Hogei urteko espetxe zigorra onartu du Pasaian bikotekide ohia tiroz hil zuen gizon batek

2024an gertatu zen hilketa matxista. Gizonak bikotekide ohiaren etxean hil zuen emakumea, haren alaba baten eta haiekin bizi zen emakume baten aurrean. Akusatuak onartu egin ditu karguak, eta fiskaltzak eta akusazioak akordioa egin dute defentsarekin.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren eraikina, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren eraikina, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
kristina martin
2026ko urriaren 8a
12:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren astean hastekoa zen hilketa matxista baten epaiketa Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Bikotekide ohia tiroz hiltzea leporatzen zioten akusatutako gizonari. Pasaian (Gipuzkoa) izan zen hilketa matxista, 2024an. Fiskaltzak 34 urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat, baina gizonak onartu egin ditu karguak, eta, gaur goizean defentsak eta akusazioek egindako bilera batean, akusatuari hogei urteko zigorra ezartzea adostu dute. Herri epaimahaiarekin Donostian egitekoa zen epaiketa, beraz, ez da egingo.

Hogei urteko espetxe zigorraren atal nagusia —hamazazpi urte— emakumea hiltzeko karguari dagokio; biktimari mehatxuak egiteagatik, berriz, urtebete; derrigortze delituagatik beste urte bat, eta armak bidegabe izateagatik beste hainbeste.

Hilketa Pasai Antxon gertatu zen, 2024ko azaroan, biktimaren etxean. Hilketaren unean, emakumea alabarekin eta etxe berean bizi zen beste emakume batekin zegoen, eta, horregatik, generoaren eta ahaidetasunaren larrigarriak erantsi zaizkio hilketaren karguari.

Akusazioaren idatzian jasotzen denez, gizona, arma bat soinean, etxebizitzako atarian geratu zen zain. Biktimaren pisukidea iritsi zenean, akusatuak, haren bizkarrean pistola jarrita, atea irekitzeko agindu zion. Etxe barrura sartuta, pisukideari eta barruan zegoen bikotekideari hiltzeko mehatxua egin zien, eta biktimari tiro bat eman zion hanka batean. Orduan, biktimaren alaba sartu zen etxera, eta hiru emakumeak behartu zituen sofan esertzera. Kolpe bat eta beste tiro bat eman zizkion biktimari, eta horren ondorioz hil zen.

Indarkeria matxistarekin lotutako bi salaketa

2020an, biktimak gizona salatu zuen, tratu txarrengatik. Urtebete geroago, Ertzaintzak eginbideak zabaldu zituen gizonaren kontra, indarkeria matxistarekin lotutako beste gertakari batengatik.

Aringarri bat kontuan hartu du ebazpenak: gizonak hilketa egin zuen egun berean jo zuela Villabona-Amasako polizia etxera, eta han arma utzi eta delituak aitortu zituela.

Espetxe zigorra betetzeaz gain, gizonak 140.000 euroko kalte ordaina eman beharko die biktimaren bi alabei erantzukizun zibilarengatik, eta 25.000 eurokoa hildakorekin batera bizi zen emakumeari, kalte moralengatik. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA