Milaka emakumek hartu dituzte gaur iluntzean Euskal Herriko herri eta hiriburuetako kaleak, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak deitutako mobilizazioetan. Estatu sozialista sortzeko bidean ekarpena eginen duen «alternatiba politiko bat» garatzea da antolakundearen hautua, uste baitute indarkeria matxista amaiarazteko «langile klaseko askotariko kolektiboen zapalkuntzak indartzen dituen gizarte eredua» ere amaiarazi behar dela.
Horretarako lan egin behar dela diote, hau da, erasoei «irmo eta eraginkor» erantzunen duen indar politiko bat eratu, erasoren bat jasan duten emakumeek aurrera egiteko kalitatezko baldintzak izatearen alde borrokatu, eta «kultura matxistatik» etekina ateratzen duten industria eta enpresariei aurre egin. «Helburua da horrela gizartean matxismoaren aurkako euste horma indartsu bat sortzea eta ahalik eta emakume gehien batzea lan politikora eta antolakuntzara», zehaztu dute.
Bertzalde, gogora ekarri dituzte Zarauzko (Gipuzkoa) hilketa matxista, Angeluko (Lapurdi) hilketa saiakera eta Iruñeko talde bortxaketa, eta, horien bidez, nabarmendu bortizkeria matxista emaztekien «errealitate gordina» dela oraindik ere. «Badakigu horietaz gain badirela isilpean eta ezkutuan gertatzen diren beste hainbat eraso: erasotzaileek inpunitate osoz gauzatzen dituzte, eta erasoak jasandakoek ezintasun eta oztopo handiak dituzte salatzeko», gehitu dute. Bitartean, baina, eskuineko eta eskuin muturreko alderdiak «ideia atzerakoiak normalizatzeko interbentzio ideologiko-politikoa» egiten ari dira, Itaiak erran duenez. «Horrekin batera, gainera, emakume langileon aurkako neurri zuzenak hartzen ari dira: abortuaren aurkako jarrerak hauspotzen ari dira, eta indarkeria matxistaren aurkako legearen kontrako diskurtsoak zabaltzen, besteak beste», gehitu dute.
Halaber, salatu dute halako taldeak etorkinek egindako erasoez baliatzen direla «programa arrazista, klasista eta espainolista» indartzeko: «Emakumeok bizi dugun indarkeriak ez die axola».
Hain zuzen horren harira, kritika egin diete alderdi politikoei eta instituzioei, eta erran ez dutela proposatu bortizkeria matxista amaitzeko bide orririk. Feminismoaren barneko zenbait sektore ere kritikatu dituzte, indarkeria matxistari aurre egiteko proposamena «estatu egitura kapitalistaren barruan» kokatzeagatik. «Baina azken urteetako politikagintza instituzionalak agerian utzi du matxismoaren kontrako proposamen elektoralak indarkeriaren kudeaketa hutsera mugatu direla, alde batera utzita egiturazko arazo soziala amaitzeko borondate eta aukera oro», borobildu dute.