Iñaki Dorronsoro Plazaola (Ataun, Gipuzkoa, 1947-2026) hil berri da, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiak jakinarazi duenez. Dorronsoro behategiaren lehendakaria zen duela bost urtetatik, ingeniari industrial erretiratua izanda ere enpresa, akademia eta euskaltzaletasuna uztartzen jarraitzen baitzuen. Aurrez, 2013 eta 2020 artean, Eusko Ikaskuntzako lehendakari izan zen, eta Jakiundeko kide ere izendatu zuten 2021ean.
Dorronsoro Ataunen (Gipuzkoa) jaio zen 1947. urtean. Industria ingeniaritzako ikasketak egin zituen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, 1973an amaitu zituen, eta gero Ampon hasi zen lanean. 1983an Arrasatera (Gipuzkoa) joan zen, eta nagusiki Mondragon taldean osatu zuen bere ibilbide profesionala. Han ardura handiak izan zituen bere gain. Besteak beste, taldean kooperatiba berriak sortzeko ideiak bilatzen eta garatzen aritu zen, eta, LKS taldearen sortzaileetako bat izan zen 1989an. 1992an LKS taldeko zuzendari nagusi izendatu zuten.
Ikusi gehiago
Hortaz gain, irakasle aritu zen Deustuko, Lancasterreko eta Mondragon unibertsitateetan. Azken horretan errektore kontseiluko kide izan zen, eta Ikerlan, Ideko eta METCko kide ere bai, besteak beste.
2000. urtean Ezagutzaren Klusterraren sortzaileetako bat izan zen beste erakunde eta enpresa batzuekin batera, eta hango lehen administrazio kontseiluko kidea. Halaber, MIK Mondragon Ikerketa Kudeaketan zentroaren sustatzailea, presidentea eta zuzendaria izan zen behin baino gehiagotan. BERRIAko administrazio kontseiluan ere parte hartu zuen, Euskaldunon Egunkaria itxi osteko garaian.
Azkenekoz iazko azaroan kolaboratu zuen kazeta honekin, Francisco Francoren heriotzaren 50. urteurrenari buruzko seriean. Hala azaldu zuen nola gogoratzen zuen diktadorearen heriotzaren berri izan zueneko unea: «Oraintxe izango balitz bezala gogoratzen dut Espainiako telebistan Arias Navarroren aurpegi patetiko hura, malko jario eta guzti, «Españoles…Franco ha muerto» iragarri zuenean. Euskal Herriko txokoetan berriak negar egiteko ez, baino festa erraldoi bat pizteko balio izan zuen».