Iñaki Subijana izendatu dute berriro EAEko Jusitizia Auzitegi Nagusiko presidente

Aner Uriarte izan da Subijanaren lehiakidea, Bilboko epaile dekanoa eta Epaileen Elkarte Profesionaleko kidea.

Iñaki Subijana Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iñaki Subijana Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2026ko maiatzaren 27a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak Iñaki Subijana (Donostia, 1963) izendatu du berriro EAEko Jusitizia Auzitegi Nagusiko presidente. Hala, bigarren agintaldi batez zuzenduko du Subijanak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auzitegi nagusia. JJpD Demokraziaren Aldeko Epaileak elkarteko kide da Subijana. Bost urtez EAEko Auzitegi Justizia Nagusiko presidente izan ondoren, karguan jarraitzeko hautagaitza aurkeztu zuen.

Haren lehiakide izan da Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoa eta APM Epaileen Elkarte Profesionaleko kidea. 2023ko urtarrilean, Bilboko epaile dekano gisa aritzeko hirugarren agintaldiari ekin zion.

Iñaki Subijana, 1992. eta 1995. urteen bitartean, Cadizko Auzitegian aritu zen (Espainia), eta gero Donostiako epaitegian hasi zen lanean. 2001ean Gipuzkoako Auzitegiko magistratu bilakatu zen, eta 2010ean izendatu zuten presidente. Zigor Zuzenbideko doktore izendatu zuten EHUn, eta esparru horretan irakasle ere izan da. 2002 eta 2009 bitartean Uruguain, Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren izan zen Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aholkularitza lanetan.

Aner Uriarte, berriz, Durangoko epaitegietan hasi zuen ibilbide profesionala, 2002an. Magistratu izendatu zuten 2005ean, eta Bilboko epaitegira aldatu. Eta 2014an, Bilboko Dekanotzako buru izendatu zuten.

Epaile defizita salatu du

Orain sei hilabete, Subijanak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean, eta justizia sistemaren «kongestioarekin» kezkatuta agertu zen. 2024ko memoria judizialaren datuetatik abiatuta, diagnostiko bat aurkeztu zuen, eta ohartarazi Araba, Bizkai eta Gipuzkoako epaitegiek ez daukatela gaitasunik sartzen diren auzi guztiak jorratzeko: «Ebatzi gabeko auzien pilaketa egiturazko arazo bat sortzen ari da». Eta gaineratu zuen zein den lan zama horren arrazoia: «Epaile defizita da gure ahulgunea».

«Datuak okerrera doaz, zintzoki», adierazi zuen Subijanak. Ebatzitako auzibideen, ebazteke daudenen eta pilatuta daudenen indizeak eman zituen, eta azaldu zuen gehiago direla epaitegietan sartzen diren auziak ebazten dituztenak baino: «Erantzuteko gaitasuna handitu egin da, baina ez da nahikoa auzien hazkundea estaltzeko: gero eta ebazpen gehiago ematen ditugu (36.000), baina are gai gehiago sartzen dira (47.000), nabarmen hazi baita judizializatzen diren gaien bolumena».

Memoriako datuen arabera, metaketa hori bereziki kezkagarria da hiriburuetako eta Barakaldoko (Bizkaia) epaitegi zibiletan eta Bilboko lan arloko epaitegietan. Eta prozesu osoa luzatzea dakar: «Batez besteko denborak ez dira txarrak. Baina puntu konplikatuetan beranduago ebazten ari gara urtetik urtera». Subijanak erantsi zuen beste arreta puntu bat dagoela emakumeen aurkako indarkeria jorratzen duten epaitegietan, urritik sexu indarkeriari lotutako auzibideak ere kudeatzen ari direlako: «Erabaki politiko egokia da, baina lan zama handiagoa ekarriko du».

Horren guztiaren korapiloa, Subijanaren esanetan, «epaile defizita» da: «Ez da funtzionario kopuruaren arazo bat, edo eremu telematikoan edota eraikinetan egin beharreko inbertsioena; arlo horiek hobetu daitezke, baina hor ez dago puntu konplikatuena». Izan ere, Europako Batasunean baino zazpi epaile gutxiago daude 100.000 biztanleko, Araba. Bizkai eta Gipuzkoan. Bi milioi biztanlerentzat 250 epaile daude, eta 400 inguru beharko lirateke, Subijanaren ustez.

Sarasola eta Porturen torturak

2010eko irailean, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian presidente kargura iritsi berria zela, Guardia Zibilaren torturen salaketa bat epaitu behar izan zuen Subijanak. Etakideak izatea leporatuta, Mattin Sarasola eta Igor Portu atxilotu zituen Guardia Zibilak 2008ko urtarrilean. Atxilotuek torturak salatu zituzten, eta, behin epaiketa eginda, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak lau guardia zibil zigortu zituen. Subijana izan zen epaimahaiburua, eta frogatutzat eman zuen Portuk eta Sarasolak «tortura larriak» jasan zituztela;
ebatzi zuen, besteak beste, agenteak «mendeku gosez» aritu zirela.

Alabaina, Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zituen urtebete geroago, eta epaian belarrietatik tira egin zion Subijanari, probintzia auzitegiko forentseei emateagatik defentsako perituei baino sinesgarritasun handiagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA