Euskal Herria

Iazko txupinazoko istiluak Iruñeko udaltzainek eragin zituztela salatu dute

Asteartean hiru adingabe epaituko dituzte Nafarroako Auzitegian, desordena publikoa eragitea eta agintaritzari atentatua egitea egotzita. Gazteoz gain, beste hamahiru pertsona daude inputatuta.

joxerra senar
2011ko ekainaren 16a
16:12
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñeko iazko sanferminetako txupinazoan gazte talde batek ikurrin erraldoi bat Udaletxe plazan sartzea lortu zuen, eta zabaldu egin zuten. Handik gutxira, Iruñeko udaltzain talde batek, jendea borrekin joz, ikurrina zegoen tokiraino heltzea lortu zuen, eta gupidarik gabe kolpeka, ikurrina kendu zieten. Istilu horien ondorioz, norbaitek botila bat bota eta inguruan zegoen Madrilgo gazte bati erori zitzaion buru gainean, eta zauri larriak eragin zizkion. Gertaerok bideoz grabatuta daude, eta gaur goizean Iruñeko Albret hotelean emandako prentsaurrekoan erakutsi dituzte.

“Irudiok ikusi besterik ez dago. Udaltzainek eragin zuten istilua”. Istiluongatik inputatuta dauden hainbat gaztek prentsaurrekoan elkartasuna adierazi diote zauritutako gazte madrildarrari. “Tamalgarria da pertsona baten bizitza horrela moztea”. Jairako eta ospakizunerako gune den Udaletxe plaza “guda zelai” bihurtu nahi izatea aurpegiratu diete, era berean, UPNri eta Udaltzaingoari.

Horrez gain, UPNri galdetu diote non den ikurrina erakustea galarazten duen legea. Haien ustez, ikurrina erakustea ez da inongo arrazoia jendez gainezka den plaza batean Polizia oldarka sartzeko eta "hain arrisku handia" eragiteko. Esan dute ez dutela onartzen “de facto” ikurrina debekatua izatea, eta, horregatik, aurtengo txupinazoan gazteei eta sektore aurrerakoiei ikurrina erakustera dei egin diete. 

Asteartean Nafarroako Auzitegian hiru adingabe epaituko dituzte, desordena publikoa egitea eta agintaritzari atentatua egitea egotzita. Hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute. Beste hamahiru gazte inputatuta daude auzi berean, baina epaiketa egiteko egunik oraindik ez dute jarrri. Horietako bi iazko uztailaren 6an atxilotu zituzten, eta gertaera bera egozten diete: gazte bati udaltzainen operazioko buruak botila botatzea egotzi zion, eta egun berean, operazio horren udaltzainen txostenean, beste gazte bati egotzi zioten botila jaurtitzea. Gainontzeko pertsonak joan den otsailaren 2an atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.