Euskararen aurkako erasoak

Ibarra epaile ohiak dio «sufrimenduaren sozializazioaren oihartzunak» direla epai euskarafoboei eginiko kritikak

«Botere judizialaren deslegitimazio sozialerako ENAMek bultzaturiko beste kanpaina bizi batzuen» kutsua hartzen diela esan du Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidente ohiak, Buesa fundazioak antolaturiko jardunaldi batzuetan

Juan Luis Ibarra, EAEko Auzitegi Nagusiko buru ohia, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Nerea Intxausti Castiñeira
2023ko urriaren 26a
18:12
Entzun

Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohiak gogor egin du euskaldunen hizkuntza eskubideak murrizteko azken epaiak kritikatu dituztenen aurka, eta «ENAMek [Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua] epaileei zilegitasuna kentzeko eginiko kanpainekin» parekatu ditu.

Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko burua izan zen 2010. urtetik 2020an erretiroa hartu arte, eta Buesa fundazioak eginiko jardunaldi batzuetan mintzatu da.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Bingen Zupiria eleduna hartu ditu gogoan, besteak beste.

Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren hainbat artikulu bertan behera utzi ditu berriki EAEko Auzitegi Nagusiak, Vox alderdi ultraeskuindarrak salatu ostean. Horri erantzunez, Urkulluk adierazi zuen «sentsibilitate handia» falta dela horrelako gaiak judizialki lantzeko, eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu zuen. Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak esan zuen «kezkagarriak» direla euskararen ofizialtasuna «zalantzan» jartzen ari diren epaiak eta jarrera politikoak.

Kritika horiek «ENAMek [epaileei] zilegitasuna kentzeko eginiko kanpainen oihartzuna» dutela esan du Ibarrak, eta nabarmendu du «sufrimendua sozializatzeko estrategiaren barruan» egin zirela kanpaina haiek.

Era berean, Kontseiluak deituriko protestak deitoratu ditu. Uztailaren 13an hainbat herritako alkateek Auzitegi Nagusiak Bilbon duen egoitzan egindako protesta bilkura aipatu du. «Euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek», salatu zuten, aginte makilak eskuetan, Kontseiluak deituta. Orduan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka emaniko ebazpena deitoratu zuten.

Ibarrak esan duenez, «indarkeria politikoaren kulturak» epaileen aurka zabalduriko diskurtsoaren «oihartzuna» entzun zuen protesta hartan.

Euskararen aurkako «oldarraldi judizialaren» kontrako manifestazioa egingo da azaroaren 4an, Bilbon. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du protesta, eta atxikimendu ugari jasotzen ari da. ELA, LAB, ESK, CGT/LKN, Steilas, Hiru, EHNE, Etxalde, Lanartea, Olatu Koop eta EHko Pentsiodunak eragileena, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.