Oihana Elduaien Uranga.

HNT eragileen bilera prestatzen ari da, Aieteko edukietan sakontzeko

2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Urtea betetzear da nazioarteko eragile entzutetsuek Aieteko Adierazpena sinatu zutenetik. Bost puntuko adierazpen hori ez da inola ere bete oraindik, eta, lan horretan sakontzeko, Euskal Herriko eragileen bilera bat antolatzen ari da HarremanetarakoNazioarteko Taldea (HNT) —Silvia Casale, Brian Currin, Pierre Hazan, Ray Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowski—.

Bi helburu jakin izango ditu bilera horrek: batetik, bake prozesuan aurrera nola egin aztertuko dute, eta, bestetik, ados jartzen saiatuko dira gatazkaren ondorioen korapiloak askatzeko eman beharreko pausoetan.

Bileran ez dira izango Aieteko Adierazpenaren sinatzaileak—Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia, Gerry Adams Sinn Feineko presidentea eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabinete buru ohia—, ez, behintzat, guztiak. Izan ere, bilera horren helburua da bertakoak ados jarri eta abiada hartzeko motorrak martxan jartzea. Bertakoek adostea zer egin dezaketen adierazpen horretan jasota dagoen bide orria betetzeko eta nola egin nahi duten hori. Aieten izan ziren alderdi politiko eta eragileak bilduko dira horretarako, ateak itxita. Ez dira bilera publikoak izango, baizik eta barrura begira lan egiteko izango dira.

Bigarren saioa

HNT uda hasieran saiatu zen bilera hori egiten, baina, konturatu zen ez zela garai egokia. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdia egin gabe zegoen, baina ikusten zen etorriko zirela, eta alderdiak, nolabait, kanpainan zeuden ordurako. Errezeloak, beldurrak eta zalantzak nagusitu ziren testuinguru horretan. NHTko kideak konturatu ziren bilera orduan egiten bazen ez zuela lortuko helburua betetzerik, eta, beraz, aurrerago egitea erabaki zuten, hauteskundeak pasatu ondoren, hain justu. Izan ere, bilera egitekotan, fruituak emateko egin nahi dute.

Urriaren 21eko hauteskundeen ostean eginda, bilera emankorra izango dela aurreikusten dute, eta itxaropena dute Aieteko Adierazpenean sakontzeko eta aurrera egitea ekarriko duen akordio bat lortzeko. Izan ere, urtebetean urratsak egin dira, baina asko dago egiteko oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.