Gaur 10:30ean hasi dira Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, 13/13 auziko saioko lekuoak deklaratzen. Uztailaren 12an hasi zen epaiketa. Zazpi euskal herritar epaitzen ari dira Madrilen, euskal presoekin bitartekaritza lana egiteagatik ETAko kide izateaz akusatuta, eta orotara 77 urteko espetxe zigorra eskatua du fiskalak haientzat.
Defentsaren lekukoak hasi dira gaur deklaratzen: ETAko kide ohiek ukatu egin dute Zuluetari eta Enparantzari leporatzen zaiena. Saioaren amaieran, auzipetuek igandean Donostian eginen den manifestaziora joateko deia egin dute: 13:30ean hasiko da, Bulebarretik. "Gure herriaren aitortzan urratsak egiten jarraitzeko unea delako", adierazi dute Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean.
Zortzi ziren hasieran auzipetuak, baina horietako bat, Juan Mari Jauregi, ostiralean zendu zen. Uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalera joateaz salbuetsi zuten, hain justu, haren osasun egoeragatik. Epaiketaren hasieran, auzipetuek ez zuten akusazioekin akordiorik erdietsi, eta auziaren uztaileko saioetan akusatuek eurek eta haien atxiloketa eta miaketetan arituriko guardia zibilek hartu zuten hitza.
AUZIPETUAK
13/13 auziak 2010eko apirilaren 14an egindako polizia operazio bat du abiapuntu. Hamar lagun atxilotu zituzten orduan, eta zazpik joan beharko dute heldu den astean Madrilera: Arantza Zuluetak, Iker Sarriegik, Jon Enparantzak, Julen Zelarainek, Naia Zuriarrainek, Saioa Agirrek eta Nerea Redondok.
Euskal presoen abokatuak edota euskal presoen aldeko mugimenduan arituriko kideak dira auzipetuak, eta horixe da haiek epaitzeko arrazoia, hain justu. Izan ere, lan horren bidez Halbokako, Koordinazio Taldeko (KT) eta, finean, ETAko kide izatea leporatu nahi diete.
Auzipetuen abokatu lanetan, berriz, bertze bortz abokatu arituko dira: Alfontso Zenonek izanen du Zulueta eta Enparantza defenditzearen ardura, Aiert Larrartek Sarriegi eta Zelarainena, Jone Goirizelaiak Zuriarrainena, Jose Mari Elosuak Redondorena, eta Ibon Altunak Agirrerena.
Fiskal eta epaile lanetan ere izen ezagunak ariko dira: Jose Perals da fiskala, Altsasuko auzian aritu zena; eta epaimahaiburua, berriz, Angela Murillo magistratua, bertzeak bertze Bateragune auziko epaile izandakoa. Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren zigor salan iraganen dira auzi saioak, San Fernando de Henaresko epaitegian.
DATAK ETA SAIOAK
Akusatuek eta guardia zibilek deklaratu zuten uztailaren 12tik 28ra egin ziren auzi saioetan, eta oraingo honetan defentsaren lekukoek eta perituek hartuko dute hitza. Defentsaren testiguena izanen da lehendabiziko txanda: gaur, bihar eta etzi deklaratuko dute, eta espero da euskal presoekin eta euskal gatazkarekin loturiko hainbat euskal herritarrek deklaratzea.
Bi aste geroago egokituko zaie perituei hitz egitea, hilaren 21etik 23ra; eta, azkenik, hilaren 27an eta 28an nork bere ondorioak, argudioak eta zigor edota absoluzio eskaerak egin beharko ditu. Ia irailaren akaberara arte segituko du auziak Espainiako Auzitegi Nazionalean, beraz.
BABESGABETASUNA
Auzipetuen abokatuek uztaileko lehen auzi saioko aurretiazko gaietan nabarmendu zutenez, babesgabe ekin diete akusatuek auziari. Izan ere, defentsaren abokatuen hitzetan, zenbait eskubide urratu egin dizkiete epaitzen ari direnei: non bis in indem edo delitu beragatik bi aldiz epaituak ez izateko eskubidea da bat —batzuk epaituak eta zigortuak dituzte jada ETAko kide izateagatik—, bidezko epaiketa bat izateko eskubidea bertzea, eta errugabetasun presuntzioarena azkena.
Alfontso Zenon abokatuak lehen saioan azpimarratu zuenez, erraterako, Zuluetaren eta Enparantzaren aurkako akusazioak Guardia Zibilaren «gezur» batean oinarriturik daude. Izan ere, Poliziak David Pla etakide ohiarekin lotu zituen Enparantza eta Zulueta, ustez Pla Mimizanen (Landak, Frantzia) identifikatu zutelako ETAko kide batzuekin bilduta egon ondotik. Poliziek pentsatu zuten bilera hartan aipaturiko bi ezizen Zuluetari eta Enparantzari zegozkiela, baina egun hartan Pla kartzela batean zegoen, Mimizandik urrun; beraz, bilera hartan zegoena ez zen bera. Defentsaren arabera, Zuluetari eta Enparantzari egotzitako ezizenak ere ez ziren haienak.
Guardia zibil batek epaiketaren hirugarren saioan deklaratu zuenaren arabera, gainera, Poliziak «zantzu» gisa egin zituen ezizenen eta izenen arteko lotura horiek, «ikerketa abiatu» ahal izateko. Zantzuen ondoren iritsi ziren atxiloketak, galdeketak eta inkulpazioak, auzian akusazioari sostengua ematen diotenak.
CNI Espainiako zerbitzu sekretuek auzipetuei egindako entzuketak ere jarri zituzten jopuntuan abokatuek, «lege babesik gabe» egin baitziren; eta guardia zibil batek onartu egin zuen CNIk ikerketan parte hartu zuela. Epaileak sententzian ebatziko du gai horiei guziei buruz.
TORTURAK
Auzipetuetako batzuek jasandako tortura testigantzak izan dira orain arteko auzi saioetan nabarmendu diren bertze elementuetako bat. Saioa Agirrek eta Naia Zuriarrainek epailearen aitzinean salatu zituzten jasandako tratu txar eta eraso sexualak: indarrez biluztu, ukitu, iraindu eta jo zituztela, bertzeak bertze.
KONPONBIDERAKO GILTZA
Akusatuen arabera, abokatuek lan garrantzitsua egin zuten EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak espetxe legeria baliatzeari buruzko eztabaida ahalbidetzeko eta, funtsean, gatazkaren konponbide prozesuan pausoak eman ahal izateko. Halaxe erran zion Enparantzak epaileari: «Abokatuek jokatu genuen rola oso garrantzitsua izan zen». Lekukoen hitzak baliagarri izan daitezke tesi horien argipenean.