Ikasle desgaituak egoki artatzeko aholkua beteko du EHUk

Unibertsitateak EAEko Arartekoari erantzun dio aukera berdintasuna eremu guztietara zabalduko duela

2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
BILBO. Gomendioa egina zion EAEko Arartekoak EHU Euskal Herriko Unibertsitateari: unibertsitate irakaskuntza guztietara zabaldu behar du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei aukera berdintasuna bermatzeko arautegiaren aplikazio eremua. Eta EHUk Arartekoari erantzun dio«zabalduko» duela, eta, onbidean, aldaketa 2023-2024ko ikasturtean jarriko dela indarrean. Arartekoak jakinarazi du hori, ohar bidez.

Gomendio horren sorburua Noelia Dacostaren kexu bat izan zen; EHUko ikaslea da, %82ko desgaitasuna du, garun paralisia duelako, eta hilabete ugari daramatza salatzen bere oinarrizko premiak asetzen laguntzen dion laguntzailerik gabe egin behar izan duela EHUren master bat. Gradu ikasketak-eta egiteko izan zuen laguntza, baina, ikasturte honetan, EHUren berezko titulu bat ikasten ari da, eta amaren laguntzarekin egin behar izan du: izan ere, laguntza ukatu egin zioten unibertsitatean, argudiatuta titulua ez dela ofiziala.

Gizarte Zerbitzuen Kudeaketa eta Berrikuntza graduondokoa egiteko orduan izan ditu arazoak Dacostak, eta, Arartekoaren arabera, aintzat hartu beharrekoa da haren kexua. «Behar bereziak dituzten ikasleek diskriminaziorik gabeko eta aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea dute». Horregatik, «eskertu» egin du orain unibertsitateak araudia «ahalik eta azkarren» aldatzea erabaki izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.