Igorreko Kiñu eta Donostiako Guardetxea gaztetxeek salatu dute okupazioa kriminalizatzen ari direla

Urtarrilaren 27an Bizkaiko gaztetxe bat eta Gipuzkoako bertze bat epaituko dituzte, «okupazioaren eta defentsaren ondorioz». Bi eraikinetako kideek dinamika bateratu bat jarri dute martxan, «indarrak batzeko».

AZGAko kideak maiatzaren 1ean, Donostiako Guardetxean. AZGA
AZGAko kideak maiatzaren 1ean, Donostiako Guardetxean. AZGA
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 20a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrilaren 27an epaitegira joan beharko dute Donostiako Parte Zaharreko Guardetxeko eta Igorreko (Bizkaia) Kiñu gaztetxeko kideek. Hain justu, orduan eginen baitira bi horien kontrako epaiketak; bata Durangon (Bizkaia), eta bertzea Donostian. Bi gaztetxeek ohar bateratua egin dute, eta, bertan erran dutenez, ez da kasualitatea bi epaiketak egun berean izatea; aitzitik, «kasualitate hau gaztetxeen eta okupazioaren aurkako estrategiaren parte da». Hori ikusirik, Kiñuk eta Guardetxeak dinamika bateratu bat abiatu dute Desalojorik ez, erantzunik gabe! lelopean, okupazioaren kriminalizazioa salatzeko eta indarrak batzeko. 

Izan ere, ez dira bota dituzten lehenak: Zornotzako Matrailu, Bilboko Etxarri II, Sestaoko Txirbilenea, Mungiako Errota (Bizkaia), Burlatakoa (Nafarroa), Zestoakoa (Gipuzkoa)... adibide anitz jarri dituzte, eta azaldu dute jokabide horiek guztiak «gune autogestionatuen kontrako oldarraldiaren adibide bat» direla. Hortaz, salatu dute «egiturazko krisi kapitalista bat» dagoela, eta, horrek, nahitaez, indartu egiten dituela «bestelako bizi eredu bat» defendatzen duten guneen eta proiektuen kontrako mugimenduak. 

Epaiketara begira, mezu bat helarazi nahi diete gaztetxea desokupatzeko lanetan ari direnei: «Argi eta ozen diogu etxebizitzarekin, lurraren hustiapenarekin eta baliabide publikoekin espekulatzen duten horien jabetzak okupatu eta kolektibizatzea ez dela delitua, auzo eta herrietako langileon interes kolektiboaren aldeko erresistetzia ekintza baizik». 

Bi gaztetxeek dei egin dute urtarrilaren 27an Durangoko eta Donostiako epaitegien aitzinera joan eta desadostasuna adierazteko, eta gazteei erran diete orain dela garaia errepresioaren aurka elkartasuna antolatzeko eta defentsara batzeko. Bide horretan, zin egin dute gazte asanbladen eta gaztetxeen arteko harreman sareak indartzen jarraituko dutela, eta iragarri dute datozen hilabeteetan hainbat ekimen eta deialdi eginen dituztela horren karietara.

Bide luzea

Guardetxeak erabilera autogestionatua izan zuen hamarkada batez, harik eta 2019an Donostiako Udalak eraikina itxi egin zuen arte. Hutsik dago geroztik, eta gaztetxeak hainbat bilera eskaera eta okupazio sinboliko egin ditu, «udalarekin biltzeko eta esleipen baldintzak negoziazteko asmoz». Erantzunik jasotzen ez zutenez, maiatzaren lehenean, berreskuratu egin zuten eraikina, kideek kontatu dutenez. «Erresistentziaren bitartez gunea defendatu genuen, gaztetxearen proiektua martxan jarri ahal izateko. Geroztik, hamaika eragile eta kolektibok erabili dute, eta askotariko eskaintza politikoak eta kulturalak antolatu ditugu». Urtarrilean, baina, zortzi gazte epaituko dituzte, «gaztetxearen okupazioaren eta defentsaren ondorioz». 

Kiñu gaztetxeko kideek esplikatu dutenez, berriz, haiek bortz urte daramatzate Sabadell bankuaren eta «botere espekulatzaileen» mehatxupean. Izan ere, Igorreko gaztetxeak 2020tik darama prozesu judizialetan murgilduta: eraikinaren aitzineko jabearekin akordio bat egin zuten, baina Sabadell bankuak, eraikina bereganatu, eta bide judiziala zabaldu zuen. Gaztetxekoek irabazi zuten 2022ko epaiketa, baina bigarren epaiketa izanen dute urtarrilean. 

Gaztetxeko kideek aurreikusten dute kapitalaren interesak «lehenetsi» eginen dituela botere judizialak, eta, beraz, ez dituela gazteen interes kolektiboak defendatuko. «Horren erakusgarri dira bost urteotan asanbladaren jarduna baldintzatzeko erabili dituzten oztopo eta trikimailu judizialak: epaiketen atzerapena eta doako justizia emateko trabak, adibidez». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.