Alarde eguna izango dute bihar Hondarribian (Gipuzkoa), eta emakume talde bat lehen aldiz desfilean sartzen saiatu zenetik 30 urte beteko diren honetan, andreek oraindik ezingo dute jaian gizonekiko berdintasunez parte hartu: alardean gizonak baino ezingo dira soldadu gisa aritu, eta emakumeak Jaizkibel konpainia parekidean aterako dira, aparte. Ildo horretan, gatazkari buruzko elkarrizketa guneak zaintzeko deia egin du Emakundek, «berdintasuneranzko urratsak sendotzeko eta bazterketarik gabeko alardea ospatzerantz aurrera egiten jarraitzeko».
Izan ere, gatazka jorratzeko prozesu bat abiatu zuen iazko udazkenean Hondarribiko Udalak —Abotsanitzek eta EH Bilduk osatzen dute—. Baketik fundazioaren bitartekaritzarekin, hiru eragile bildu nahi zituen: Jaizkibel konpainia, desfile baztertzailea antolatzen duen HAOSE Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartea eta udala bera. Bideak, ordea, urtebete baino gutxiago iraun du, udalak berriki jakinarazi duenez: HAOSEk espazioa utzi du, Jaizkibelekin biltzera iritsi gabe.
Horren harira egin du Emakundek elkarrizketa egitasmoak zaintzeko deia. Miren Elgarresta zuzendariak ohar bidez adierazi du hitz egitea garrantzitsua dela «alardearen bilakaera bermeekin garatzeko eta hausturan ez sakontzeko»: «Ezin dugu ahaztu eskubide eta berdintasun arazo batez hitz egiten ari garela, eta azken helburua izan behar dela emakumeek jaiaz gizonen baldintza berberetan eta inolako bazterketarik gabe gozatu ahal izatea». Era berean, beharrezko jo du gazteei lekua uztea, «belaunaldi berriek etorkizun berdinzaleagoaren alde duten ikuspegiak» lagunduko duelakoan «jaia emakumeen eskubideak errespetatuko dituen ospakizun baterantz garatzen».
Elgarrestarekin batera, EAEko arartekoaren alboko Estefania Okariz izango da bihar Hondarribian Jaizkibel babesten. Erakunde horrek ere «adoretu» egin ditu agintariak, «parte hartzea, elkarrizketa eta elkar ulertzea sustatzen jarraitzeko, ondare komuna partekatuz benetako berdintasunerantz aurrera egite aldera». Biharko egunean «errespetua eta elkarbizitza giroa» gailentzea espero duela ere adierazi du.
Arartekoak ohar bidez gogora ekarri du emakumeek alardean «askatasunez eta berdintasunez parte hartzeko eskubidea» dutela, eta hori tradizioarekin uztar daitekeela: «Berdintasun eraginkorraren printzipioek presente egon behar dute gure jaietan, tradizioetan eta kultura adierazpenetan ere. Gure tradizioak gizarte baten eta haren balioen esparruan izandako bilakaeraren emaitza bizia dira beti, eta tradizio horiek zaintzeko eta balioesteko, aurrera egin behar da gaur egun, berdintasun printzipioen arabera».
LAB, alarde publiko eta bakarraren alde
LAB sindikatuak, bestalde, «alarde publiko eta bakarraren alde» egin du. Ohar bidez gogora ekarri du aurten 30 urte bete direla Irunen zein Hondarribian emakumeak alardeetan sartzen saiatu zirenetik, «jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izateko bidea hartu zutenetik», eta borroka feministaren barruan kokatu du ekintza hura: «Argi esan behar delako: emakumeen* parte hartze librerik gabe, jaiak ez dira ez parekideak, ez askeak».
Azken urteetan konponbiderako bidean Hondarribiko Udalak egindako «aurrerapauso txikiak» aitortu ditu, eta deitoratu egin du Irunen inolako ekinbiderik ez izatea: «30 urtez ukazio, gatazka, biolentzia, irain eta ezeztatze politikoa ezagutu ditugu. Esku hartze garbirik egon ez izana, bere horretan, emakumeen* zapalkuntzari gorazarre egitea da eta, beraz, klase zapalkuntza betikotzea».