Ikama ikasle antolakundeak agerraldia egin du Donostian, martxoaren 17ko greba orokorrari babesa agertzeko eta egun horretarako deitutako mobilizazioekin bat egiten duela adierazteko. Goizean goiz, ikasle ugari elkartu da EHUko campuseko Carlos Santamaria zentroaren atarian Ikamaren deialdiari erantzunez. Ikasle antolakundeko kideek azpimarratu dute gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrari atxikimendua ematen diotela, eta lanuztearekin bat egitera deitu dituzte ikasleak.
Ikamaren iritziz, ikasleek euren aldarrikapenak «erdigunean» jartzeko baliatu behar dute greba orokorra: «Urteak daramatzagu hezkuntzaren garestitzearen aurrean ikasbaldintza duinen alde borrokan: ikasketa materialaren, garraioaren eta etxebizitzaren prezioei aurre egitea geroz eta zailagoa da ikasleontzat».
Aberastasunaren banaketa «bidezkoagoa»
Ikasle antolakundeko ordezkariek babestu egin dute sindikatuek gutxieneko soldataren alde egindako borroka, eta klase ikuspegia txertatzearen garrantzia azpimarratu. Ikamaren arabera, ikasleak langile klasearen parte dira, eta, horrenbestez, sindikatuek gidatutako borroketara batzea dagokie.
Bide horretan, aberastasunaren banaketa «bidezkoagoa» lortzeko tresnatzat jo dute 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko proposamena; halaber, «justizia sozialean» aurrera egiteko eta «gizarte berdinzaleago» bat eraikitzeko gakoa dela esan dute.
Horrekin batera, ikasle antolakundeak nabarmendu du Euskal Herria eraldaketarako eremu gisa ulertzen duela, eta euskal herritarrak, baita ikasleak ere, eraldaketa horren «subjektu aktibo» direla. Horiek horrela, Ikamaren aburuz, greba orokorra «burujabetza ariketa» ere bada, eta ikasleriak ezinbesteko rola izan beharko luke bertan.