Aurten 50 urte beteko ditu Kilometroak jaiak: Gipuzkoako ikastolen aldeko festa urriaren 4an izango da, Lazkaon. Gaur aurkeztu dituzte abestia eta bideoklipa: ibilian-ibilian, buelta. Hala nabarmendu du ikastolako zuzendari Ion Martinezek: «Berezia da aurtengo Kilometroak jaia; izan ere, orain 50 urte sortu zen tokira itzuliko da aurten Gipuzkoako ikastolen jaia, eta kanta honekin jai erraldoi horretan parte hartzeko gonbita egiten dizuegu».
Jaiaren leloa aukeratu dute abestiaren izenburu moduan, eta Lazkaoren «mamia» jaso nahi izan dute hartan. Amaia Agirre bertsolariak egin ditu abestiaren hitzak, eta Xabier Zabalak doinua. Alaitz Telletxeak, Maider Zabalegik, Iñigo Etxezarretak, Ane Negueruelak eta Xabi Solanok abestu dute. «Aurtengo kanta hau ez da kanta soil bat: gure komunitatearen isla da, gure balioen isla. Eta aurrera begira, baita bidearen hasiera ere, gaurtik aurrera kanta honek lagundu egingo digulako egiteko dugun bidea urratzen», azaldu du Telletxeak.
Bideoklipaz, berriz, Mikel Balerdi eta Deñe Garcia-Bravo arduratu dira.