Iñigo Cabacasen heriotza. Pilotakaden ikerketak. Jojo Bidart. Pilota batek jotako kazetaria

«Ikusten dugu ez dela ondorio handirik eta berdin segi dezaketela»

Jojo Bidart kazetaria, iazko uztailean, Ortzaizen zauritua izan ostean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
ETAko ustezko bi kide atxilotu zituen Frantziako Poliziak Ortzaizen, joan den uztailaren 8an. Etxea miatzen ari ziren bitartean, sostengua erakustera joandako herritarrei oldartu zitzaien Polizia. Gomazko pilota batek Jojo Bidart Euskal Irratietako kazetaria zauritu zuen sabelean.

Zer gertatu zen Ortzaizen gau hartan?

Bilduak ginen momentu batean mugimendua izan zen, eta Polizia jendeen artetik pasatu zen. Bultzadak izan ziren, eta berehala atera zituzten armak —pentsatzekoa da horretarako pasatu zirela jendeen artetik—.

Nola izan zinen ukia?

Pixka bat gibelago ginen kazetariak, baina ez hain urrun ere, bidea oso estua baitzen. Istiluak hastean so gelditu ginen, zer gertatzen zen. Polizia bat niri buruz itzuli, eta tiro egin zidan sabelera. Ospitalera eraman gintuzten zaurituak, batzuk Baionara eta beste batzuk Donapaleura.

Salaketa jarri zenuten.

Lauk jarri genuen salaketa; Poliziaren neurriz kanpoko bortizkeria salatu genuen. Baina, aurpegia estalia zutenez, identifikaziorik ez zen posible, eta «autoritate publikoaren kontrako» salaketa jarri genuen. Nire kasuan, prentsa askatasuna trabatu izana ere salatu nuen.

Momentuko ez du segida handirik izan; lehengo hilabetean galdezkatu gintuzten, Polizia eramaten ari den ikerketaren harira.

Zer galdetu zizueten?

Bakoitzaren kasuaz galdetu ziguten; nola gertatu zen, eta istiluak nola hasi ziren. Tiro egin zuen polizia zein zen ere galdetu zidaten, ea bera identifikatzeko zenbaki bat ikusi nuen. Segidarik izan dadin identifikazioa beharrezkoa da; beraz, esperantza handirik gabe gelditu gara.

Administrazioak erakutsi nahi izan du zerbait egiten zuela, bere burua zuritzeko.

Gomazko piloten erabilera da, funtsean, ezbaian jarria dena.

Lau gara salaketa jarri genuenak, baina beste andana dira tiroak jasan zituztenak. Adin guzietako jendea bazen, eta biziki hurbil pasatu ziren pilotak. Anitzek izterrean eta zagoan izan zituzten kolpeak, nik sabelean, baina aurpegietatik hurbil ere pasatu ziren tiroak.

Zer ondorio ateratzen duzu honetatik guzitik?

Zaila da. Lehen sentimendua da Poliziak neurriz kanpoko jokamoldea izan dezakeela, eta errekurtsoak horren aitzinean biziki murritzak direla. Jendeen ihardokitze masiboa izan delako inkesta bat ireki dute, baina ikusten dugu ez dela ondorio handirik eta berdin segi dezaketela, nahiz eta biziki lanjerosa izan horrelako armak erabiltzea, beraiek egin zuten moduan.

Ondotik, larrialdi egoeran sartu gara Parisko atentatuen ondorioz; ez dut uste kasu handirik eginen dietenik, orain, giza eskubideen zangopilatzeak direnean eginen diren salaketei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.