AEK-k urrats gehiago eskatu ditu euskalduntzea «doakoa eta irisgarria» izan dadin guztientzat

2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina abiatu du, ‘Euskara eroso ikasi eta bizi’ lelopean. Euskaltegiak euskara ikasteko «gune erosoak» izatea nahi du AEK-k.

AEK-k matrikulazio kanpaina aurkeztu du Gasteizko Zadorra euskaltegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
AEK-k matrikulazio kanpaina aurkeztu du Gasteizko Zadorra euskaltegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Edurne Begiristain - Irati Urdalleta Lete
Gasteiz
2025eko irailaren 2a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina martxan jarri du AEK Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundeak. Gaurtik hasi eta irail amaiera arte eman daiteke izena urrian hasiko den ikasturterako. Ehun herritan baino gehiagotan ditu euskaltegiak AEK-k, eta, azken ikasturteotan bezala, aurten ere espero dute milaka herritar euskaltegietara joatea euskara ikastera, euskara maila hobetzera edo praktikatzera. «Herritarrek euskara eroso ikastea eta euskaraz eroso bizitzea» helburu hartuta abiatuko dute ikasturte berria, Maialen Begiristain AEKren nazio kontseiluko Arabako ordezkariak ziurtatu duenez; Gasteizko Zadorra euskaltegian egin dute agerraldia. 

Euskara eroso ikasi eta bizi leloa hartuta abiatu du matrikulazio kanpaina AEK-k, eta horren berri emateko agerraldia egin dute AEKren nazio kontseiluko kideek Gasteizen, hiriburuko euskaltegietan euskara ikasten ari diren hainbat ikaslerekin batera. Hain justu ere, euskara «eroso» ikasteko eta euskaraz «eroso» bizi ahal izateko beharrezkotzat jo dute ezagutzaren «unibertsalizazioa» bermatzea, eta horregatik mezu argia plazaratu dute: «Helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan, eta herritar denek dute euskaraz jabetzeko eskubidea eta ardura komunitarioa».

«Euskara ikasteak doakoa eta irisgarria izan behar du Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat»

MAIALEN BEGIRISTAIN AEKren nazio kontseiluko Arabako ordezkaria

Hori horrela, uste dute euskara ikasteko eskubideari «egoki» erantzun nahi bazaio ezinbestekoa dela euskalduntze prozesu osoan doakotasuna ezartzea eta ezagutza sozializatzea. «Euskara ikasteak doakoa eta irisgarria izan behar du Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat», azpimarratu du Begiristainek.

Bide horretan, AEK-ko arduradunak ontzat hartu ditu doakotasunaren bidean azken urteotan Euskal Herriko administrazioek eta eragileek egin dituzten urratsak; besteak beste, A1 eta A2 —ikasturte honetan lehenengo aldiz— maila eskuratu nahi duten ikasleek eta C1 maila nahi duten 16-18 urteko gazteek diru gutxiago ordaindu beharko dute, eta diru hori itzuli egingo diete maila egiaztatuz gero. Bestetik, B1 edo B2 maila ikasi nahi dutenek ikasturte hasieran ordaindutako matrikularen dirua berreskuratu ahalko dute, betiere maila hori lortu dutela frogatzen badute. Nafarroari dagokionez, nabarmendu dute A1 maila egingo duten ikasleei matrikularen kostuaren %100eraino itzuliko dietela. Ipar Euskal Herrian, berriz, enpresek prestakuntza jasotzeko aukera eskaintzen dute, eta langileek euskara ikastaroak egin ditzakete doan.

Begiristainen ustez, neurri horiek denak aurrerapausoak dira doakotasunaren bidean, eta euskara urrunetik bizi duten lagunentzako «pizgarri», baina «ez dira aski». Doakotasuna lortzeko urrats gehiago egin behar dira, euskara ikastea irisgarri izan dadin guztientzat, azpimarratu duenez: «Ikasleek dirurik aurreratu behar ez izatea, horixe eskatzen dugu».

Doakotasunaren eta irisgarritasunaren bidean AEK-k UEMArekin egin duen hitzarmena goraipatu du AEK-ko arduradunak. Hitzarmenari esker, AEK-k ikastaroak eskainiko ditu UEMAko hainbat udalerritan, ikastetxeetan bertan eta doan, euskaraz ez dakiten gurasoen beharretara egokituta. Ikastaro horien helburua da euskaraz ez dakiten gurasoek euskara «modu praktikoan eta eraginkorrean ikastea» seme-alaben ikastetxean bertan, haiek eskolan dauden bitartean.

«Etxean bezala»

Pasa den ikasturtean 14.000 lagun matrikulatu ziren AEK-ko euskaltegietan —12.000 ikasle inguru Hego Euskal Herrikoetan, eta 2.000 Ipar Euskal Herrikoetan— eta kopuru hori gainditzeko erronka ezarri dute ikasturte berrirako. Zabalik dituzten 100 euskaltegietan izena eman daiteke jada, baita lehen aldiz ateak zabalduko dituztenetan eta berrituko dituztenetan ere —Lapurdin, Hendaian eta Azkainen; eta Nafarroan, Lodosan—.

Begiristainek azaldu duenez, ikaslearen beharrizanetara egokitutako eskaintza izango dute euskaltegietan, hainbat ordutegi, modulazio eta mailarekin, eta, horrez gain, euskara eskolak ere eskainiko dituzte enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan. Gainera, pantailaren beste aldetik euskara ikasi nahi duen orok horretarako aukera izango du AEKren online euskaltegiko ikastaroen bitartez.

Ikas prozesu osoan AEK-ko irakasleak ikasleen ondoan egongo dira; haien bidelagun izango dira, «etxean bezala senti daitezen». Horregatik, hain zuzen ere, aukeratu dute besaulkiaren irudia aurtengo matrikulazio kanpainarako, «etxean baleude bezala senti daitezen euskaltegietan», Begiristainen esanetan.

Matrikulazioari buruzko informazio guztia AEKren webgunean eta sare sozialetan eskura egongo da gaurtik aurrera, eta baita euskaltegietan ere.

Doakotasunera bidean, 4,9 milioi euroko inbertsioa

Azkenaldian doakotasunerako bidea jorratzen ari da Eusko Jaurlaritza. Iazko ikasturtetik, A1 mailako ikasleek «matrikularen zati txiki bat» baino ez dute ordaintzen, eta dirua itzultzen diete maila egiaztatutakoan. Hastear den ikasturte honetan, horixe bera egingo dute A2 mailan ere: ikasleek «matrikularen zati txiki bat soilik» ordainduko dute ikasturte hasieran, eta dirua bueltan jasoko dute maila egiaztatzea lortuz gero. Halatsu gertatzen da C1 maila egin nahi duten 16-18 urteko gazteekin ere. Horretarako guztirako, Eusko Jaurlaritzak 4,86 milioi euroko inbertsioa egingo du, iazkoa baino %52,9 handiagoa.

Doakotasun programa ari da fruituak ematen: A1 mailako ikasle kopurua %30 igo da ikasturte batetik bestera. Horrenbestez, bide hori urratzen jarraitu asmo dute, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azaldu duenez. Euskara ikastea «errazagoa eta guztientzat eskuragarria» izatea nahi dute horrela: «Gobernuarentzat, euskara ikastea estrategikoa da, euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko. Horregatik, euskara ikasteko bideak bermatzen, zabaltzen eta laguntzen jarraituko dugu».

Diru laguntza horiez gainera, beste batzuk ere badaude, euskaltegietako gainerako mailetako ikasleentzat, hain justu: B1 eta B2 mailetan, ikasturte hasieran matrikula egiteko ordaindutakoa itzuliko diete maila frogatuz gero; C1 mailan, 16-30 urtekoen kasuan, bueltan jasoko dute matrikularen kopurua, maila lortu dutela egiaztatzen badute; eta C1 mailako 30 urtetik gorako ikasleen eta C2 mailako ikasleen kasuan, ordaindutakoaren zati bat itzuliko diete, azterketa gaindituz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.