Eskubide zibil eta politikoen aldarria egin dute elkarrekin. Azaroaren 29ari begira, Gure Esku-k, Omnium Culturalek eta Via Galegak adierazpen bateratua egin dute eta herritarrei dei egin diete bozkatzera, indar subiranisten botoak «erabakigarriak» izan daitezen. «Espainiako Estatuan edozeinek gobernatzen duela ere, ez dugu utziko inork gure nazioen ahotsa isilaraz dezan», adierazi dute.
Hiru erakundeen arabera, azaroaren 29an asko dago jokoan Euskal Herriarentzat, Herrialde Katalanentzat eta Galiziarentzat. «Badakigu, izan ere, PPk eta Voxek irabaziz gero, agenda espainolista birzentralizatzailea aktibatuko dutela, eta horrek arriskuan jar ditzakeela gure herrien nortasun nazionala, hizkuntza, eskubideak eta askatasunak».
Adierazpen bateratuan azaldu dute eskuin muturrak baldintzatutako Espainiako Gobernu bat mehatxu bat dela. Ez soilik nazioentzat, bai eta bertan bizi diren langileentzat, migratzaileentzat, gazteentzat zein emakumeentzat. Horregatik dute kezka. «Horren aurrean ezin dugu ez ikusiarena egin».
Horrek ez du kentzen orain arte izan diren kolore bateko zein besteko gobernuek ez dutela aitortu nahi izan hiruen nazio errealitatea, hiru elkarteen arabera. Gaineratu dute orain arteko gobernuek ez diotela ere erabakitzeko eskubidearen aldeko eskariari erantzun.
Bidegurutzean
Hala eta guztiz ere, azaroaren 29ko bozak bidegurutze bat markatzen dutela deritzote. «Ezin dugu ahaztu A29an uko egin ezineko gure nazio helburuen alde borrokatzeko joko zelaia erabakitzen dela: demokrazia —mugatua dela jakinda ere— edo autoritarismoa».
Horregatik uste dute Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Galizia maite dituen orok ez lukeela etxean geratu behar igandean, «eskuin muturra geldiarazteko, aurrerapen sozialak eta eskubideen arlokoak bermatzeko eta Estatua gure nazio aldarrikapenei eta gure etorkizun politikoa demokratikoki erabakitzeko eskubideari kasu egitera behartzeko».
Igandetik aurrera, berriz, irmo eta elkarrekin jokatzeko asmoa adierazi dute. «Hiru erakundeok gure hizkuntzen eta kulturen zein gure eskubide zibil eta politikoen defentsa indar handiagoz bultzatzeko konpromisoa hartuko dugu», aipatu dute. Modu koordinatuan egingo dute hori «indar handiagoa izateko eta elkarrekin aurrera egiteko, determinazio osoz».
Gogora ekarri dituzte, halaber, Quebecen, Ipar Irlandan eta Eskozian mugimendu suberanistak aurrera egiten ari direla gehiengo sozialen indarrarekin. «Gure nazioek nazioarteko korronte horrekin bat egitea nahi dugu, haien nahia gurea ere badelako. Era berean, gizarte zibilari, erakundeei eta herritarrei dei egiten diegu hiru lurraldeetako bakoitzean fronte bateratuak eratzeko eta loturak zein lankidetza sendotzeko».