Hutsetik hasita, euskara izan arte

Urtero milaka ikasle hasten dira euskaltegietan euskara hutsetik ikasten. AEK hasiera-hasieratik saiatzen da, liburuetatik harago, kalean erabiltzeko euskara irakasten.

Errenteriako AEK-ko A1 mailako ikasleak, otsailean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Errenteriako AEK-ko A1 mailako ikasleak, otsailean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Errenteria
2026ko martxoaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urrian, kaixo, agur eta eskerrik asko esateko gauza baino ez ziren. Eta, agian, hori ere ez. Gaur, denda batera joan, eta euskaraz eska ditzakete ogia, bi xerra edo kilo bat sagar; gai dira beren burua euskaraz aurkezteko; eta esaldi sinpleak ulertu ere ondo ulertzen dituzte. Hutsetik hasi, eta euskara izateko bidea urratzen ari dira Errenteriako Xenpelar AEK-ko (Gipuzkoa) A1eko ikasleak; milaka dira urtero euskara ikasten hasten direnak; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik, 6.000tik gora.

Otsaileko asteazken goiz bat da. 09:00ak. Ikasleak banan-banan ari dira ikasgelara sartzen. Batek eman dio abisua irakasleari, Udane Migeltorenari: beste ikasle bat berandu iritsiko dela, umea haur eskolan uztera joan behar duela eta. Eseri dira elkarren bueltan, eta berehala hasi dira hizketan; beren burua aurkezteko eskatu die irakasleak: «Jose Angel naiz. Galiziakoa naiz. Errenterian bizi naiz. Euskara asko gustatzen zait. Aitona naiz, bi biloba ditut: Liher eta Izaro. Nire semea euskara irakaslea da AEKn. Mundu guztia animatuko nuke euskalduntzera; niretzat, obligazio morala da». Euskaraz hasi da, eta hitzen bat topatu ez duenean, jo du gaztelerara, baina ahaleginak egin ditu euskarara itzultzeko. Baita haren ikaskideek ere. Beste bat hasi da hizketan segidan: «Klaudia naiz. Kolonbiakoa naiz. Kirola egitea, paseatzea eta dantza egitea gustatzen zait. Urtebete eta bi hilabete daramatzat hemen. Nire biloba haur eskolan dago, dena euskaraz da, eta bilobarekin egin nahi dut».

Hain zuzen ere, Migeltorenak azaldu duenez, bi ikasle profil horiek dira nagusi bere ikasgelan. Bat: erretiratuak. «Euskara ikasi nahi izan dute, baina orain arte ez dute denborarik izan». Eta bi: atzerritik etorri berriak: «Asko seme-alabengatik edo bilobengatik apuntatu dira, baita integratzeko ere». Bada beste joera bat ere, batez ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegietan: tituluaren bila baino ez doazenak. Alta, Migeltorenak ez du halakorik bere ikasgelan: «Nire kasuan, ez dago inor lanagatik etorri dena».

«Asko seme-alabengatik edo bilobengatik apuntatu dira, baita integratzeko ere»

UDANE MIGELTORENA Errenteriako AEK-ko irakaslea

Eskolarekin jarraitu dute. Binaka jarri dira ikasleak. Paper batean dauden elkarrizketak irakurri behar dituzte, eta zein dendatan izan diren jarri. «Pili, zer ordu da?», galdetu du irakasleak. Pentsakor geratu da, baina segituan erantzun du: «Hamar eta erdiak». Atsedenaldia iritsi da, baina edozein une da aproposa euskara praktikatzeko. Zera galdetu die Migeltorenak bueltan: «Kafea euskaraz eskatu al duzue?». «Ez, baina ordaintzerakoan bai. ‘Txartelarekin’ esan diogu».

Bada, horixe landuko dute jarraian: nola eskatu euskaraz dendetan. Eta antzerkia egingo dute: dendariak eta erosleak izango dira harategian, arrandegian eta fruta dendan. Hain zuzen, hauxe nabarmendu du Migeltorenak: kalean erabiltzeko euskara irakasten dietela ikasleei. «Gramatika garrantzitsua da, eta lantzen dugu: noizean behin egiten ditugu errepikatzeko ariketak, baina, bereziki, helburu komunikatiboei begira aritzen gara».

Eta pixkanaka ari dira bidea urratzen: «Hutsetik hasi ziren. Hasieran, ez zuten ezer ulertzen. Gogoratzen ditut lehen eskolak: hiztegia lantzea bakarrik zen. Lexikoa Lexikoa eta lexikoa. Orain, ja dezente ulertzen dute. AEKn etengabe lantzen dugu komunikazioa; ez da bakarrik ulertzea, beraiek ere sortu behar dute, eta ja badira gai esaldi laburrak esateko, elkarrizketa laburrak edukitzeko...».

Doakotasuna ezinbesteko

Horretarako baina, ikasleen eginahala ez ezik, funtsezkoa da administrazioaren babesa eta laguntza ere, besteak beste, doakotasuna; AEK-k behin eta berriro eskatu du euskara ikastea doakoa eta «irisgarria» izan dadila. Eusko Jaurlaritzak hala erabakita, A1 eta A2 mailan doakotasunerantz jotzen ari dira, nahiz eta oraindik dirua aurreratu beharra dagoen. «HABEren diru laguntzetan ere eman dira pausoak, baina AEK-k etengabe esaten du ez dela nahikoa, oraindik ere dirua aurreratu behar dutelako. Adibidez, hemen, Errenterian erroldatuta ez dagoen batek gutxi gorabehera matrikularen erdia aurreratu behar du, modulazioaren eta HABEren diru laguntzaren arabera. Segun eta norentzat asko izan daiteke aurreratu beharreko hori». «Zorionez», ordea, Errenteriako AEKn A1 eta A2 mailetako gehienek ez dute dirurik aurreratu beharrik, Errenterian erroldatuei udalak laguntzen baitie: «A1 eta A2 doakoak dira, ez dute ezer aurreratu behar, eta hori asko da».

11:30 dira. Bi ordu eta erdiko eskolaren ondoren —astean hiru aldiz joaten dira—, itxi dituzte koadernoak, eta gorde dituzte boligrafoak. Astelehenean itzuliko dira euskaltegira, euskara izateko bidea urratzen jarraitzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA