Iazko irailetik aurtengo urtarrilera, 466 lan istripu izan dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema publikoko langileek. Kopuru horren barruan sartzen dira ikasleek irakasleei egindako erasoak: 165. Egunean bat baino gehiago. Irakasle gehienak 31 eta 50 urte artekoak dira. ELA sindikatuak eman ditu datuak. Irakasleen kontrako beste zortzi eraso ere izan dira epe horretan, baina ez dute zehaztu nork egin zituen.
EAEko hezkuntza publikoko laneko segurtasun eta osasun batzordeen bilerak egin dituzte, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Prebentzio Zerbitzuak bost hilabeteko datuak eman dizkie sindikatuei. ELArentzat, datuak «kezkagarriak» dira, eta prebentzio neurriak hartzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari: lan kargak, ratioak eta baliabideak hobetzea; ikastetxeetan behar beste psikologo eta gizarte langile jartzea; burokrazia arintzea; langileak egonkortzea; eta lana hobeto antolatzea eta egonkortzea.
Sindikatuak salatu du, ordea, Hezkuntza Sailak oraingoz ez duela asmorik Prebentzio Zerbitzua indartzeko. Zerbitzu horrek hamabost teknikari ditu gaur egun. «Hamabost bakarrik, eta leku horietatik 11 soilik daude beteta», zehaztu du ELAk.
Diagnostikoa eta prebentzioa
Datu gehiago eman ditu sindikatuak. Esaterako, lan istripuren bat izan duten hiru langiletik batek bakarrik (%34) eskatu duela gaixo agiria. Joera hori ikusita, ELAk uste du lan istripuak gehiago izango direla, «langile asko ez baitira mutualitatera joaten eta ez baitute gaixo agiria eskatzen». Iazko irailetik aurtengo urtarrilera, gatazkak izan dira zazpi ikastetxetan, eta hamasei langilek eskatu dute laguntza psikologikoa.Â
Diagnostiko egoki bat eta prebentzio neurriak eskatu dizkio Hezkuntza Sailari. Protokoloak, bitartekaritzak eta prestakuntza saioak beharrezkotzat jo ditu, «baina ezinbestekoa da arazoaren jatorria aztertzea». Ohartarazpen bat ere egin dio: «Ezinezkoa da ikasleen ongizatea bermatzea langileak zaindu gabe».