Faxismoa gora egiten ari den honetan, berriro ere jopuntuan daude heteroarautik at kokatzen diren kolektiboak, eta «pedagogia feministak dira horiei aurre egiteko tresna». Hala adierazi dute LAB eta Steilas sindikatuek, baita hezkuntzan lan egiten duten zenbait eragilek ere (Ara! Gorputz, Artaziakoop, Denbora Espazioa, Eihera Koop Txikia, Emagin, Emaize, Gazte Feministak, Hiruki Larroxa, Ikama, Parean Elkartea, Sorginlore eta Sudergintza Koop). Ohar bateratu bat zabaldu dute LGTBIfobiaren Aurkako Egunaren harira, eta aho batez gaitzetsi dituzte hezkuntza komunitatean egon diren «eraso transfoboak eta jarrera erreakzionarioak». Beraz, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskaera argi bat egin diete: berrikus ditzatela abian dauden protokoloak eta eratu ditzatela identitate ez-normatiboen inguruan ardaztutako hezkidetza estrategiak.
Esan ohi da ikasgelak gizartearen isla direla, eta, kalean bezalaxe, eremu horretan ere ugaritzen ari dira «gorroto diskurtsoak eta jarrera trans-baztertzaileak». Komunikatuan azaldu dutenez, baina, ikasgelek eremu «aske eta seguruak» izan behar lukete, eta nabarmendu dute horretarako ezinbestekoa dela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak beharrezkoak diren bitartekoak jartzea. Bitarteko horietako batzuk lirateke, kasurako, pedagogia feministak eguneroko jardun hezitzailean txertatzea, guneak eta esku hartzeak berrikustea eta eraso baztertzaileak berariaz lantzeko baliabideak bermatuko dituen hezkidetza estrategia bat osatzea.
Eragileen arabera, ikasleak balizko erasoetatik babesteko ez ezik, pedagogia feministek bide emango lukete «normaltasun eta arau sozial oro iraultzeko» esparruak sortzeko, baita begirada kritiko batekin jardungo luketen ikaskomunitateak eratzeko ere. «Arautik urruntzen dena legitimatzetik harago, logika dikotomikoak hautsi eta botere egiturak arrakalatzera jo nahi dugu. Hala egin ezean, hegemoniak ezkutatzen dituen zapalkuntza estrukturalak betikotzen dituzten instituzioak izango dira ikastetxeak aurrerantzean ere», gehitu dute.
Aisialdirako zenbait gune eta udalekuak ere hezkuntza komunitatearen esparruan kokatzen dira. Hain justu, oharraren sinatzaileek «babes osoa» adierazi diete Bernedo udalekuetako begiraleei, eta haien aurkako «erasoak eta kriminalizazio kanpainak» salatu dituzte. Haien arabera, «diskurtso heteronormatiboaren ikuspegia zabaltzeko eta hortik at geratzen diren beste gorputz, identitate eta genero adierazpenak baztertzeko» baliatu da haurren babesa.
Egiturazko arazo bat
Ikasgeletatik kanpo, kalean eta eremu publikoetan ugaritu diren «eraso queerfoboak» gaitzetsi ditu Ehgam Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak. Eragile horrek ere komunikatu bat zabaldu du LGTBIfobiaren Aurkako Egunaren harira, eta nabarmendu du «egiturazko arazo baten» ondorio direla sexu eta genero disidenteek eta heteroarautik aldentzen den orok pairatzen dituzten erasoak.
Hala, Ehgam ere instituzioei mintzatu zaie: leporatu die «transfobia legitimatzea», eta eskatu die ahalik eta lasterren utz dezatela bertan behera Gurutzetako ospitaleko Genero Unitatea. Hezkuntzaren esparruko mugimenduek egin bezala, babesa adierazi die Bernedoko begiraleei, eta salatu du «transfobia zabaltzeko aitzakia» izan zela bai eskuin muturrarentzat, bai «feminista trans-baztertzaileentzat».
Edonola ere, Ehgamek ez du uste kolektiboaren aurkako erasoak Euskal Herrian soilik areagotzen ari direnik; kontrara, ohartarazi du «kapitalismoaren krisiak, eliteen indartzeak eta inperialismo berriak» zabaltzen dizkietela bideak gorroto diskurtsoei, eta Mendebaldeak queerren eskubideak «aitzakia gisa» erabiltzen dituela bai Iranen eta bai Palestinan, lurralde horien aurkako «eraso inperialista eta kolonialistak» justifikatzeko, baita «mezu arrazistak» babesteko ere.
Ildo beretik hitz egin du Bizkaiko E28 Koordinakundeak. Mugimendu Intertransmaribibolloak ere ohar bat zabaldu du, eta azpimarratu kolektiboak ez dituela indarkeriazko kasu jakin batzuk soilik jasaten, baizik eta sistema baten parte direla. Eta instituzioek sistema horrekin duten lotura kritikatu dute: «Indarkeria instituzionala da kartzeletan genero disidenteok pairatzen ditugun bazterketak eta erasoak; indarkeria instituzionala da lan prekaritatea; indarkeria instituzionala da etxebizitza batean sartzeko dugun ezintasuna; indarkeria instituzionala da borroka intertransmaribibolloa despolitizatzen saiatzea, berau monetizatu eta pribatizatzeko».
Horrez gain, E28 Koordinakundeak «mugimendu feminista trans-baztertzaileen» aurka ere egin du, eta ohartarazi faxismoaren inguruan ez dagoela balio duen «isiltasun konplizerik».
«Patologizazioa»
Osasun sistemak eta bereziki Osakidetzak transexualitatearen inguruan duen jarrera salatu dute transen aldeko Loratuz Lotu, Naizen eta Lumagorri HAT kolektiboek ere. Ohar bidez jakinarazi dutenez, Osakidetzak oraindik ere azterketa psikiatrikoak egitera behartzen ditu transak, 2024an Eusko Jaurlaritzak urrats hori behin betiko kentzea onartu zuen arren. Are, eragileen arabera, Euskadiko Pertsona Transentzako Arreta Integralaren Osasun Gidak eta Eusko Legebiltzarrak onartutako 9/2019 Legeak ere identitate transen despatologizazioa bete beharreko helburutzat jotzen dute.
Hala, hiru kolektiboek Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari exijitu diete indarrean dagoen legea behar bezala aplika dezatela, eta pertsona transen despatologizazioa lehenets dezatela. «Maiatzaren 17 honetan instituzioak banderaz eta adierazpen instituzionalez beteko diren bitartean, kolektibook gure eskubideekin eta duintasunarekin benetako konpromisoa eskatzen dugu», gaineratu dute.