Ia 1,8 milioi herritar daude bihar botoa ematera deituta

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte bihar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 8.000 lagun inguruk eman dute jada botoa atzerritik, eta 58.000 inguruk postaz.

HAUTESKUNDEAK - BOZKALEKUA
Iazko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako mahai bat, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 20a
12:50
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte bihar, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.795.212 herritarrek dute botoa emateko eskubidea: 945.878 bizkaitarrek, 587.711 gipuzkoarrek eta 261.623 arabarrek, hain zuzen ere. Bihar, 09:00etatik 20:00etara izango dute herritarrek botoa emateko aukera. Dena den, bada jada bozkatu duenik ere: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren ia 58.000 herritarrek bozkatu dute postaz. Atzerrian bizi direnek ere eman dute botoa; zehazki, 8.219 lagunek. 83.000 inguru ziren atzerrian bozkatzeko eskubidea zutenak, eta horien %10ek bozkatu dute; 2020ko bozetan, atzerriko parte hartzea %3,5ekoa izan zen.

Gainera, azken lau urteotan 18 urte bete dituztenak 75.634 gazte dira, eta lehen aldiz izango dute bihar Eusko Legebiltzarrerako bozetan parte hartzeko eskubidea. Gehienak bizkaitarrak dira: 38.000 gazte inguru.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkorekak hauteskunde egunarekin lotutako beste hainbat zenbakiren berri eman du gaur: 729 hautesleku eta 2.695 mahai egongo dira, esaterako. 8.000 lagunek baino gehiagok osatuko dituzte hauteskunde mahaiak, eta 08:00etarako egon beharko dute hauteslekuetan —85 euroko ordaina jasoko dute, eta Gizarte Segurantzaren bermea—.

Gainera, administrazio publikoko 1.400 ordezkari inguru arituko dira hauteslekuetan laguntzen eta hauteskunde eguna kontrolatzen. Hauteskundeetara aurkeztu diren hamalau alderdi politiko, koalizio eta hautesle elkarteetako 1.750 behatzaile ere arituko dira lanean hauteslekuetan. 939 ertzain eta 288 udaltzain kalean izango dira, eta zibersegurtasunari ere erreparatuko diote.

Behin-behineko zenbaketa

Hauteskunde emaitzen nondik norakoak jakiteko, hau izango da Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak ezarri duen ordutegia: 14:00etan esango dute nolakoa izan den 13:00etara arteko parte hartzea, 19:00etan jakinaraziko dute nolakoa izan den 18:00etara arteko parte hartzea, eta 21:00etan emango dituzte lehen emaitzak. Aurreikusi dutenez, 22:30ean ezagutaraziko dituzte azken emaitzak, ia %100 zenbatuta. Hala ere, behin-behinekoak izango dira: hauteslekuetan eta postaz emandako botoenak emango dituzte. Atzerriko botoak apirilaren 26an zenbatuko dituzte, eta egun horretan emango dute behin betiko emaitzen berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.