Ikertuak kargua uztera behartzen dituen legea aldatu nahi dute berriro

Aierdiren dimisioaren ostean, eztabaida piztu da legearen egokitasunaz Nafarroako Parlamentuan. Barkosek «berehala erreformatzea» nahi du

Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hiru urte ere ez du iraun. Aurreko legealdian, Nafarroako Gobernuak bultzatuta, gobernuaren jarduna arautzen duen 14/2004 legea aldatu egin zuen Parlamentuak, aho batez. Aldaketa hark goi kargudunen etika eta gardentasun printzipioak zehazten zituen. Besteak beste, 68. artikuluak ezarri zuen kargudun publiko batek «karguan segitzea bateraezina» dela herritarrek emandako konfiantzarekin, baldin «ikertuaren egoera prozesalean edo egoera parekidean» badago Zigor Kodean ustelkeriari lotutako delituen auzibide batean. Aldaketa horretan oinarrituta, Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak dimisioa eman zuen ostiralean, nahiz juridikoki ulertu bere aurka ireki den auzibidean ez dagoela oraindik ikertuaren egoera prozesalean. Argudiatu zuen urrats hori presio politiko eta mediatikoaren ondorioz aurreratu zuela.

Uxue Barkos zen aldaketa hura bultzatu zuen gobernuko lehendakaria, baina orain bestela ikusten du egoera. Ostiralean, artikulu hartaz baliatzea eta justizia politika egiteko erabiltzea leporatu zien Geroa Baik UPNri eta Navarra Sumari. Barkosek atzo esan zuen lege horrek «berehalako erreforma» eskatzen duela. Irizpide aldaketaren azalpena eman zuen Barkosek: «Artikulua berridatzi behar da, haren helburuak bat egin dezan bermeekin, eta halakorik berriro gerta ez dadin».

Gorenak auzia irekitzea erabaki zuenetik, Javier Esparzak presio egin du, eta Txibiteren gobernuari Aierdi kargutik kentzeko exijitu. Aldaketa bati buruz galdetuta, zehaztu zuen proposatzen denean euren jarrera argituko duela. Esparzaren arabera, argi geratu da Aierdik dimisioa eman duela «Barkosek hala erabaki duenean», eta Txibitek ez duela lidergo gaitasunik. Navarra Sumako eledunaren arabera, iraganean UPNk «sorgin ehiza» jasan zuen, eta jazarpen politikoa «orain gobernatzen dutenek» bultzatu zuten: «UPNko goi kargudun jakin batzuk plaza publikoan erreak dituzte».

PSNko Ramon Alzorrizek egokitzat jo du 68. artikulua aldatzea. «Okerra da hainbeste interpretazio eragin ditzakeen artikulu bat egotea». Erredakzio argiagoa behar lukeela deritzo. EH Bilduko Bakartxo Ruizek gogorarazi du koalizioak «konbentzimendu osoz» bultzatu zuela aldaketa, eta konbentzimendu berarekin segitzen duela. «Agian, edukiak anbiguotasuna du, eta zehatzago izan behar luke». Auzibide orok eskatzen dituen berme prozesalekin bateratu behar litzateke, bere ustez, gaiotan kargudun publikoak eredugarri izateko betebeharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.