AHT abiadura handiko tren «txikitzaileari» aurre egiteko 6.850 helegite aurkeztu dituztela jakinarazi du Sakana Trenaren Alde plataformak, Altsasu eta Iruñea arteko proiektuaren harira. «Betiko trena gaurkotu, hobetu eta zerbitzuen maiztasuna handitzea» nahi du talde horrek. Helegiteak «erabat gauzagarritzat» jotzen ditu plataformak; «errealitateari lotutako» trena nahi du.
Lakuntzan (Nafarroa) egindako agerraldi batean, Sakana Trenaren Alde plataformak zera esan du, norbanakoek aurkeztu dituzten alegazioez gain «zuzenean kaltetu dituzten» Sakanako hamalau udalek, Itzako hiru kontzejuk eta Aralarko Elkarteak ere helegiteak aurkeztu dituztela, bi ingeniaritza enpresaren laguntzarekin.
«Lan eskerga eta bikaina egin dugu zenbait eragile eta udalen artean, elkarlanean. Pairatzen ari garen krisi ekosozial larri honetan, AHTa proiektu zaharkitua da dagoeneko. Modernitatearen zutabetzat saltzen diguten tren azkar horrek ez du gaur egungo erronkei aurre egiteko balio», esan dute. Eta zenbait arrazoi eman dituzte baieztapen horri eusteko: «Ez ditu mugikortasun arazoak konpontzen, eta ez du lurraldea saretzen. Gainera, landa eremuaren despopulazioa bizkortzen du, eta hiri handiak handiagotzen ditu».
Ingumenari lotutako zioak ere aipatu dituzte: «Ingurumenari kalte izugarria eragiten dio: oreka ekologikoa kaltetu, ur iturburuak ihartu, pasabide naturalei beste hesi bat ezarri, lur mugimendu itzelak eragin eta hondakindegiak sortu». Erantsi dute gehien erabiltzen diren tren zerbitzuak «kinka larrian» daudela, hau da, aldirikoak, eskualdeetakoak eta ibilbide ertainekoak, eta, haien arabera, «aurrekontuen zatirik handienak AHTak» jasotzen dituelako gertatzen da hori.