Ikasleak sexuka bereizten dituzten eskola erlijiosoei ituna kentzea babestu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Epaileek ontzat jo dute Miravalles-El Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeei finantzaketa publikoa kentzeko prozesua. Hala ere, Opus Deiren bi zentroek onartua zuten jada misto bihurtzea.

Iñigo Uriz / FOKU. MIRAVALLES-EL REDIN IKASTETXEAREN ATARIA, IRUñEAN.
Redin-Miravalles ikastetxea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 12a
10:45
Entzun

Ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeek ezin dute diru publikorik jaso. Legean zurian beltz jasoa dago hori, bai Nafarroako 17/2012 Foru Legean, bai Espainiako LOMLOE Hezkuntza legean. Iruñerriko Irabia-Izaga eta Miravalles-Redin ikastetxeek bazekiten hori ituna berritzeko prozesua abiatu zutenean, eta hala ere, beren eredu segregatzaileari eutsi nahi izan zioten, finantzaketa publikoarekin. Hori dela eta, Opus Deiren bi eskola horien Batxilergoko ituna etetea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak, 2022ko otsailean. Ikastetxeek eta eskuineko alderdiek «erasotzat» jo zuten erabakia. Orain, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak babestu egin du finantzaketa publikoa kentzeko prozedura, eta ebatzi du gobernuak «legearen arabera» jardun duela une oro.

Miravalles-Redin ikastetxeak jarritako helegiteari ezezkoa eman dio auzitegiak, argudiatuz ituna eteteko prozedura «era egokian» aplikatu duela Nafarroako Gobernuak, eta zentroa bera izan zela finantzaketa publikoa jasotzeko baldintzak bete ez zituena. Aurreratu du, gainera, datozen egunetan «era berean» ebatziko duela Irabia-Izaga eskolak aurkeztutako beste helegitearen aurka.

Segregazioaren aurkako auzibidean Nafarroako Gobernuari emaniko berme juridiko esplizituaz harago, baina, eragin txikia izanen du sententzia honek. Izan ere, iragan abenduan jada misto bihurtzea erabaki zuten bi eskola erlijioso horiek, finantzaketa publikoa jasotzen segitu ahal izateko. Orduan ere adierazi zuten «legeak behartuta» hartu zutela erabakia. Bi eskolek ohar bidez jakinarazi zuten aldaketa, eta bertan, onartu zuten «penaz» egin dutela. Haien arabera, LOMLOEk «hezkuntza banatuari» eginiko «eraso bortitza» da erabakiaren jatorria, «finantzaketa debekatzen» dielako eredu horren alde egiten duten familiei.

Hain zuzen, argudio hori ukatu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, gaur argitaratutako epaian: «Ez da urratu helegitea aurkeztu duen eskolaren defentsarako eskubidea, prozesu osoan nahi beste alegazio aurkeztu ahal izan zituelako». Epaileek gogorarazi dute eskolak ituna berritzeko eskaera egin zuenerako, LOMLOE legea indarrean zela eta, hortaz, bazekiela zeintzuk ziren finantzaketa publikoa jasotzeko baldintzak: «Ez da irizpidea aldatu ituna indarrean zen bitartean, egungo araudia aplikatu zaio eskatu den itun berriari».

Auzitegiak gaineratu du gobernuaren erabakiak ez duela ikasleen segregazioa debekatzen, baina halakorik nahi duten familiek eta ikastetxeek beren poltsikotik ordaindu beharko dutela: «Eredu horri eustea baimenduta dago, horretan jarraitu nahi dutenentzat, baina ez du finantzaketa publikorik izanen». Bestalde, ukatu egin du Opus Deiren eskolak emaniko beste argudio bat; eredu segregatzaile batetik misto batera pasatzeak ikasleei «kalte» eginen diela dioena, hain zuzen: «Helegitea jarri duenak ez du inondik ere halakorik frogatu. Hortaz, ezin daiteke esan adingabeen eskubideak edo interes konstituzionalak urratzen direla, konstituzioaren araberakotzat jotako lege baten aplikazioagatik».

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek 1965az geroztik dauzkate ikasleak banatuta. Mutilek Irabiako eta El Redingo eraikinetan ikasten dute, Iruñeko Txantrea auzoan; eta neskek, haiengandik zazpi kilometrora, Miravallesen eta Izagan. Ikastetxe horiek Zizurren (Nafarroa) eta Cordovillan (Nafarroan) daude, hurrenez hurren. Bi eskolen artean 4.000 ikasle inguru dituzte, eta mutilek eta neskek leku ezberdinetan ikasten dute. Zazpi kilometro daude batzuen eta besteen eraikinen artean.


 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.