Ageri-agerian eraman du June Fernandez Casete kazetari, eragile feminista eta Hiruki Larrosa kooperatiba transfeministako langileak ikastaroaren mamia erakusten duen adibide bat. Izan ere, euskara «esanindartzeko» esperientziei eta gogoetei buruzko ikastaroa egiten ari dira UEU Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroetako Jakin jardunaldian, eta han Fernandez solastatu da sexu disidentziaren eremuan gauzak euskaraz izendatzeko asmoz asmatutako euskarazko esaldi bat lelo gisa duen elastiko bat soinean jantzita. Beltza da, eta letra zuriak ditu: Kruisina herri kuirola da. Ingelesetik hartua da lehen hitza, eta sexu harreman anonimoak espazio publikoan izateko praktika izendatzeko erabiltzen da; kuirola hitzean, berriz, jolas egin dute, queer hitza ere esaldian —eta euskal iruditeria tradizionalean irmo sartutako aldagai batean: herri kiroletan— txertatzeko. Esplikatu du Bilboko San Frantzisko auzoan agertutako pintada bat dela.
Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak izena du ikastaroak, eta hizkuntzaren ertzak zabaltzeko moduei buruz ari dira hainbat aditu. Gaur hasi da, eta bihar bukatuko da, Usurbilen (Gipuzkoa). Sexu eta genero disidentziaren arloan asmatutako hitzez eta esapideez mintzatu da Fernandezen ondoan Amaia Alvarez Uria literatur ikertzailea eta irakaslea. Zein da mariokerren mintzoa? Sexu-genero disidenteak berba bila hitzaldia eskaini dute. Zinegoak elkarteak egindako proposamen bati tiraka, euskararen eta lesbianen komunitatearen ardatzak nola gurutzatzen diren aztertu zuten autoreek. Ondoren, Mariokerrak. Nola esan/izan bollerak euskaraz liburuan jaso zuten lan horren emaitza.
Mariokerrak egiteko prozesuaren barruan bi ikertzaileek galdezka jardun zuten: heteroarauaren murruak urratzen dituzten bizipenak euskaraz nola izendatzen diren azaltzeko eskatu zuten hainbat iturritan. Hainbat hitz aurkitu zituzten, eta haien «genealogiak» ere arakatu zituzten. Hari horri segika, lesbianen esperientziak eta mundu ez-binarioa izendatzeko euskarazko berbaz bete dute gaur ere solasaldia Alvarezek eta Fernandezek. Piperopila, soropila, lesbiama, gremiokoa izatea, marioker, izaba...
Oihartzunari begira, denek ez dute lortu erabilera, distira eta onespen bera. Soropila hitza, adibidez, sororitatea eta opila hitzak batuta osatu zutela gogoratu du Alvarezek; jolas egin zuten, eta bidea, hain justu, hori dela defendatu du: jolastea. Trabak traba; ezusteak ezuste. Kasu horretan, adibidez, hitza sortu zuten belar estaldura trinko eta motza izendatzeko ere hitz hori bera erabiltzen dela jakin gabe. Leroy Merlin merkataritza gune handi batean jakin zutela gogoratu du, umoretsu. «Sorkuntzak horrelako gauzak dauzka».
«Ikusi dugu, belaunaldiz belaunaldi, gero eta euskaldunagoa dela kolektiboa, eta kontzientzia piztu da»
'Mariokerrak. Nola esan/izan bollerak euskaraz' liburuaren egilea
AMAIA ALVAREZ URIA
Berba bila erdaretara erruz jotzen dela onartu dute biek. Baina hizkuntza minoritarioa ere abaro da usu disidenteentzat. «Ikusi dugu, belaunaldiz belaunaldi, gero eta euskaldunagoa dela kolektiboa, eta kontzientzia piztu da», azaldu du Alvarezek. Bide batez, jendea euskararekiko atxikimenduan ahalduntzen laguntzea ere ezinbestekoa dela gogoratu dute, usu bazterkeriak euskaratik urrundu dituelako pertsona asko: euskara hegemonikoa den giro eta etxeetatik. Eta oinazea eta errua daude hor, hizkuntza galduak eta herdoilduak sortutako lotsa mota askotarikoak. Horregatik egin du proposamena Fernandezek: «Igual, behar genukeen erreparazio horretan, hizkuntza eskubideen ardatza ere garrantzitsua da».
«Behar genukeen erreparazio horretan, hizkuntza eskubideen ardatza ere garrantzitsua da»
'Mariokerrak. Nola esan/izan bollerak euskaraz' liburuaren egilea
JUNE FERNANDEZ CASETE
Ertz gehiagotatik
Gaiari erreparatu diote ertz gehiagotatik ere. Kike Amonarriz soziolinguista eta umoristak Adierazpen askatasunerantz, adierazpen eskastasuna gaindituz hitzaldia eskaini du. Egungo hiztun komunitatearen ezaugarriak aintzat hartu behar direla gogoratu du. «Gure hiztun gehienak hobeto moldatzen dira erdaraz euskaraz baino: hor kokatu behar da gaia». Ataka horretan, gogoratu du euskara irakaste hutsarekin ez dela aski, eta beste irakasteko modu baten alde egin behar dela. «Hezkuntzan, batez ere, adiera formala lehenetsi da; orduan, ikasle multzo bat daukagu matematikako ariketak euskaraz egin ditzakeena arazorik gabe, baina gero ligatzeko euskara falta duena». Hor aurrera egite aldera, argi du hizkuntzarekin «jolastu» behar dela: «Jolastu, ondo pasa, lardaskatu...».
Literatuaren ertzetatik, Miren Amurizak hitz egin du Basa eta Pleibak eleberrietan egindako hizkuntza hautuez, «euskararen mugak» arakatzeko ahalegina agerikoa delako bi lanetan. Tartean, euskalkiei eman beharreko tokiaz mintzatu da. Eta orekaren alde egin du. Ume oroitu da, eskolan jasotako hizkera batuari atxikita: amama zuzentzen jarduten zuen, martitzena beharrean asteartea esan behar zela esaten. Unibertsitate aroan, berriz, euskalkiak liluratuta egin zuela gogoratu du. Bi muturrak orekatzen ahalegindu da orain ikasle hura, eleberri idazle. «Betiere, irakurleria zabal bat kontuan hartuta eta ulermena erdian jarrita».