Argia sariak

'Hondar ahoak' telesailari eman diote Ikus-entzunezkoen Argia saria

Argia-k ez du sari banaketa ekitaldirik egingo aurten, eta webgunean emango du sarituen berri. Gaur banatu diote lehenengoa Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako telesail laburrari.

Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoi aktoreak dira telesailaren protagonistak. BERRIA
2021eko otsailaren 1a
10:20
Entzun 00:00:0000:00:00

«Inflexio puntu bat euskarazko telesailen historian». Lau ataleko eta 200 minutu inguruko telesail labur bat izan da Hondar ahoak, baina, Argia aldizkariaren ustez, tarte labur horretan egin du nahikoa meritu urteko ikus-entzunezko lanik aipagarriena izateko.

Euskal kostaldeko arrantza portu batean girotutako thriller bat da Hondar ahoak. Genero beltzaren ohiko elementuak baliatu dituzte: itsasontzi bateko patroia desagertu delarik, hiritik helduko da emakumezko polizia, ikertzera. Osorik dago ikusgai Nahieran-en.

Koldo Almandoz zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak jaso dute Ikus-entzunezkoen Argia saria, ezohiko edizio honetako lehenengoa. Egileek adierazi dute presaka egin behar izan dutela lana, arnasestuan; pozik dira emaitzarekin, baina euskal sortzaileentzat duintasuna aldarrikatu dute saria emateko egin duten bideoan.

Egileentzat zaila da telesailak izan duen harrera neurtzea. Txintxua Films ekoiztetxeak zinemarekin egin du lan orain arte, eta hor aukera gehiago izan ohi dituzte ikusleekin eta kritikariekin elkartzeko, Fernandezek azaldu duenez. «Orain, sare sozialetan gertatzen dena neurtzen ari gara, eta oraindik denbora behar dut neurtzeko ongi zer izan den Hondar ahoak». Almandozek nahiago du arrakasta egileen arabera neurtu: «Urtebetean egin dugu, idazten hastetik ematera, eta uste dut egin dugula telesail on bat».

Almandozek suspensezko generoari bere ikuspegia eman diola esan zuen BERRIAn, telesailaren harira egindako elkarrizketa batean; basque noir gisa deskribatu zuen: «Gurea eta bereizgarria den geruza bat gehitu diot generoari». Nagore Aranburu aktoreak gustura egin zuen lan Nerea Garcia ertzain protagonistaren azalean, eta BERRIAri azaldu zion generoak aukera eman ziola «jolas egiteko». Dena dela, berak ere esan zuen estu aritu zirela: «Ez bagara iristen, eta telesaila ez bada biribila, hausnarketa egon behar du, eta ondorioak ikusi. Kontua da egin dela telesaila, eta aurrerapausoak ematen ari direla. Eta egiten jarraitu nahi baldin bada, ikusi behar da zer baldintza behar diren».

Aitor Etxebarria musikariak egin zuen telesailaren soinu banda: «Enkargu bat baino gehiago, opari bat izan da», adierazi zion BERRIAri. «Melankolia ilun batean» oinarritu zuen musika, giroan sakontzen laguntzeko asmoz.

Sari bat egunero

COVID-19aren garaian, Argia aldizkariak moldatu behar izan ditu 2021eko Argia sariak. Otsailaren lehen astean banatuko dituzte, astelehenetik ostiralera, egunean bat: gaur Ikus-entzunezkoena eman dute, bihar Kanpaina onenarena, etzi Irratiarena, ostegunean Internetekoa eta ostiralean Prentsarena.

Sarien berri Argia-ren webgunean emango dute, 10:00etan. Bideo bat zabalduko dute albistearekin batera, saria emateko argudioak azaltzeko eta sarituen esker mezuak jasotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.