Hirugarren aldia da Uxue Barkos (Iruñea, 1964) Espainiako hauteskundeetara aurkezten dela, baina oraingo honetan baldintzak aldatu egin dira. Geroa Bai koalizioaren zerrendaburu izango da, eta helburua Kongresuan eserlekua lortzea bada ere, oraingoan aurreko bi aldietan baino «askoz ere zailagoa» duela aitortu du. Dena den, «ilusio berberarekin» egin dio aurre erronkari Barkosek. Haren ustez, koalizioak posible du UPN-PPri inkestek iragartzen dioten hirugarren eserlekua kentzea. Hala ere, ez du uste diputaturik ez lortzea porrota litzatekeenik, eta, horregatik, garrantzia eman dio Geroa Baik lor dezakeen boto kopuruari, «herritarren borondatea delako apustu politiko baten arrazoia».
Nafarroan bost eserleku daude jokoan. Zure ustez, nolakoa izango da mapa politikoa azaroaren 20an?
Beti lehiatu gara inkesten aurka. Oraingoan gure aukerak zailtasun handiak dauzka, baina ez proiektua martxan jartzeko, baizik eta alboan diren beste proiektuen indarra baretzeko. Inkestek joera bat ezartzen dute, baina, aldi berean, herritarren borondate politikoak du azken hitza.
Zergatik NaBairen barruan Aralarrek proposatu zuenean Amaiurreko alderdi bultzatzaileekin negoziatzea EAJk eta Zabaltzen-ek hasieratik ezezkoa eman zenuten?
Aralarrek proposamen bat egin zuen, eta NaBai osatzen dugun gainerakook beste bat egin genuen: maiatzaren 22ko emaitzak kontuan hartuta, Nafarroa Bai mantentzea. Beraz, ez genuen ezezkorik eman. Maiatzean argi eta garbi geratu zen nafar abertzaleek bi proiektu dituztela, eta biei eman dietela baiezkoa.
Aro politiko berrian, alderdi abertzaleek gogoeta bateratu bat egin behar zenukete UPNri aurre egiteko estrategiari buruz, ala bakoitzak bere bidea egin behar du?
Proiektu desberdinak dira, nahiz eta hainbat gaitan helburu berberak izan. Elkarlan esparru zabala dugu jorratzeko. Hala ere, proiektuak ez dira berdinak. Batetik, nahiz eta NaBairen eta orain Geroa Bairen gehienak abertzaleak izan, guztiak ez dira abertzaleak. Gure helburuetako bat izan da elkarrekin lan egiteko lan esparru berezi bat lortzea. Bigarrenik, Kongresuan nafar abertzaleon ahotsa entzunaraztea nahi dugu —guretzat oso-oso garrantzitsua da taktikoki— eta azkenik, instituzioetan parte hartzea normaltasun osoz. Ez dakit nolakoa izango den Nafarroako gainerako abertzaleen ahotsa Madrilen, baina azken 40 urteko historiak dio azkenean isildu egiten dela.
ETAk armak uzteko erabakiak zertan aldatuko du Nafarroako politika?
UPNri eta ustez ezkerrekoak diren eskuindarrei [PSNri] azken urteotan errentagarri atera zaie indarkeria abertzaleon asmoekin eta estrategiekin parekatzea. Nire ustez, bakearekin batera estrategia hori hautsi egingo da. Ikusi dugu tarten afera dela eta, Yolanda Barcina presidenteak zer-nolako diskurtsoa egin duen terrorismoa eta indarkeria behin eta berriz aipatuz. Indarkeria amaituta, haien argudio nagusia amaituko da. Gauzak poliki-poliki aldatuko dira.
Hala ere, ETAren agiriaren ondotik, Euskal Herrian UPN da diskurtsoa aldatu ez duen alderdi bakarra.
Komunikatua ezagutu ondoren, estatu espainiarrean alderdi guztiek onartu dute bide berria ireki dela, PPko eskuin muturrak eta UPNk izan ezik. UPNk azken 30 urteotan politika bakar bat egin du: indarkeriaren ikurra astindu, errentagarritasuna atera eta bere politika txarrak estaltzeko.
Hainbat alderdik proposatu dute gatazkaren arrazoi politikoei heltzeko mahai bat osatu behar dela.
Bakea eraiki behar da, eta mahai baten inguruan politika egin. Elkarrizketa da politikaren sustraia. EAEn ikusi dugu asmo hori dagoela, nahiz eta gauzak poliki doazen. Nafarroan, berriz, Barcinaren asmoa da eztabaida hiltzen uztea. Ziur naiz gizarteak, azkenik, ETAren amaiera bideratzea lortu duen bezala, lortuko duela alderdiak ere bere baitan jartzea.
Raxoik irabaziz gero, uste duzu Aieteko Adierazpenaren bigarren puntuari helduko diola eta bere alderdiko sektore gogorrena kontrolatzea lortuko duela?
Hor dago gakoa. Zer-nolako presioa egingo duen sektore horrek. Ezkor naiz, ikusita euskal gatazka ikur bat izan dela Espainian bestelako arazoak estaltzeko, eta aldi berean, uste dut Raxoik argi duela benetako aukera dela honako hau. Komunikatuak esaten du esaten duena, eta gizarteak exijitzen du exijitzen duena. Ez bakarrik ETAri. Baita Espainiako Gobernuari ere.
Diputatu gisa bi legealdi egin dituzu, hain justu Zapaterok agintean eman dituen biak. Nolako balorazioa egiten duzu haren ondare politikoaz?
Politikoki, Zapaterok asmo onak baina emaitza kaskarrak izan ditu. Mahai gainean jarritako asmoei ez die indar politikorik eman. Hasieran, diskurtso interesgarria zeukan, baina azkenean, kea besterik ez dira izan haren adierazpenak: Ibarretxeren plana atzera bota zuen, alternatibarik jarri gabe; Katalunian gauza bera egin zuen, eta sozialki lehen legealdia ahula izan bazen; bigarrenean, zer esanik ez. Lege proiektu zibil batzuk interesgarriak izan dira —ezkontza homosexualak, genero indarkeria, menpekotasuna— baina legedi berriari ez dio administrazioaren indarra eman. Azkenean, zein da Zapateroren emaitzarik esanguratsuena? PPren gehiengo absolutua. Dagoeneko, inork ez du zalantzan jartzen.
Eta zer ekarpen egin du Uxue Barkosek diputatu gisa?
Herritarrei dagokie estimatzea. 350 eserlekuren artean, eserleku bat baino ez da, baina ederra izan da nafar ezkertiarren eta abertzaleen ahotsa eramatea Madrilera, eta proiektu txikiak hona ekartzea. Gainera, argi eta garbi baldintzatu dugu UPNren eta PSNren jarrera hauteskundeei begira. Nafarroa Bai iritsi arte,Nafarroako gaiak ez dira arruntak izan Kongresuaren egunerokoan. UPNren hausturak ere zerikusia du azken zortzi urtetako lan horrekin.
Espainiako egoera ekonomikoaz baliatuta, zentralizazio oldea datorrela diozu. Nolakoa izango da?
UPDk, adibidez, argi dio eskubide historikoak bertan behera uzteko prest dagoela; Raxoik, berriz, horrelako adierazpen batzuk egin ditu. Zentralizaziorantz pixkanaka neurriak hartuko dituztelakoan nago. Horrela amaitu zen legealdia: Konstituzioaren erreforma bat hitzartu zuten PPk eta PSOEk (UPNren botoarekin) eta defizitari muga bat jartzea baimendu zuten, Nafarroak eta gainerako euskal lurraldeak bere kabuz erabakitzeko gai diren arren. Hor dugu berzentralizazioaren iragarkia. Gero, aldundien aurkako neurriak edo Kongresuko diputatu kopurua murrizteko neurriak hartuko dituzte. Denak du kutsu bera.
Krisiagatik zigor politikoa jasoko du PSOEk. Nafarroan, ordea, UPNk ez du zigor politikorik jaso. Zergatik?
Nik ere neure buruari egiten diot galdera hori. PPk eta UPNk lortu dute krisiaren lehen azterketa gainditzea. Tresna mediatiko izugarri boteretsuak dituzte, eta lortu dute erantzule bakar bat ematea: Zapatero. Horregatik, partehartze politikoaren tresnarik garrantzitsuena da zer-nolako informazioa iristen zaien herritarrei. Espero dut hauteskundeak mugarri izatea Nafarroan, eta herritarrek murrizketen arduradunei erantzun bat ematea.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Uxue Barkos. Geroa Bairen Kongresurako hautagaia
«Indarkeria amaituta, UPNren argudio nagusia amaitu egingo da»
Diputatu bat lortzea zaila izango dela esan arren, Geroa Baik «nafar abertzaleen ahotsa» Kongresuan entzunaraztea du xede. Geroa Bai eta Amaiur proiektu desberdinak direla azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu