Abuztuaren 5ean bilduko da bigarren aldiz ikerketa batzordea, eta, Nafarroako Parlamentuko talde guztiek aurkeztutako plangintzari erreparatuta, galtza bete lan izango dute. Izan ere, talde bakoitzak hurrengo hilabeteetarako dokumentazio eskaerak aurkeztu ditu, bai eta batzordean agertu beharko duten pertsonen izen-abizenak ere.
Tartean daude Cerdan auziko ikertu nagusiak: Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia, Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohia, Antxon Alonso Servinabarreko burua, Koldo Garcia bizkartzain ohia eta Agustin Moreno Accionako Nafarroako buruzagi ohia. Horiez gain, batzordera jo beharko dute azken lau legealdietako Nafarroako Gobernuetako goi kargudunek —bereziki Lurralde Kohesioko kontseilariak— eta haien laguntzaileek; Acciona eta Geoalcali enpresetako arduradunek; Belateko tunelaren adjudikazioko epaimahaiko kide guztiek; ikertutako enpresei adjudikatutako herri lanen arduradunek; guardia zibilek.
Berez, azaroaren 30erako epemuga du ikerketa batzordeak, baina ez dago denbora nahikorik taldeek aurkeztutako erauntsiari erantzuteko. Izan ere, aztertzeko dokumentazio eskerga eskatu dute, eta batik bat parlamentutik pasatuko diren pertsonen zerrenda oso luzea da. Ezinbestean, batzordearen epea sei hilabetez luzatu beharko du, eta pentsatzekoa da legealdiaren bigarren erdialdea hartuko duela hein handi batean.
Dokumentazio eskaera
Azken lau legealdietan Nafarroako Gobernuak egindako eta finantzatutako herri lanak ikertuko ditu batzordeak. Taldeek gobernuari eskatu diote adjudikatutako lan guztien espedienteak aurkezteko. Dokumentazioari erreparatuta, Accionak eta Servinabarrek kontratu publiko hauek lortu dituzte: Nafarroa Arena kiroldegian bulegoak egokitzeko eremua, Nafarroako Artxibategi Nagusiaren zaharberritzea, Erripagañan babes ofizialeko 93 etxe eraikitzea eta Eguesibarren 65, Arbizuko ikastetxearen eraikuntza eta Belateko tunelak zabaltzeko obra. Enpresa horiez gain, haiekin erlazionatutako beste enpresei egindako adjudikazioez galdetu dute taldeek —hala nola, Noran, Uribene eta Alegure—.
Hain justu ere, Belateko tunelak dira taldeen arretagune nagusietako bat, batik bat UPN eta PPrentzat. 76 milioi euroren truke esleitu zitzaion Accionak, Servinabarrek eta Oses Construccionesek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari, 2023 amaieran. Lanak hasi direnetik hemezortzi milioi euroko gainkostua izan du jada, eta UPNk enpresa horiei adjudikatutako kontratu guztien hasierako prezioaz eta azken kostuaz galdetu dio gobernuari. Obra horrekin erlazionatutako espediente eta dokumentazio guztia eskatu dute, bai eta epaimahai horretako buruzagiak beste zenbat adjudikaziotan parte hartu duen galdetu ere. EH Bilduk ere adjudikazio guztietan parte hartutako epaimahaietako kideen zerrenda eskatu du, besteak beste.
Enpresen eta haien arduradunen inguruko informazio ugari eskatu dute taldeek. Nagusiak Acciona eta Servinabar dira, baina haiekin erlazionatutako enpresa txikiagoen inguruko datuak ere eskatu dituzte: Nafarroako Gobernuan; Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunetan; Merkataritza Erregistroan; Gizarte Segurantzan...
Beste arretagune bat Muga meatokia da. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, Santos Cerdanen, Servinabarren eta Accionaren arteko erlazioa proiektu hori gauzatzeko prozesuaren bidez hasi zen. Proiektu horren bultzatzaile Geoalcali enpresaren inguruko datu ekonomikoak eta fiskalak eskatu dituzte. Meatokia Nafarroa eta Aragoiren arteko mugan eraiki nahi da, eta horren inguruko espedienteak eskatu dizkiete Nafarroako, Espainiako eta Aragoiko gobernuei.
UPNk Nafarroako Gobernuko goi kargudunen eta PSNko kideen inguruko xehetasun ugari eskatu ditu. Maria Txibite lehendakariak eta haren kabineteko arduradunek, Oscar Txibite kontseilariak, Ramon Alzorriz PSNko eledun ohiak eta bestelako goi kargudunek bidalitako mezu eta komunikazioak eskatu dituzte, bai eta ikertutako enpresetako arduradunekin izandako bileren ingurukoak ere. Ramon Alzorrizen, Pedro Lopez Obra Publikoen zuzendariaren eta Jesus Polo Belateko tuneletako epaimahai buruaren datu fiskalak eskatu dituzte.
PSNk, berriz, enpresa horiei Barcinaren agintaldian adjudikatutako obren inguruko xehetasunak eskatu ditu. Tartean, Nafarroako Ubidearen lehen fasea zabaltzeko obra.
Auzitegi Gorenean ikertuek egindako deklarazioak ere eskatu dituzte, bai eta Guardia Zibilaren txostenak ere.
Agerraldiak
- Auzi judizialean ikertuak. Santos Cerdan, Jose Luis Abalos, Koldo Garcia, Antxon Alonso eta Victor Aldama.
- Nafarroako Gobernuko kideak. Maria Txibite, Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilaria, Pedro Lopez Obra Publikoetako zuzendaria, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.
- Gobernuko kide ohiak. Uxue Barkos (2015-2019), Javier Esparza (2011-2015), Lourdes Goikoetxea (2011-2015); Maria Jose Beaumont (2015-2019); Manu Aierdi (2015-2020); Bernardo Ziriza (2019-2023).
- Beste goi kargudun batzuk. Ruben Goñi Nafarroa Arena kudeatzen duen enpresako zuzendari izandakoa, Jose Mari Aierdi egun presidenteorde baina Nasuvinsako zuzendari ohia, Francisco Iribarren Canal de Navarra sozietate publikoko presidente izandakoa.
- Belateko tuneletako epaimahaia. Jesus Polo zuzendaria; Lorenzo Serena idazkaria (eta gainerako kideak).
- Enpresetako ordezkariak. Jose Luis Entrecanales Accionako kontseilari ordezkaria, Justo Vicente Accionako zuzendari ohia, Geoalcaliko arduradun izandakoak —Pedro Rodriguez, Ignacio Salazar Jorge Chocarro—, Vicente Fernandez Servinabarreko zuzendaria —langile guztiei ere deitu zaie—...