Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak ozen entzun dira kalean

Mugimendu feministak kaleak bete ditu bortxa matxistaren aurkako mezuekin. Milaka lagun batu dira mobilizazioetan, eta indarkeriaren ertz guztiekin amaitzeko eskatu dute, azaroaren 30eko greban fokua jarrita.

A25 Donostia
Protesta jendetsua egin dute Donostian gaur. Gorka Rubio/ FOKU
Aitor Biain - Olatz Enzunza Mallona
2023ko azaroaren 25a
15:30
Entzun

Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak ozen entzun dira gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Euskal Herriko Mugimendu Feministak kaleak hartzeko deia egin du Indarkeriarik gabeko bizitzak! Bizirik, libre eta antolatuta lelopean, eta jende andana bildu da hiriburu guztietako protestetara. Horietan guztietan, azaroaren 30eko greba feminista orokorra izan dute hizpide, eta, egun horretan, lanuzteetan eta mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin dute.

«Gora borroka feminista», «Kaleak, gauak, gureak dira», «Erasorik ez, erantzunik gabe» eta antzeko aldarrien artean egin dute Bilboko manifestazioa. Jesusen Bihotzaren plazatik atera dira manifestariak, eta udaletxe aurrean amaitu dute protestaldia. Manifestua irakurri aurretik, Hiba Kamal Abu Nada poeta palestinarrak idatzitako azken olerkia irakurri du euskaraz Miren Gaztañaga aktoreak, eta, haren ondotik, Palestinako emakumeei egin diete aitortza mugimendu feministako kideek: «Feministok beti defendatu izan dugu bizitza, haien memoria eta etorkizuna, eta herrien subiranotasunaren eta justiziaren alde borrokatzeko duten eskubidea ere defendatzen ditugu. Emakume palestinarrak, zuekin gaude».

Bide beretik, gogorarazi dute emakumeen kontrako indarkeria ez dela  kasualitatea. Izan ere, «ezinbesteko» tresna da sistema «kapitalista, heteropatriarkal eta arrazistari» eusteko. «Baina indartsuak gara, asko gara eta antolatuta gaude», gaineratu dute. Era berean, azpimarratu dute «era askotara eta espazio askotan» erasotzen zaiela emakumeei: «Umore lesbofoboa eginez, eguneroko mikromatxismoetan, bikote harremanetan, komunikabideetan, osasunean, hezkuntzan, politikan...».

Bereziki, emakume migratu eta arrazializatuen egoera nabarmendu nahi izan dute elkarretaratzearen bitartez: «Egoera bereziki ahulean gaude, gure oinarrizko eskubideak urratzen zaizkigulako. Gutako asko zaintzaren eta etxearen eremuko langileak gara, eta indarkeria arrazista, sexuala eta koloniala jasaten dugu». La cora feminista abesbatzaren kantuekin amaitu dute ekitaldia, oihu eta txistu artean; Lau teilatu abestiaren bertsio bat abestu dute, besteak beste.

Iruñean ere arratsaldean egin dute manifestazioa, Gazteluko plazatik abiatuta. Indarkeriak «aurpegi ugari» dituela gogoratu dute mobilizazio amaieran irakurritako mezuan: «Emakumeok egunero pairatzen dugu indarkeria matxista, bai espazio pribatuan, bai publikoan: lanean, kalean, eskolan, koadrilan…». Eta gizonei ere zuzendu zaizkie: «Utzi konplizeak izateari. Amaitu erasoekin». Izan ere, gogoratu dute askotan «hurbilekoak» izaten direla erasotzaileak: «Erasotzailea nire anaia, aita edo nire koadrilako bat izan daiteke. Gure ingurukoek egiten dute, eta hori oso zaila da aitortzea eta are gehiago salatzea».

Sarritan, mugimendu feministaren adierazpenei «entzungor» egiten dietela gaitzetsi dute, eta erakundeei exijitu diete «dagokien erantzukizuna» hartzeko, eta indarkeriaren aurkako neurriak lehenesteko. «Gaia agenda politikoaren lehentasuna izan behar da», azpimarratu dute.

Baionan, bere aldetik, Askatasuna plazatik abiatu da indarkeria matxista salatzeko protesta. «Emazte, haur eta genero minorizatuek jasaten dituzten bortizkeriei aurre egiteko politika publikoen ekintza eskasa» salatu dute manifestaldiaren bitartez, eta neurriak hartzeko exijitu dute.

«Zuriketa morea»

Gasteizko mobilizazioaren amaierako mezuan ere gogora ekarri dute bortxaren aldaera gehiago ere badaudela, datuetan islatzen ez diren arren. «Ez al da indarkeria matxista emakume migratuen prekarizazioa? Trans eta sexu genero disidenteen eskubideen urraketa sistematikoa? Etxeko langileen esklabotza? Emakume ijitoen kontrako zapalkuntza historikoa?», itaundu dute antolatzaileek. Eta adierazi dute indarkeria horiek guztiak amaitzeko garaia dela: «Aski da! Zuengatik, guregatik eta etorriko direnengatik borrokan jarraituko dugu indarkeriei aurre egiteko!». 

Hain zuzen ere, Gasteizko Mugimendu Feministako kideez gainera, pentsiodunek, etxeko langileek, desgaitasuna duten pertsonek, gerraren aurkakoek eta Zaballako espetxeko emakume presoek ere hitza hartu dute protestaren amaieran. Bereziki gogoan izan dituzte Gazan hildako emakumeak eta haurrak. Eta Israelen «genozidioaren eta feminizidioaren konplize» izatea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari, CAF enpresa Jerusalemen egiten ari den «legez kanpoko proiektuak» diru publikoarekin babesteagatik. 

San Anton plazan hasi dute manifestazioa, eguerdi partean, eta Frantzia eta Bake kaleak osorik zeharkatu ostean, Florida parkerainoko bidea egin dute protestan. Bidean, amorru oihua ozen entzun dira «Erasorik ez!», «Gora borroka feminista», «Bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte!», eta «Sinisten dizugu!» bezalako aldarriekin.

Donostian ere jendetza batu da mugimendu feministak antolatutako manifestazioan, batukadaren erritmoan. Oraingo honetan, erakundeek aldarri feministekin egiten duten «zuriketa morea» salatu dute antolatzaileek, protestaren amaieran irakurritako oharrean. «Nazkatuta gaude gure diskurtsoaz jabetu eta hitz politekin apaintzeaz, azaleko proposamenak egiteaz eta ezertarako balio ez duten argazki instituzionalak ateratzeaz», gaitzetsi dute.

Bulebarretik abiatu den mobilizazioan adineko emakumeen «errealitate ikusezina» ere salatu dute. Izan ere, adierazi dute emakume horiek adinekoak izateagatik jasaten dutela indarkeria, eta maiz indarkeria horren «izaera matxista» ez dela onartzen edo ezkutatu egiten dela. «Adineko gizonen indarkeriazko portaerak ez dira agerian uzten», azpimarratu dute.

Grebarako deia

Mobilizazio guztietan gogoan izan dituzte 2003tik gaur arte Euskal Herrian indarkeria matxistagatik hildako 118 emakumeak, eta, bereziki, hizpide izan dituzte aurten zendutako lau emakumeak eta adingabe bat: Lourdes del Hoyo, Maialen Mazon, Maria Begoña, Zhen Jiang eta joan den azaroaren 7an Urbasan bere aitak hildako 7 urteko Mateo, hain zuzen ere. Babesa adierazi diete emakumeen eta haurraren senide eta lagun guztiei, eta gogoratu dute gertakari «latz» horiek indarkeria matxistaren «muturreneko ondorio» direla: «Nahikoa da! Nazkatuta gaude».

Bestalde, azaroaren 30eko greba feminista orokorra gogoratzeko ere baliatu dute gaurko eguna: bost egun baino ez dira falta zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatuko duen grebarako. Gaur egun, zaintza, «indarkeriaren ardatza» dela salatu dute, besteak beste: «Prekaritatea, lan baldintza zitalak, emakumeok egiten dugun zaintzari baliorik ez ematea, pentsio txikiak… hori ere bada indarkeria». Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde egin behar dela gaineratu dute, eta, hilaren 30ean, kaleak hartzeko deia egin dute lurralde guztietan. Era berean, erantsi dute «aliantzak» eraikitzea eta «autodefentsa feministaz» baliatzea izango direla «tresnarik eraginkorrenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.