Hezkuntza

Ikasleen banaketa orekatua izango du xede astelehenean hasiko den aurrematrikulazioak

Ikasle zaurgarrientzako leku kopuru bat jaso beharko dute ikastetxe guztiek, eta, batez ere, sozioekonomikoki ahulak diren ikasleak hartuko dituzte zaurgarritzat. Hezkuntza Sailak ordainduko ditu itunpeko batera bideratzen dituen ikasle zaurgarrien gastuak.

Pedrosa, Bildarratz eta Ubieta prentsaurrekoa ematen, gaur goizean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko otsailaren 10a
16:46
Entzun

Hezkuntza sistema orekatuago bat lortzea; horixe izango du helburu nagusi Eusko Jaurlaritzak astelehenean abiatuko duen aurrematrikulazio kanpainak. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, xede hori erdiesteko bidean, ikasleen onarpen prozesuak «nobedade batzuk» izango ditu. Eta diru publikoa jasotzen duten eskola denak izango dituzte bidelagun: «Ikastetxe guztien parte hartzearekin matrikulazio orekatuago bat lortuko dugu». Gaur xehatu dituzte berrikuntza guztiak Bildarratzek berak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Eduardo Ubieta ISEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko zuzendariak, Bilbon egin duten prentsaurrekoan.

Aldaketen nondik norakoen berri Pedrosak eman du. Berritasun nagusietako bat lekuen erreserba sistema izango da. Hau da, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek —publikoek nahiz itunpekoek— Hezkuntza Sailak zehaztuko dien leku kopuru bat gorde beharko dute ikasle zaurgarrientzat. Eta nola erabakiko dute kopurua? Eskaerak aurkezteko garaian, gehienbat euren egoera sozioekonomikoari buruzko galderak izango dituen inkesta bat bete beharko dute familia guztiek, eta hortik aterako duten informazioarekin erabakiko dute zein ikasle hartuko duten zaurgarritzat. Behin hori jakinda, eremuko zaurgarritasun indizea zenbatekoa den kalkulatuko dute, eta ikastetxe guztiek indize horretara gerturatu beharko dute. Alegia: lehendik ikasle zaurgarri asko dituztenek leku gutxiago gorde beharko dituzte zaurgarrientzat; egun gutxi dituztenek, berriz, gehiago. Adibide bat eman du Bildarratzek: «Tolosako eremuan %15eko zaurgarritasun indizea badaukagu, Tolosako hiru zentroek epe jakin batean %15 horretara joan beharko dute».

Beraz, aldaketa ez da bat-batekoa izango: sailburuaren esanetan, 2 urteko umeen matrikularekin hasiko dira, «zuhurtziaz» jokatu nahi baitute: «Ez dugu nahi izugarrizko aldaketarik momentu batetik bestera, baizik eta pixkanaka-pixkanaka kudeatzen den zerbait izan behar da, arazoak egon ez daitezen». Beraz, gaur egun jada ikastetxeetan dauden ikasleak ez dituzte lekuz aldatuko. Ildo bertsutik jo du Pedrosak, eta nabarmendu du progresiboki egin behar dela aldaketa: «Apurka-apurka nahi duguna da gure ikastetxeak ahalik eta heterogeneoenak izatea». Horretarako, herritarrekin «pedagogia ariketa bat» egin beharko dela onartu du.

Eta zer gertatuko da itunpeko ikastetxe batera joan behar duten ikasle zaurgarriekin? Kazetarien galderei erantzunez, Bildarratzek ziurtatu du Hezkuntza Sailaren eskutik itunpeko zentro batera doazen ume zaurgarrien gastuak sailak berak ordainduko dituela. Gainerakoentzat ere doako izateko bidea jorratzen ari direla ere nabarmendu du: «Itunen eta kuoten gaia prozesu bat izango da».

Lekuen erreserban ez ezik, eskaintzan ere esku hartu asmo du Hezkuntza Sailak. Gehiegizko eskaintza edo gutxiegizkoa saihestea izango da onarpen prozesuan ikastetxe bakoitzean eskainiko den leku kopurua erabakitzeko irizpide nagusia. Zonifikazioan ere egin dituzte aldaketak, eta eragin eremu zabalagoan ezarri dituzte, ohar bidez azaldu dutenez, «aniztasunaren banaketa orekatuagoa errazteko». Eragin eremu bakoitzean gutxienez ikastetxe publiko bat dago.

Gainera, gertuko eskolatzea sustatu nahi dute. Horretarako, zazpi puntu emango dituzte —orain arte sei ematen zituzten— familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxean —publikoan nahiz itunpekoan— matrikulatzeko, beti ere bizitokia ikastetxearen eragin eremuan badago. Eremuko beste edozein ikastetxetarako, berriz, bost puntu emango dituzte. Familiei gogorarazi diete nahi bezainbeste eskola aukeratu ahal izango dituztela —beren eragin eremukoak edo ez— matrikulazioa egiteko zerrendan, eta ahalik eta ikastetxe gehien aukeratzeko eskatu diete. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek, orotara, 697 ikastetxe —%65 publikoak eta %35 itunpekoak— izango dituzte aukeran.

Matrikularako epeak

Aldaketez harago, matrikulaziorako epeak ere jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak. Hilaren 13tik 24ra izango dute familiek eskabideak eta agiriak aurkezteko aukera, online nahiz ikastetxean bertan; martxoaren 14an, behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte; apirilaren 4ra arte izango dute familiek erreklamazioak egiteko aukera; apirilaren 20an egingo dituzte publiko behin betiko zerrendak; eta errekurtsoak aurkezteko epea maiatzaren 22an amaituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.