Igeldo toki entitate txiki izango da

Igeldo toki entitate txiki bihurtu ala ez erabakitzeko galdeketa egin dute asteburuan, eta %84,6k baietz bozkatu dute.

Igeldoarrak botoa ematen, atzo. BERRIA
Igeldoarrak botoa ematen, atzo. BERRIA
Irati Egibar Izeta - Irati Urdalleta Lete
2024ko apirilaren 15a
08:58
Entzun

Ez da herri bat izango, baina auzo batek baino eskumen gehiago izango ditu Igeldok aurrerantzean. Hain zuzen, Donostiako Udalak eta Igeldoko Herri Kontseiluak antolatuta, atzo egin zuten toki entitate txiki bihurtu ala ez erabakitzeko galdeketa, eta erraz irabazi zuen baiezkoak: %84,6k baietz bozkatu zuten.

«Ados al zaude Igeldoko Toki Entitate Txikia sortzearekin?». Galdera horri erantzuteko aukera izan dute Igeldon erroldatutako 16 urtetik gorako 984 igeldoarrek; 462k eman dute botoa. Erraz gailendu da baiezkoa: %84,6k baietz bozkatu dute; %14k, ezetz.

Eneko Dorronsoro Igeldoko Herri Kontseiluko lehendakariaren ustez, urteetan eginiko lanaren ordaina izan da atzoko emaitza: «Lanketa handia egin dugu azken urteetan. Guk ere nahiago genuen galdeketan jende gehiagok parte hartzea, baina, aldi berean, orain arte parte hartu ez duen jende asko gerturatu zen. Denetariko jendeak hartu du parte».

Babesa jasota, Gipuzkoako Foru Aldundiari txosten bat igorriko diote. Foru dekretu bidez hartuko du hark erabakia. Galdeketaren baiezko zabalak etorkizunean izango duen garrantzia goraipatu du Dorronsorok: «Alde batetik, entitate berria hutsetik sortu behar dugu, eta sortze prozesu horretan gehiengoaren indarrak beste pisu bat ematen dio. Bestetik, oraindik baditugu adostu gabeko hainbat eskumen, eta horiek lortzeko garaian ere indarra ematen digu jendearen baiezko zabalak».

Epe motzeko eta luzeko eskumenak

Eneko Goia Donostiako alkateak ere «balorazio baikorra» egin du Euskadi Irratian, eta etorkizunera begira jarri da: «Entitate txikia sortzeko prozesua prozesu bat da, hau da, ez dago erabat itxita. Badira eskumen batzuk, oso gertukoak direnak eta Igeldoko entitate txikiak bere gain hartuko dituenak. Beste eskumen batzuen kudeaketa adosteko, aldiz, lana daukagu egiteko, eta elkarrekin zehaztuz joan beharko dugu». Eskumen guztien inguruko adostasunak tentu handiz egin behar direla iritzi dio Dorronsorok, «Donostiari, Igeldori eta herritarrei kalterik ez egiteko».

Toki entitate txikia eratu eta berehala zenbait eskumen izango dituzte: bide publikoen kudeaketa, berdeguneak zaintzeko lanak, argiteria eta eraikin publikoak mantentzeko lanak, eta adinekoentzako jarduerak sustatzekoa, baita kultur jarduerak, jaiak, kirol jarduerak eta hezkuntza ez-arautua antolatzekoa ere. Halaber, euskara sustatzeko eskumena ere izango dute.

Bigarren faserako geratuko dira beste eskumen batzuk: hala nola hirigintza, etxebizitza, hondakinen bilketa eta hilerri zerbitzua. Auzo alkate bat eta lau zinegotzi ere izango dituzte, baita zenbait langile publiko ere, eta Donostiako Udalarekin dagoeneko adostu dute eskola zaharraren eraikina eraberrituko dutela, toki entitate txikiaren egoitza izan dadin.

Dorronsorok azaldu du epe motzeko eskumenak oraindik ez direla indarrean jarriko, hori ez baitago Herri Kontseiluaren esku: «Udaleko teknikariak harremanetan daude aldundiarekin, eta esan digutenaren arabera, gutxienez, bi, hiru edo lau hilabete pasatuko dira epe motzeko eskumenak martxan jartzeko».

Aldarrikapen historikoa

Herri izateko nahia aldarrikapen historikoa da Igeldon. Horren inguruko azken galdeketa 2013ko azaroaren 10ean egin zuten. Orduan, Bildu zegoen agintean Gipuzkoako Foru Aldundian eta Donostiako Udalean. Bi erakunde horien babesarekin egin zuten galdeketa, eta igeldoarren %61,38k baietz bozkatu zuten. Aldundiak Igeldo herri bihurtzeko dekretua egin zuen, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk helegitea jarri zioten dekretuari, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zien 2016an. Beraz, Igeldok Donostiako auzo izaten jarraitu behar izan zuen.

2020 inguruan, Donostiako Udala eta Igeldoko Herri Kontseilua biltzen hasi ziren, eta abian jarri zuten toki entitate txiki bihurtzeko prozesua. Horren ondorioa izan da galdeketa. Baiezkoak irabazita, Igeldo ez da udalerri izango, baina orain baino eskumen gehiago izango ditu.

Aldundia emandako pausoekin ados badago, talde kudeatzaile bat izendatuko dute hurrengo udal hauteskundeak egin bitarte entitate txikiaren prozesua martxan jartzeko. Igeldoko Herri Kontseilua prest dago talde kudeatzaile horren parte izateko eta egin behar diren lanak egiteko, «orain arte egin duen bezala»: «Orain arte, Igeldon jasotzen ez genituen zerbitzuak Herri Kontseilukook bideratzen genituen. Hemendik aurrera, talde kudeatzailearen eta kontseiluaren arteko elkarlan sakona beharko da».

Donostiako Udalak jada diru sail bat ezarria du aurrekontuetan Igeldoko toki entitate txikiarentzat: 250.000 eurokoa da aurten. Halere, Goiaren arabera, kopurua aldatuz joango da urterik urte: «Hurrengo urteetako aurreikuspenak ere egin beharko dira. Kopurua aldagarria izango da prozesua nola doan ikusten dugunean».

Nolanahi ere, Herri Kontseiluko kideak baikor begiratzen diote etorkizunari: «Herri Kontseiluak lan asko egin du igeldoarren beharrak ikusarazteko eta nolabaiteko erantzuna emateko. Hemendik aurrera, entitate txikiaren onurak, batez ere, epe luzera nabarituko ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.