Ibilian-ibilian, Lazkaora itzuliko da Kilometroak jaia 50. urteurrenean

2026ko Gipuzkoako ikastolen festa aurkeztu dute; 'Ibilian-ibilian, buelta!' leloa hautatu dute.

Kilometroak jaiaren 50. ekitaldia aurkeztu dute gaur Lazkaon.  JON URBE / FOKU
Kilometroak jaiaren 50. ekitaldia aurkeztu dute gaur Lazkaon. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko azaroaren 28a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia, sorlekura itzuliko da 50. urteurrenean: Lazkaon izan zen lehen edizioa, eta hantxe izango da 50.ena ere, 2026ko urriaren 4an. Gaur egin dute aurkezpen ekitaldia. Laugarren aldiz antolatuko dute jaia: 1977an, 2023an eta 2021ean ere Lazkaoko ikastola izan zen antolatzaile.

«Orain mende erdi piztu zen txinpartari hauspoa ematea eta suari bizi-bizirik iraunaraztea». Horixe izango da festaren helburua, Lazkaoko ikastolako zuzendari Ion Martinezen esanetan. Dagoeneko «buru-belarri» dihardute lanean, urteurren «borobila» antolatzen. Lehen pausoak emanak dituzte. Esaterako, badute leloa: ibilian-ibilian, buelta!. Xeber Maiza koordinatzaileak eman du arrazoia: «Ibilian-ibilian lortu da jendea ikastolaren bidera batzea, ibilian-ibilian euskara sustatu eta euskara sasoiko mantentzea». 

Leloaren «muina» irudikatu nahi izan dute logoan ere, Maizaren arabera. «50 zenbakia ageri da, urte horietako itzulinguruak espiral batean islatuta. Hori da, irekita dagoen espirala da, ateak zabalik ditugulako». «Bilgunea» ere irudikatu nahi izan dute forma biribilaren bidez, «Lazkaoko ikastolak beti izan duelako argi herriak eta herriarentzat sortua dela».

Denena eta denentzat

Hain zuzen, herriko ikastetxe bakarra da Lazkaoko ikastola, Martinezen esanetan, «herriak herriarentzat» sortutakoa. Horregatik, zera dute xede: komunitatearen parte hartzea sendotzea eta atxikimendua areagotzea. «Erronkek ez gaituzte izutzen, aurrera egiteko gaitasuna erakutsi dugu, eta ziur nago bikain erantzungo dugula!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.