Hondakinen kudeaketa eskasa eta isuriak ez kontrolatzea dira ingurumen urraketarik ohikoenak industrian

Eusko Jaurlaritzak hamasei enpresatan antzeman ditu huts nabarmenak ingurumen neurriei dagokienez. Azken urtean egindako ikuskapenetan detektatu dituzte hutsegiteak: hondakinen kudeaketari eta isurien kontrolari lotutakoak dira ohikoenak.

Artigasen tratamendu mekaniko-biologikorako planta, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Artigasen tratamendu mekaniko-biologikorako planta, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
kristina martin
2026ko maiatzaren 8a
11:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen jarduera ekonomikoek administrazio publikoen baimen berezi bat behar izaten dute: ingurumen baimen bateratua (IBB). Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industriako, Trantsizio Energetikoko eta Jasangarritasuneko sailburuak azken urtean egin dituzten ikuskapenetan aurkitutako urraketa nagusien berri eman du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamasei enpresatan antzeman dituzte hutsegite aipagarriak. Jauregik aste honetan plazaratu du informazio hori Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduko Ander Goikoetxeak egindako eskaera bati erantzunda.

Bizkaiko zazpi enpresaren urraketen berri eman du: Cespa, Garbiker, Smurfit Westrock, Getxoko udal zabortegia, Sidenor, Guivisa eta Ireki dira enpresa horiek. Beste zazpi Araban daude: Sertego, Euroresin, Arena Casting, Arbaraitz, Castmetal Vitoria, Pretensados del Norte eta Olazabal y Huarte. Gipuzkoako bi enpresa azaltzen dira txosten horretan: Agoitzaina eta Sutra Coating. Industria sailburuak legebiltzarrean plazaratutako informazioan ikus daitekeenez, hondakinak behar bezala ez kudeatzea, gas eta likido toxikoen isuriak ez kontrolatzea eta azpiegiturak egoki ez mantentzea dira ingurumen ikuskatzaileek aurkitu dituzten urraketa ohikoenak.

1

Bizkaia

Cespa enpresak —gaur egun Prezero— Zallako (Bizkaia) Las Lagunas hondakindegia kudeatzen du. Eusko Jaurlaritzako ingurumen arloko teknikariek 2025ean egindako ikuskapenaren ondoren, ohartu ziren ingurumen baimen bateratuan jasotzen diren zenbait betebehar ez zirela egoki betetzen; nabarmentzekoak dira hondakinen sailkapenean izandako arazoak. Izan ere, teknikariek enpresako kideei adierazi zieten hondakinak ez zituztela ondo sailkatzen, eta biltzeko sisteman ere gabezia handiak zituztela. Halaber, ohartarazi zieten estalpe iragazgaitzik ez dagoela zabortegi horretako 10.000 metro koadroko eremuan, nahiz eta derrigorrezkoa izan halako bat izatea. Zabortegi horrek industriako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzen ditu, urtean batez bete 380.000 tona.

Garbiker hondakinak kudeatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako enpresa publikoa da, eta hark ere urraketak egin zituen. Antzemandako arazoen artean daude gehiegizko kiratsa eta uraren kanalizazioaren mantentze eskasa.

Iurretako Smurfit Westrock paketatze enpresan ere gabezia nabarmenak ikusi zituzten hondakinen kudeaketan. Ingurumen ikuskatzaileek 2025ean egin zuten azterketan ikusi zuten hondakinak ez zituztela behar bezala bereizten, eta lokatzen eta gas isurien kontrolak ere ez zituztela egoki egiten. Horrekin batera, substantzia kutsagarrien isuriak araututako gehienezko muga baino %200 handiagoak zirenean, enpresak ez zion Jaurlaritzari jakinarazi, legez hala ezarrita badago ere.

Getxoko udal zabortegia kudeatzen duen enpresak arazoak zituen konpostatze plantan sortutako lixibiatuekin. Zenbait urraketaren berri eman zuten ikuskatzaileek; besteak beste, arazoak antzeman zituzten isurketen kanalizazioan, eta substantzia batzuen neurketak ez ziren behar bezain maiz egin.

Sidenor enpresak Basaurin duen lantegian ere urraketak antzeman zituzten. 2025aren amaieran egindako ikuskapenean, hutsegite hauek detektatu zituzten, besteak beste: gehiegizko isuriak eta zaratak izatea, hondakinen bilketan eta sailkapenean hutsegiteak egitea, eta zink metalaren neurketetan muga gainditu izana.

Basaurin egoitza duen beste enpresa batek, Guivisa galdategiak, urratu egin zituen ingurumen baimen bateratuak ezarritako neurrietako batzuk. 2024an egin zuten lehen ikuskapena, eta, urraketen berri jasota, enpresak zenbait neurri hartu zituen. Dena dela, arazo batzuk oraindik konpondu gabe zeudela ohartarazi zioten enpresari. Gasolio biltegiaren ondoan isuriak biltzeko azpiegiturarik ez zuten, eta aire zabalean hondakin arriskutsuak ere ikusi zituzten. Horrez gain, hondakin batzuek etiketa okerra zuten eta beste batzuk etiketatu gabe zeuden.

Trapagaranen dago estaldurak fabrikatzen dituen Ireki lantegia, Cunex Groupekoa, eta 2025ean egindako ikuskatzean gabeziak detektatu zituzten. Teknikariek adierazi zuten gasaren arazketa egiteko inolako sistemarik ez zuela. Hondakinen sailkatzean ere gabeziak antzeman zituzten.

2

Araba

Hondakinen sailkapenarekin eta biltegiratzearekin lotutako gabeziak antzeman zituzten ikuskatzaileek Sertego Araiako enpresan. 2025ean eginiko bisitan, Urbaserren taldeko enpresa horretan hondakinak ez zeuzkaten ondo bereizita, eta hondakin arriskutsuak kanpoaldean zeuden, babesik gabe. Hondakin arriskutsu batzuk aurkitu zituzten biltegian sei hilabetetik gora zeramatzatela. Sertegoko arduradunek argudiatu zuten zaila dela hondakin mota batzuk tratatzeko enpresak aurkitzea.

Euroresin enpresa kimikoak Oionen du lantegia, eta enpresa horrek Industria Sailari igorritako gutun batean azaltzen du zer neurri hartu dituen 2024ko ikuskapenean aurkitutako urraketak konpontzeko. Gehienek lotura dute zenbait substantziaren gehiegizko isurketarekin: bentzenoa, toluenoa, estirenoa, xilenoa eta formaldehidoa dira gai horiek, industria kimikoan erabiltzen diren ohiko substantzia eta gas toxikoak.

Legutioko Arena Castingek —Metal Groupekoa— 2024an jaso zuen Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaileen bisita. Detektatu zuten batzuetan pH maila eta hidrokarburo, amonio eta nitrogeno kantitateak gehiegizkoak zirela uretan. Hondakinen kudeaketan ere arazoak antzeman zituzten: ingurumen teknikariek azpimarratu ziren hondakin arriskutsuen biltegiaren baldintzak ez direla egokiak eta bestelako hondakinen dokumentazioa ez dietela eman. Gehienezko zarata muga ere gainditu zuten gaueko ordutegian, eta instalazioen mantentzean ere hobekuntzak egiteko eskatu diete.

Arbaraitz hegazti enpresak Eginon (Asparrena) du egoitza. 2024an egin zioten ikuskapena, eta, enpresak bidalitako erantzunaren ostean, teknikariek oraindik ere hutsune batzuk ikusi zituzten, eta gogorarazi zuten horiek ere konpondu beharrekoak zirela. Substantzia batzuen gehiegizko isurketak antzeman zituzten —guztizko nitrogenoa, DQO5, DBO, guztizko fosforoa eta olioak eta koipeak—. «Desbideratze hori zuzentzeko ekintza plana aurkeztu beharko da», diote gutunean. Hondakinen sailkapenean eta biltegiratzean ere hutsegiteak antzeman zituzten: «Elkarren artean nahastuta biltegiratuta daude, inolako identifikazio etiketarik gabe». halaber, enpresari gogorarazi zioten instalazioetako eremu batzuetan hondakin arriskutsuak aire zabalean zeudela, eta ingurumen baimen bateratuan baimenduta ez dauden hondakinen kodeak sortu zituztela.

Gasteizko Jundiz industrialdean dagoen Castmetal Vitoria enpresak —Safe Metal taldekoa— 2025ean ikuskatu zuten. Hondakinen sailkatze sisteman gabeziak aurkitu zituzten: hondakinen inguruko erregistroak ez zituzten aurkeztu, eta hondakin arriskutsu batzuek etiketa okerra zeramaten, eta denbora luzean egonak ziren utzita, sei hilabetez baino gehiagoz. Zarata muga maiz gainditzen zutela ere ohartarazi zioten. Enpresak erantzun zuen isolamendua egiteko obrak egitea inbertsio handiegia dela, eta behin-behineko beste irtenbide bat bilatzen ari direla. Hala ere, enpresako ordezkariek oroitarazi dute ez dutela bizilagunik industrialdean.

Gasteizko Pretenorte altzairugintza enpresak 2025ean jaso zuen ingurumen teknikarien bisita. Aurkitutako arazoak ez zituen konpondu, eta beste errekerimendu bat bidali zioten. Ez zuen erantzun, eta beste jakinarazpen bat helarazi zioten aurtengo otsailean, hirugarrena. Zarata zen arazo nagusia. Jaurlaritzak gogorarazi zionez, «instalazioak ez ditu betetzen ingurumen baimenean ezarritako zarata mugak neurtutako puntu bakar batean ere».

Gasteizko Olazabal y Huarte galdategia 2025ean ikuskatu zuten. Enpresaren erantzunak ez zuen Jaurlaritza ase, eta handik gutxira beste jakinarazpen bat bidali zion. Enpresari ohartarazi zion hondakin arriskutsuen kudeaketa ez zela egokia. Horretaz gain, baimenik ez duten enpresen txatarra onartu izana, isuriak prebenitzeko neurri nahikorik ez izatea, eta gauez zarata mugak gainditzea txarretsi zuen Jaurlaritzak.

3

Gipuzkoa

Agotzaina hegazti enpresak Idiazabalen dituen azpiegituretan zenbait hutsune aurkitu zituzten 2024an egindako ikuskapenean. Industria Sailari erantzunez, arazo horiei aurre egiteko zer neurri hartu zituen jakinarazi zuen enpresak. Jaurlaritzari nahikoa iruditu ez, ordea, eta beste gutun bat igorri zion enpresari, gogorarazteko oraindik ere bazeudela arazo batzuk konpontzeko: «Ez da aurkeztu hondar energia berreskuratzeko simaurra in situ berreskuratzeko sistema bat ezartzeko azterlana». Halaber, enpresak ez zuen aurkeztu nabe batzuetako «garbiketa urak karakterizatzeko eta behar bezala kudeatzeko» planik.

Eibarko Sutra Coatings lantegiak korrosioaren kontrako estaldurak fabrikatzen ditu. Gasa xurgatzeko sisteman zikinkeria eta funtzionamenduari lotutako hutsegiteak antzeman zituzten ingurumen teknikariek. Hondakin arriskutsuak behar bezala ez sailkatzeagatik eta biltzeagatik ere kargu hartu zioten. Halaber, ohartarazpena egin zioten ur zikinak eta nikela isurtzeagatik. Enpresak erantzun du ez duela uste isurien muga gainditzeak ingurumenean inolako arriskurik sortu duenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE