotzeko arriskua ere badakar. 

Zuk, hain justu ere, derrigortasuna lanpostu guztietan ezartzeko proposamena aurkeztu zenuen Euskalgintzaren Kontseiluaren eskutik, eta proposamen horixe izan zen gero EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eraman zuen proposamenaren ernamuina. Han ere bazen geroratze indize bat. 

Bai, ezartzen zuen euskaraz jakitea nahitaezko baldintza dela; legeak berak hori esaten badu, epaileek ez daukate horren aurka egiterik. Gero, proposamen horrek esaten zuen, halaber, administrazio publiko bakoitzari aukera emango zaiola salbuespenak ezartzeko, eta salbuespen horiek justifikatu egin beharko dituztela. 

Nola irauli atzeraldi hau? 

Zerbait egiturazkoa behar da, benetako babes integrala, euskara eta euskaldunen hizkuntza komunitatea erdian jarrita. Zeren eta neurri positiboak beti behin-behinekoak dira; euskarak, ordea, lehentasuna emango dion estrategia bat behar du.

«Neurri positiboak beti behin-behinekoak dira. Euskarak lehentasuna emango dion estrategia bat behar du»

Egungo legeriaren oinarriak auzitan jarri dituzu maiz. Nafarroako Euskararen Legeak orain beteko ditu berrogei urte: euskararen ofizialtasun osoa ere ez du bermatzen. EAEko Euskararen Legeak atzean duen logika ere kolokan jarri izan duzu. 1982koa da. Aldatu behar da?

Paradigma aldaketa bat behar da. Lege horrek  telebista bat jarri zuen euskaldunentzat, eta beste bat euskararik ez dakitenentzat; A eredua jarri, eta D eredua; euskara dakitenentzako lanpostuak, eta ez dakitenentzakoak... Bi hizkuntza komunitate bereizi, eta erdian hesi bat jartzen du lege horrek. Beste aukera bat izango litzateke sistema integratuago baterako bidea egitea, lehentasun bat emanez euskarari, ez bi hizkuntzen arteko parekotasuna lortze aldera, baizik eta tratamendu berezi bat emanez euskarari. Horretarako, berdintasun printzipioaren mugak zokoratu egin beharko lirateke, eta beste planteamendu batera jauzi egin. Horrek badu zerikusia euskararen estatus politiko berriarekin. Hau esatea da: euskara Euskal Herriko hizkuntza nazionala da, horrek dituen ondorio juridiko guztiekin. Hizkuntza ofizial gehiago egon daitezke, baina hizkuntza nazional izendapenak beste indar politiko bat dauka.

 Eta aitortza horrek eman dezake bidea euskara lehenesteko estrategia bat irekitzeko?

Bai, hizkuntza nazionala izendapenak badu karga politiko bat, eta aukera polit bat izan liteke euskarak behar duen jauzia egiteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA