biktimak

Ikertu gabeko heriotza

Larunbat honetan 40 urte beteko dira Jose Bernardo Bidaola Txirrita ETA pm-ko kidearen gorpua Sarako baso batean azaldu zela. Hilabete bat lehenago tiroketa bat izan zuen Lizarietako gainean Guardia Zibilarekin, eta zauritu egin zuten. Desagertuta egon zen harrezkero. Kasuari buruzko liburuxka bat aurkeztuko dute gaur, Tolosan. BERRIAk erreportaje bat aterako du bihar; aurrerapena da hau (bideoa, albiste barruan).

jarraia123194.jpg
enekoitz esnaola
2016ko maiatzaren 25a
00:06
Entzun

Duela 40 urte Sara (Lapurdi) eta Etxalar (Nafarroa) artean hilda agertu zen Jose Bernardo Bidaola Txirrita ETA politiko-militarreko kidea. 1976ko apirilaren 25ean, Guardia Zibilarekin tiroketa bat izan zuten mugan, Lizarietako gainean, eta maiatzaren 28an azaldu zen haren gorpua Sara alderako basoan, erreka batean. Aurreko asteetan haren kideek, sendiak eta lagunek inguruan bilatze lan ugari egin arren, ez zuten ikusi Txirrita. Bat-batean agertu zen gero hilotza.

[youtube]https://youtu.be/kBQXPdJQcmg[/youtube]

Familiak sekula ez zuen jaso autopsiaren emaitzarik, ezta polizia txostenik eta bertsio ofizialik ere. Administrazioak ez da ikertu kasua; edo ez da jakin behintzat ikertu duenik. ETA politiko-militarrak salatu zuen estatu terrorismoaren ondorioz hil zela Txirrita. Haren sendiaren eta kideen hipotesia da Guardia Zibilaren torturen ondorioz zendu zela, eta ondoren utzi zutela gorpua basoan.

Duela hilabete batzuk, Txirrita zenaren etxekoek eta lagunek kasua aztertzeari ekin zioten, eta liburuxka bat osatu dute. Ander Lizarraldek egin du, senideen, kideen eta Iñaki Egaña historialariaren laguntzarekin. Gaur arratsaldean aurkeztuko dute, Tolosan (Gipuzkoa), 18:00etan, Kultur Etxean.

BERRIA Lizarietan izan da familiarekin, ingurukoekin eta 1976ko tiroketaren unean haren komandokide zirenekin. Ostegun honetan erreportaje bat argitaratuko du BERRIAk. Aurrerapen bat da hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.