Eusko Jaurlaritzak otsailaren 23an iragarri zuen, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean, jendaurrean jarri zituela Ikatz Gane proiektu eolikoaren aurretiazko administrazio baimenaren eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren eskariak. Bada, epe horretan ez dute kontsultarik egin Aranoko Udalarekin (Nafarroa) eta Nafarroako Gobernuarekin. Prozedura arautzen duen araudiaren hutsegite bat da hori, proiektuak eragindako administrazio guztiekin egin behar baitute kontsulta, eta, horregatik, bi administrazio horiei beste 30 egun eman dizkiete beharrezko txostenak eta alegazioak aurkezteko.
Izatez, datorren astelehena izango da azken eguna, maiatzaren 4a, baina bi administrazio horiek ekainaren hasierara arte izango dute horretarako denbora, BERRIAk jakin duenez. Bestalde, Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuko teknikariak txosten mardul bat prestatzen ari dira, haize errotek animalia espezie hegalariei nola eragingo dieten adierazteko. Eta ostera txosten hori kontuan hartu beharko dute ingurumen inpaktuaren ebaluazioa eta adierazpena egiterakoan.
Horrez gain, alegazioak aurkezteko herri kanpainak egiten ari dira hainbat udalerritan, eta herritar batek ere alegazio tekniko luze bat ondu du, proiektuaren hainbat hutsune adierazita.
Ikatz Gane proiektua
Urumea ibaiaren haraneko Ikatz Gane zentral eolikoak bost haize errota izango ditu; bakoitzak 4,99 megawatteko potentzia izango du. Proiektuak, beraz, 25 megawatt izango ditu. Haize errota guztiak Hernaniko (Gipuzkoa) udalerriko lurretan egongo dira, baina Arano udalerriaren lurren ondo-ondoan. 40 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da.
Hala ere, ez da ingurune horretan enpresa batek egin nahi duen zentral eoliko bakarra. Izan ere, Repsol energia enpresak hamalau haize errotaz osatutako parke eoliko bat egin nahi du toki berean. Proiektuak ia ehun megawatteko potentzia izango luke, Ikatz Ganeren potentzia lau bider.