Imanol Pradales: «Gernikako estatutuaren adostasuna zabaldu nahi nuke»

Ez dio bozen ondorengo jokalekuari begiratu nahi oraindik, baina aitortu du PSE-EErekin «eroso» dagoela Jaurlaritzan. Politika egiteko bere modua aldarrikatu du, eta «patxadaz» hitz egitea eskatu osasun sistemaz eta azpiegiturez.

aitor biain
Bilbo
2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

Alderdikideek EAJren lehendakarigai gisa berretsi zutenetik, bere burua aurkezten eta eragileen proposamenak biltzen ari da Imanol Pradales Gil (Santurtzi, Bizkaia, 1975) han eta hemen. «Entzuten eta ikasten» ari dela dio. Proposamen politikoa prestatzeko lan horiek Bizkaiko aldundikoekin uztartzen ari da, azpiegitura diputatu karguari eustea erabaki baitu lehendakariak bozen data iragarri arte. Sabin Etxean hartu du BERRIA.

Zer tarte eman zizuten EAJren lehendakarigaia izan nahi duzun erabakitzeko? Ez zen aurreko elkarrizketarik egon?

Ez. Ordu batzuk baino ez ziren izan. Arratsalde baten izan zen hori, ostiralean, eta hurrengo goizerako nik erantzun bat eman behar nien.

Eta zuzenean ekitaldi publiko batera Urkullurekin, igandean, 26an, Sukarrietara. Oso azkar joan da dena.

Ordu gutxian gauza asko gertatu ziren, bai. Sukarrietako ekitaldira joateko asmoa nuen, alderdikide gisa. Nola aldatu ziren gauzak...

Behin militantziak berretsita, Durangon ekitaldi jendetsu batean aurkeztu zintuzten. Barneratu duzu dagoeneko izendapenak dakarren ardura?

Ari naiz. Durangon ere esan nuen: ardura handia da, eta errespetua zor zaio horrelako erabaki bati. Konfiantza ematen dizute, eta horrek sortzen duen ardura oso handia da.

Oraindik hauteskundeen data zehaztu gabe egoteak ez al dio itzala egiten zure hautagaitzari? 

Nik esango nuke euskal gizartean oraindik ez dagoela hauteskunde tentsiorik. Normala da, data zehaztu gabe baitago oraindik. Baina horrek ez dit niri bakarrik itzal egiten, denoi baizik.

Indar berria leloarekin aurkeztu zinen. Ziklo aldaketa hori igarriko da zure politika egiteko moduetan? 

Nork bere modua dauka gizartea ulertzeko, mezuak partekatzeko, lehentasunak kudeatzeko… Irakurketa propioa egiten dugu guk, eta hori igarriko dela pentsatzen dut. Baina bat gatoz erronkekin, alderdian ardatz nagusiak argi dauzkagu eta. 

Aurpegi berrien garaia da, bai, baina emakumezko lehendakariarena ez? 

Alderdi bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu. Gure kasuan, EAJko emakumeek eta gizonek erabaki dute ni lehendakarigai izatea. Dena den, nik uste dut euskal politikagintzan emakumeen papera gero eta garrantzitsuagoa izango dela, eta agian hauteskunde hauetan ez, baina hurrengoetan ziur nago argazkia beste bat izango dela.

Lehendakari izango bazina, Jaurlaritzaren egituran non kokatuko zenuke Emakunde? Ondo ikusten duzu Berdintasun eta Gizarte Politiken Sailaren barruan?

Uste dut azpimarratu behar dela Berdintasun sail bat daukagula historian aurreneko aldiz, eta Emakundek hor jokatzen duen papera garrantzitsua da. Hala ere, ez da hainbeste non kokatzen den erakunde bat, baizik eta zer-nolako politikak garatzen diren, eta, nire ustez, Emakundek berak eta Berdintasun sailak garatzen dituzten politikak egokiak dira. 

«Osakidetza osasun sistema ona da, baina horrek ez du esan nahi arazorik ez duenik. Onartu egin behar dugu hori»

Osakidetza jarri duzu lehentasun gisa. Ez al da kontraesana EAJren lehendakarigaiak Osakidetzak arazo bat duela onartzea?

Osakidetza, osasun sistema bezala, sistema sendoa da, ona. Eta konparatzen badugu beste batzuekin, are gehiago. Hala ere, horrek ez du esan nahi arazorik ez duenik. Batzuk estrukturalak dira, euskal gizartea zahartzen ari delako; egokitu beharra daukagu. Baina pandemia bat ere izan genuen, eta horrek sistema guztiei eragin zien, gureari ere bai. Beraz, onartu behar dugu gauza batzuk hobetu egin behar direla. Bi dira nire ustez lehentasunak: lehen arreta eta itxaron zerrendak.

Baina pandemia baino lehenago ere jakina zen gizartea zahartzen ari zela. Ez al dago planifikazio falta bat hor?

Datu bat emateagatik: orain dela hamar urte, Osakidetzan 31.000 pertsona ari ziren lanean, eta gaur egun 40.000. Horrez gain, baliabideei begira ere %50 handitu da inbertsio publikoa azkenengo hamarkadan. Beraz, uste dut Osakidetzak aurrera egin duela. Baina, ziurrenik, hainbat esparru berrantolatu beharko ditugu, efizienteagoak izateko. 

Behin-behineko langile asko daude oraindik, dena den. Zer esango zenioke urtebetean Osakidetzan dozena bat kontratutik gora sinatu duen langileari? 

Momentu honetan egiten ari diren lan eskaintza publikoekin, aurreikusten da 11.000 langile inguru finko egingo direla. Uste dut hori dela bidea. 

Itxaron zerrendak murriztu dira, bai, baina pribatuetara bidalita gaixo asko. Pribatizaziorako urratsa ikusi dute batzuek.

Ez nago ados; ez nuke esango hori gertatu denik. Euskal osasun sisteman ehun eurotik bost erabiltzen dira dira pribatuarekin elkarlanerako.

Auzitegietako ebazpena argitara, Euskararen Legeak berme gehiago behar dituela uste duzu?

Euskararekin adostasun zabala egon da herri honetan, eta ebazpen horiekin gertatzen ari dena oso kezkagarria da. Adostasun soziala eta politikoa baldintzatu nahi dute, eta horren kontra gaude. Bilboko manifestazioan ikusi zen euskal gizartearen ahotsa. Orain beste pauso bat ematea dagokigu: ezagutzatik erabilerarako pausoa eman behar dugu, eta hor adostasunak oso garrantzitsuak izango dira. Ezin ditugu horiek zalantzan jarri. 

«Euskarari dagokionez, beste pauso bat ematea dagokigu: ezagutzatik erabilerarako pausoa eman behar dugu»

Bizkaiko azpiegitura diputatua zara oraindik. Obra handiei lotuta agertu izan zara: lehendakarigai bezala, zer irudi transmititzen duzula uste duzu?

Hori euskal gizarteak jakingo du. Hala ere, azpiegiturak garatzen direnean bizi kalitatea ere hobetzen dugu. Zera esan nahi dut: inbertsio publikoaren bitartez lurralde bat eraldatzen ari gara. Baina, batzuetan, zementua dela esanez laburbiltzen da hori. Ez, ongizatea hobetzea ere bada.

Urdaibaiko Guggenheimez, zuk esana da: «Proiektua hobeto azaltzea falta izan zaigu». Herritarrek zer ez dute ulertu?

Nik uste dut inportanteena dela proiektuak azaltzea tokatzen denean. Ildo horretan, saiakerak egin ditugu azken aste hauetan proiektuaren inguruan dauden onurez ere hitz egiteko. Hori da bidea. Hala ere, proiektua ez dago oraindik guztiz definituta, eta aldundi gisa hori ere partekatu dugu Busturialdeko alkateekin. 

Zeintzuk dira onurak? 

Biosferak badauzka ingurumenari lotutako zauri batzuk orain, eta proiektuak aukera ematen du horiek sendatzeko. Gernikan badago akuifero bat industrializazio garaitik kutsatuta dagoena, padurak lehortuta daude, biosferan bertan ontziola bat dago... Proiektuaren bitartez hori guztia errekuperatzeko aukera dago. Honetaz patxadaz hitz egitea eta gizartearekin partekatzea inportantea da.

Nekazarien aldarrietako bat energia berriztagarrien azpiegiturei lotuta dago. Zer esango zenieke?

Euskal erakundeak beti saiatu gara nekazariengandik gertu egoten eta laguntzen. Izan ere, sektore horrek ez ditu soilik elikagaiak ekoizten; gure nortasunaren ispilu ere bada. Baina trantsizio garai batean gaude, eta egokitu beharra daukagu denok. 

Imanol Pradales
MARISOL RAMIREZ/FOKU
Pello Otxandianok sektore publikoaren lidergoa aldarrikatu du, eta «ekonomia zuzentzeko zeregina» bere gain hartu behar duela uste du. Zer iritzi duzu?

Interbentzionismoaz hitz egin zuen, eta nik ez dut horretan sinisten. EAJk garatu duen politika izan da arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzea. Industria politikan 1980ko hamarkadatik gaur egunera arte egin dugun bidea da horren adibide. Hori da bidea.   

LABekin batzartu zen Urkullu; ELArekin, ordea, ez. Zuk zer harreman izan nahiko zenuke bi sindikatu horiekin?

Sindikatuak eragile garrantzitsuak dira, denak. Hori esanda, nik elkarrizketaren eta adostasunaren kulturan sinisten dut. Lan harremanez hitz egin behar dugu, ez lan gatazkez. Eta, horretarako, euskal marko propioa beharrezkoa da. Denak izan nahiko nituzke bertan. Ni prest nago guztiekin hitz egiteko eta adosteko.

«Lan harremanez hitz egin behar dugu, ez lan gatazkez. Eta, horretarako, euskal marko propio bat beharrezkoa da»

«Populismotik aldentzeko» eskatu zenuen. Zer esan nahi zenuen? 

Uste dut orokorrean Europan eta mendebaldean, oro har, hizkuntza populista gehiegi entzuten ari garela, bai ezkerreko alderdietan eta bai eskuinekoetan. Eta tentazio bat dago hemen ere lengoaia eta hizkuntza hori erabiliz mezu populistak zabaltzeko. Uste dut euskal gizarteari zintzo eta leial hitz egin behar zaiola. 

Baina bertako alderdiek mezu horiek zabaltzen dituzte?

Etxebizitzaren arazoa, esaterako, erronka handia da. Baina okupazioa al da horren irtenbidea? Galdera jartzen dut mahai gainean. Niretzat hori ez da bidea.

Gehiengo osoa galduko bazenute, PSEk beste bide batzuk hartuko dituen beldur zara? 

Ez nago horretan pentsatzen orain. Aste hauek proposamenak biltzeko eta eragile ezberdinekin egoteko baliatzen ari naiz. Nire helburua da proposamen on bat prestatzea eta aurkeztea.

EAJtik urrundu nahian dabil Andueza…

Bakoitzak bere estrategiak dauzka. Gu alderdi serioa gara, eta emandako hitza betetzen saiatzen gara. Alderdi sozialistarekin akordioak ditugu udaletan eta aldundietan; Jaurlaritzan ere gobernu koalizio bat daukagu, eta eroso gaude. Baina bakoitzak jakingo du zer egiten duen. 

Bi urtean Gernikako estatutua osatzea lortuko duzuelakoan zaude? Pedro Sanchezek lehen ere eman zizuen bere hitza, eta ez zuen esandakoa bete. 

Ez da hitza bakarrik, baizik eta sinatuta dagoen akordio bat dagoela. Lehenengo mugarria hiru transferentziekin dator  —aldirietako trenenak, unibertsitate tituluen homologazioa eta asilo eskarien kudeaketa—, eta denbora agortzen ari da. Hor ikusiko dugu betetzeko nahia duten edo ez. Baiezkoan nago ni.

Eta gero, zer? Independentistatzat jo duzu zeure burua…

Guk gure bidea markatuta daukagu: euskal nazioaren aitortza, aldebikotasuna, bitartekari baten bermea eta erabakitzeko eskubidearen onarpena. Hori da nik defendatzen dudana. 

Estatutua berritzeko lantaldea osatu beharko dela ere esan duzu.

Gustatuko litzaidake Gernikako estatutuaren adostasuna zabaltzea. Ona da herri honentzat. Borondate politikoa bilatu behar dugu, hori da gakoa. Horrela bideratuz gero, aukerak izan ditzakegu, estatuan ere aukerak zabaldu direlako legealdi honetan. Saiakera egin behar dugu, ezinbestean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.