Urtarriletik urrira 2.520 dei jaso dituzte Satevi indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko zerbitzuaren telefonoak (900-84 01 11), Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi duenez. Horietatik gehien-gehienak bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako bortizkeriarekin lotuta egon dira: %91, iaz baino 3,5 puntu gehiago. Familia barruko indarkeria matxistarekin lotutako deien ehunekoa, ordea, bi puntu jaitsi da: halakoak %5 izan dira; eta sexu askatasunaren aurkako delituei lotuak, %3,7. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburu Nerea Melgosak adierazi du gero eta gehiago deitzen dutela biktimen gertukoek: «Indarkeria matxistak denok interpelatzen gaitu; Sateviren telefono zerbitzua biktimentzat da, baina biktimen ingurukoentzat ere bai».
Egunero 24 orduz eta urtean 365 egunez ematen dute arreta Sateviren telefonoan; anonimoa da, eta ez du arrastorik uzten fakturan. Oiane Zarate zerbitzuaren koordinatzaileak gogora ekarri du «informazioa, orientazioa eta akonpainamendua» eskaintzen dituela: «Larrialdi egoeretan, 112ra deitu behar da». Dei gehienak, ia %80, indarkeria jasaten ari diren emakumeek egiten dituzte, eta %15, berriz, gertukoek; %5 profesionalenak dira.
Era berean, Melgosak nabarmendu du telefonoaren bestaldean daudenek «entzun» egiten dutela, «ez epaitu», eta horrek «konfiantza, babesa, erreparazioa eta ahalduntzea» dakartzala. Dei berezia egin die 60 urtetik gorako andreei: «Haiek jartzen dute salaketa gutxien. Edozein zalantza izanez gero, jar daitezela harremanetan Satevirekin ere».
%64Bizkaitik jasotako deiak zenbat diren, ehunekotan. Ohi bezala, Bizkaitik jaso dituzte deien erdiak baino gehiago, horixe baita biztanle gehien dituen lurraldea: 1.613 dei izan dira, %64; Gipuzkoatik jaso dituzte deien %20, eta %14 Arabatik.
Urtero 3.000 dei inguru jasotzen dituzte telefono horretan, eta uste dute aurten ere kopuru horretara iritsiko direla. Hilabetero 250 dei jaso ditu Satevik batez beste: uztailean izan zituzten gehien (302), eta abuztuan gutxien (203). «Dei gehiago egoteak ez du esan nahi indarkeria kasu gehiago dagoenik, baizik eta kontzientzia handiagoa dagoela, eta gehiagotan eskatzen dela laguntza», azaldu du Zaratek.
Laguntzetarako baldintzak berriro aztertzen
Genero indarkeriaren biktimentzako laguntza ekonomikoaren berri ere eman dute —bortizkeria bikotearen barruan jasan duten emakumeek jaso dezakete—: aurtengo lehen hamar hilabeteetan 267 laguntza eman ditu Jaurlaritzak, eta 199 ukatu —beste 119 dauzkate ebazteko—. Izan ere, andreek baldintza zorrotzak bete behar dituzte laguntza horiek jasotzeko: erasotzaileekin zuten bikote harremana amaitu izana; genero indarkeriaren biktima direla egiaztatua izatea; sei hilabetez jarraian Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egotea, eta langabezian egotea. Marian Olabarrieta Bizi Beterako Laguntzen Arloko zuzendariak azaldu du Espainiako Gobernuak ezarri zituela baldintza horiek 2019ko dekretu batean, eta horien arabera jokatu behar duela Jaurlaritzak ere. Hala ere, onartu du Berdintasunerako Konferentzia Sektorialean eztabaidatzen ari direla «eskakizunetako batzuk malgutzea», batez ere biktima egiaztagiriari dagokiona, kontuan izanda, gainera, sexu erasoen biktimentzako diru laguntzen dekretuak —2024ko uztailean onartua— baldintza malguagoak jasotzen dituela.
Era berean, 2012tik indarkeria matxistaren ondorioz ama galdu duten adingabeei gogora ekarri die umezurtzentzako laguntza ekonomikoa eska dezaketela. 2024aren hasieratik, halako sei eman ditu Jaurlaritzak: 10.000 euroko laguntza zuzen bat, eta urtean 5.750 euro 18 urte bete arte.