Ez gaude bakarrik leloa hautatu dute, mezu horixe igorri nahi baitiete bortizkeria matxista jasaten ari diren emakumeei: ez daudela bakarrik. Hala, andreoi babesa helarazi die Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, eta laguntza zerbitzu eta baliabide publikoak erabiltzera adoretu ditu, azaroaren 25erako kanpainaren aurkezpenean. Nabarmendu du zerbitzu horiek doakoak direla, egunean 24 orduz dabiltzala, paperik gabeko emazteek ere erabil ditzaketela, eta ez dela salaketarik aurkeztu behar horietara joateko: «Bertako profesionalek enpatiaz tratatuko dituzte, entzungo diete, lagunduko diete».
Txibitek gogora ekarri du milaka andrazkok jasaten dutela indarkeria matxista, «izan ekonomikoa, sexuala, psikologikoa ala soziala». Bortizkeria «dinamika errotu bat» dela azaldu du, «hemen eta munduko kultura guztietan», eta gizonen eta emakumeen arteko botere desberdintasunean oinarritzen dela: «Sistema patriarkala da, eta ez du desagertu nahi». Era berean, azpimarratu du emakume guztiek pairatu dezaketela bortxa: «Gutako bakar bat ere ez dago libre indarkeria motaren bat jasatetik: denak gaude arriskuan. Horregatik, gure mezua da ez gaudela bakarrik».
«Arreta integralerako sareko profesionalek enpatiaz tratatuko dituzte, entzungo diete, lagunduko diete»
MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria
Arrosadia auzoan aurkeztu dute kanpaina, bortizkeria sexualen biktimen arretarako zentroan. Izan ere, indarkeria matxistaren biktimen arreta integralerako sarearen barruan dauden baliabideen berri helarazi nahi dute kanpainaren bidez: zerbitzuok biltzen dituen webgunera joan daiteke karteletan ageri den estekaren bidez. Helburua da emakumeen bakartzea eta ezezagutza apurtzea, jakin dezaten nola eska dezaketen laguntza.
Zerbitzu horiek artean daude arreta integralerako bulegoak, Iruñean, Atarrabian, Tuteran, Lizarran, Tafallan eta Elizondon; indarkeria sexualen aurkako zentroa; harrera etxeak; laguntza ekonomikoak; doako laguntza juridikoa; prostituzioan diharduten andreentzako berariazko laguntzak... «Deitu 016ra edo hitz egin hurbil duzun norbaitekin. Lagunduko dizugu», eskatu du Txibitek.
Hiru biktima Nafarroan
Lehendakariak gogora ekarri du aurten bi emakume hil direla indarkeria matxistaren ondorioz Nafarroan: Tatiana Rodriguez bikotekideak hil zuen otsailean, Sarrigurenen, eta Saida el-Yusif ere senarrak hil zuen maiatzean, Arguedasen; 28 zituen Rodriguezek, eta 43 urte El-Yusifek. Era berean, Arelys del Carmen Jimenez apirilean zendu zen Iruñean, etxeko leihotik erorita; bikotekide ohiak giltzapetu zuen, eta andrea ihes egiten saiatu zenean jausi zen. Gizonari aldentze agindua urratzea egotzi zioten, baina aske utzi zuten.

