Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokia EHUko katedra bihurtu dute

EHUk eta Eusko Jaurlaritzak Migrazioen eta Bizikidetzaren Ikuspegi Katedra eratzeko akta sinatu dute. Proiektuak Ikuspegiren 23 urteko ibilbidea «sendotuko» du.

Joxerramon Bengoetxea eta Nerea Melgosa katedra eratzeko akta sinatzeko ekitaldian, gaur goizean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Joxerramon Bengoetxea eta Nerea Melgosa katedra eratzeko akta sinatzeko ekitaldian, gaur goizean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2026ko uztailaren 17a
17:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak Migrazioen eta Bizikidetzaren Ikuspegi Katedra aurkeztu dute, gaur, Bizkaia aretoan. Hain zuzen ere, orain arte Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokia zena EHUren katedra izango da aurrerantzean. Proiektu honek «jarraipena eta sendotasuna» emango dizkio orain dela 23 urte Ikuspegik, immigrazioaren behatokiak, hasitako ibilbideari.

Orain arte, Ikuspegik migrazioaren eta aniztasunaren inguruko ikerketa andana egin ditu. Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorearen arabera, «Ikuspegiren sorrera lorpen handi bat izan zen, ezinbesteko lana egin baitu urte hauetan gure herrian immigrazioa nola bizi dugun eta nola ulertzen dugun aztertzeko». Izan ere, «behatokiak lagundu egin du euskal gizarteak immigrazioaren inguruan duen pertzepzioari buruzko datuak emateko». Bengoetxeak azaldu du hori garrantzitsua dela «gainditutzat jotzen ziren diskurtso eta politika publikoak lehen lerrora bueltatu diren garai hauetan».

«Katedraren sorrerak urte hauetan ikuspegik egin duen ikerketa lanarekin jarraitzeko beharra berresten du», azaldu du errektoreak. Proiektu horren helburua da ezagutza sortzea, ikerketa sustatzea eta ezagutza hori gizartera nahiz erakunde publikoetara aplikatzea. Izan ere, errektoreak ohartarazi du gero eta ohikoagoak direla migratzaileen kontrako diskurtsoak. «Horren aurrean, EHUren zeregina ezagutza eta ebidentzia zientifikoa eskaintzea da» nabarmendu du Bengoetxeak. Izan ere, horiek dira, Bengoetxearen irudiko, aurreiritziei eta xenofobiari aurre egiteko «tresnarik egokienak».

Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak, azpimarratu du katedra «tresna estrategikoa» izango dela migrazioa, aniztasuna eta bizikidetza bezalako gai «konplexuak eta aldakorrak» ezagutzan oinarrituta lantzeko. Izan ere, gai horiekin lotutako arazoak «erantzun lasaiak eta arduratsuak» behar dituztela azaldu du, eta «horretarako ezinbestekoak direla datu eta adierazle fidagarriak, ezagutza, ikerketa eta ebaluazioa».

Julia Shershneva Ikuspegiko arduradunak ere egin du balorazioa. Azaldu du Ikuspegirentzako «mugarri historikoa» dela, ez proiektua aldatuko delako, baizik eta «ibilbide oso luze bat duen proiektu bat finkatzen duelako». Proiektua «sendotzea» dakar: «Orain dela hogei urte proiektua umilagoa zen, migrazioaren fenomenoak irismen mugatua zuelako, baina orain asko hazi da». Katedraren formatuak proiektuari «sendotasun handiagoa» eman eta «etorkizunerako egonkortasuna» bermatuko ditu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA