Eusko Jaurlaritzak 2022. urtetik 2024.era 6,2 milioi euro eman zizkien diru laguntzetan indarkeria matxistaren biktimei. Iaz, urriaren bukaerara arte, 1,6 milioi euro, eta 681.680 euro gorde zituen urtea bukatu bitarteko eskaerei erantzuteko. Gaurko Gobernu Kontseiluan onartu du aurten diru laguntza horiek emateko eta ordaintzeko prozedura.
Jaurlaritzak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren bidez ematen ditu laguntza ekonomiko horiek. Ordainketa bakarreko ekarpenak dira, eta erasotzailearengandik urrundu nahi baina baliabide ekonomiko nahikorik ez duten emakumeentzako dira. Adibidez, etxebizitza aldatzeko, alokairuaren fidantza ordaintzeko edo indarkeria egoerarekin lotuta izan ditzakeen zorrei aurre egiteko erabil daitezke laguntza horiek.
Diru laguntza horien beharra berresteko, Jaurlaritzak gogora ekarri ditu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren prebalentziari buruz Emakundek egindako inkesten emaitzak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeen %57k adierazi zuten bizitzan noizbait edo behin baino gehiagotan sexu jazarpena jasan zutela.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela indarkeria matxistaren biktimek urratsa egitea eta laguntza eskatzea: «Salatzeak eta hitz egiteak babesa eta laguntzak aktibatzeko bidea ematen du». Aldi berean, azpimarratu du erakundeek baliabide espezifikoak dituztela emakumeei laguntzeko «hasiera-hasieratik».
%57Zenbat emakumek jasan duten sexu jazarpena. Emakundek iaz plazaratutako inkestaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeen erdiak baino gehiagok adierazi zuten bizitzan noizbait edo behin baino gehiagotan sexu jazarpena jasan zuela.
Adineko emakumeen arreta
Indarkeria matxistaren biktimen arreta indartzeko estrategiaren ildotik, Jaurlaritzak adierazi du adineko emakumeei ematen dieten arreta indartuko duela, litekeena delako kolektibo horrek oztopo handiagoak izatea indarkeria «identifikatzeko, kontatzeko edo laguntza eskatzeko».
Emakunderen inkestaren arabera, 65-85 urtekoen taldean, jazarpen tasa %39,9 ingurukoa bada ere, adituen iritziz, adineko emakumeen kasuan baliteke indarkeria matxista «urteetan ezkutuan egotea». Horri aurre egiteko, honako jarduera hauek indartuko dituzte: indarkeria eremu soziosanitariotik eta komunitariotik detektatzea eta bideratzea, adinekoei arreta ematen dieten profesionalen prestakuntza, eta informazioaren eta laguntza baliabideen irisgarritasuna.