Guztion Alardea taldeak jakinarazi duenez, 365 emakumek ofizialki eskatu dute Hondarribiko alardean parte hartzea: soldadu gisa desfilatu nahi dute konpainia baztertzaileetan. Eskaera gaur erregistratu dute, mozio gisara, eta datorren osteguneko udalbatzan eztabaidatuko dute. «Guk ez dugu alardea aldatu nahi; guk alardean egon nahi dugu», adierazi dute ohar batean. Ostegunean emakume horiei babesa agertzera deitu dituzte herritarrak.
Gaur-gaurkoz, Hondarribian (Gipuzkoa) emakumeek Jaizkibel konpainian baino ezin dute soldadu gisa parte hartu; urtero, irailaren 8an, aparte desfilatzen du talde parekideak; Hondarribiko alardea osatzen duten konpainietan, berriz, soilik kantinera gisa desfila dezakete emakumeek. Hain justu, konpainia baztertzaileen inguruko gazteek sortu zuten Guztion Alardea 2019an, eta, aurten 30 urte beteko dituen gatazka konpontzeko bidean, argi adierazi izan dute emakumeak gizonen pare desfilatzearen alde daudela. Izatez, 2023ko udazkenean ia 2.000 sinadura aurkeztu zituzten udalean emakumeen partaidetzaren alde.
Dena den, ez da Guztion Alardeak halako eskaera bat egiten duen lehen aldia. 2022ko udan 64 emakumek hartu zuten ekimena: alardean parte hartu nahi zutela adierazi zieten udalari —EAJren esku zegoen orduan— eta Alarde fundazioari, baina ez zuten erantzunik jaso.
«Hondarribiko alardea gure bizitzaren parte da, eta alardeko konpainiak gureak ere badira. Gutako askok kantinera gisa ere parte hartu dugu, eta bertan desfilatzen dute gure (gizonezko) senideek eta lagunek»
GUZTION ALARDEAÂ
Oraingoan, indartsuago jo dute udalera: 365 andrek egin dute eskaera. Guztion Alardeak azaldu duenez, uztailean hasi ziren desfilatu nahi zuten emakumeen sinadurak biltzen, Jaiak elkarrekin bizi ditzagun egitasmoaren barruan. Elkarrekin ikus-entzunezko proiektuan, gainera, konpainietako uniformeak jantzi dituzte haietako hainbatek. Prozesua «berezia» izan dela adierazi dute: «Hondarribiko alardea gure bizitzaren parte da, eta alardeko konpainiak gureak ere badira. Gutako askok kantinera gisa ere parte hartu dugu, eta bertan desfilatzen dute gure (gizonezko) senideek eta lagunek».
Egun, HAOSE elkarteak antolatzen du alardea, baina herrian bizi dago udalak ardura hori bere gain hartzearen inguruko eztabaida, batez ere udal gobernua Abotsanitzen eta EH Bilduren esku dagoenetik; izan ere, alardea udalak antolatuko balu, publikoa izaki, konpainia guztiak izango lirateke parekideak nahitaez. Edonola ere, Guztion Alardeko kideek Hondarribiko Udalari galdegin diote emakumeen eskaera alardeko konpainiei helaraztea. «Ez dugu ezer berririk eskatzen. Ez dugu inoren aurka ezer eskatzen; besterik gabe, alardean soldadu gisa desfilatu nahi dugu. Eta gaur egun, emakume izate hutsagatik ukatzen zaigu eskubide hori».