BHZ. Sigla horiek ezezagunak izango dira askorentzat, baina Berehalako Harrera Zentroari dagozkio. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei berehalako arreta ematen die zentro horrek, baita haien seme-alaba eta mendekoei ere, «bizitza autonomoa eta indarkeriarik gabea lortzeko». Egun, hamasei pertsonarentzako edukiera du Arabako Foru Aldundiak eskaintzen duen zerbitzu horrek, baina, zerbitzuko langileek salatu dutenez, 2026an zentroak egunero 30 pertsonari eman dio arreta. Horregatik, bigarren BHZ bat irekitzeko eskatu diote aldundiari.
ESK sindikatuak deituta, agerraldia egin dute gaur langileek Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) aurrean, organo horrek kudeatzen baitu zerbitzuak. Dozenaka langile bildu ditu deialdiak, eta, ordu erdi batez, banaketa kamioiak, Printzipal Antzokiaren berritze lanen eta protestaren artean igaro ezinik, ez atzera ez aurrera geratu dira Gasteizko San Prudentzio kalean. «Plaza nahikorik gabe segurtasunik ez» eta «Hitz hutsalek ez dute bizirik babesten» aldarriak zituzten kartelen atzean, egoera salatu dute zerbitzuko langileek.
Haserre agertu dira Claudia Perea eta Ane Sanz, zerbitzuko langileak biak ala biak, aldundiak egindako kudeaketarekin. «Gorka Urtaran Gizarte Politiketarako foru diputatuak zortzi aldiz adierazi du hedabideetan bigarren BHZ irekiko duela aldundiak, baina behin eta berriro jan du hitz hori» deitoratu du Sanzek. «2022ak geroztik, uda bakoitzean behin-behineko bigarren zentro bat ireki eta itxi du aldundiak. Nahiz eta zerbitzu hori itxi, plaza gehiagoren beharrek hor jarraitzen du urtearen gainerakoan», gehitu du langileak.
Perearen arabera, administrazioak «babesgabetasuna eta ezinegona» eragiten die indarkeria matxistaren biktimei, haientzako beharrezkoa den zerbitzu bati ez baitizkio baliabideak eskaintzen. «Biktima eta familia bakoitzari banakako arreta eskaintzen diegu, haien bizitza berreraiki ahal izan dezaten. Jende oso zaurgarria da, eta beharrezkoa dute zerbitzu hori», azaldu du. «Hala ere, zerbitzuak artaturiko pertsonen kopurua azken bost urteetan %282 igoagatik, aldundiak ez du bigarren BHZ ireki nahi, eta horren ordez 'ostatu alternatiboetara' jotzen du», salatu du.
Plegu errekurrituak
Hain zuzen ere, zerbitzurako azken kontratazio pleguek eragin dute langileen haserrea eta egungo lan gatazka. Esan bezala, egungo pleguak zortzi familientzako edo hamasei pertsonentzako edukiera aurreikusten du egun irekita dagoen BHZ bakarrean. Alta, 2026ko urrian bakarrik, batez beste artaturiko pertsonen kopurua 24koa izan da. «Zerbitzua 30 eguneko egonaldietarako prestaturik dago, baina ez dago biktima horiek nora bideratu epe horren ondoren, eta batzuk sei edo zazpi hilabete ere geratzen dira», kontatu du Pereak.
Langileen ustez, datu horiek argi uzten dute «larrialdiko plazak ugaritu egin behar» direla, «langile espezializatuekin». Aitzitik, aldundiak, langile horientzako plaza gehiago sortu eta bigarren BHZ ireki ordez, «ostatu alternatiboetarako aurrekontua handitzea» proposatu du. Sanzek azaldu duenez, ostatu alternatibo horiek apartamentu eta apartahotel soilak dira, eta bertan biktimek ez dute gizarte zerbitzuetako langileen arretarik jasotzen. Horrek biktimei eta haien senideei egindako «eragin negatiboa» azpimarratu dute.
Hori dela eta, ESK sindikatuak abuztuan argitaratu ziren zerbitzuaren kontratazio pleguak errekurritu zituen, eta, momentuz, haien aplikazioa «etenda» dago, errekurtso horren erabakiaren zain. «Espero dugu aldundiak gure eskaerei erantzutea, eta zerbitzuaren gaitasunak handitzea», adierazi du Sanzek. Pereak gehitu du uztailaren 15ean bildu zirela langileak Gorka Urtaran foru diputatuarekin, baina geroztik ez dutela aldundiaren erantzunik jaso.
Plegu berriek ondorengo baldintzak betetzea exijitu dute langileek: bigarren Berehalako Harrera Zentroa irekitzea; zentro horietan sartzen diren biktima eta senide guztientzako «segurtasuna, babesa eta konfidentzialtasuna» bermatzea; ostatu alternatiboen «egiturazko erabilera» etetea; eta biktimentzako «arreta integrala» bermatzea, eguneko 24 orduetan erabilgarri egongo diren profesionalen presentziarekin. Langileen iritziz, azken baldintza hori ezin liteke bizitoki alternatibo horietan bete, BHZetan soilik baizik.
Eskaera horiek bete ezean, mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute langileek, ESKren sostenguarekin, «erabiltzaile guztientzako arreta egokia eta duina lortu arte». Momentuz, ez dute mobilizaziorik edo data berririk ezagutarazi, baina bestelako eragileekin «sarea sortzen» ari direla azaldu dute, mobilizazio indartsuagoak aurrera eramate aldera. «Pentsionistekin eta mugimendu feministarekin hizketan ari gara, etorkizunera begira gure aldarrikapenak plazaratzeko sare indartsua lortzeko», azaldu du Sanzek.

