Indarkeriaz betetako historia baten oihartzuna

Euskal Herriak XX. mendean bizi izan duen indarkeriaren zenbait mugarriren urteurrenak izan dira 2025. urtean. Kasurako, 50 urte bete dira Francisco Franco Espainiako diktadore faxista hil zenetik.

Ekitaldi ugari egon ziren Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ekitaldi ugari egon ziren Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenean. AITOR KARASATORRE / FOKU
xabier martin
2026ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Francok agindu zituen Txiki eta Otaegiren fusilamenduak duela mende erdi, ohean hil baino aste batzuk lehenago. Monbar hoteleko sarraskia, Ernest Lluchen hilketa, Mikel Zabalzaren estatu krimena... Odolez tindatutako iragan hurbilaren oroimena oso presente egon da joan berri den urtean. Halaber, euskal alderdi nagusien zuzendaritzak berritzeko urtea izan da 2025a, eta, alor horretan, EAJren buruzagitzan egondako erreleboak eman du ezustea, eta ez txikia. Hau da 2025. urteko abezedario politikoa.

A) Aitor Esteban

Euzkadi Buru Batzarra berritzeko urtean, ezustean, Aitor Esteban hautatu zuten presidente. Hamabi urteren ondoren, Andoni Ortuzarrek EAJko presidente izateari utzi zion, martxoan. Haren asmoa karguan jarraitzea zen, eta barne prozesuaren lehen itzulian parte hartu zuen. Orduan azaldu zen Esteban lehiakide gisa. Bigarren itzulirako tentsio handiko egoera suertatu zen, ezohikoa EAJren barruan, eta, azkenerako, Ortuzarrek uko egin zion lasterketan aurrera jarraitzeari, batik bat Bizkaian sortutako desadostasunen ondorioz. Hala, Aitor Esteban izendatu zuten EBB berrituaren presidente; Espainiako Kongresuko eledun jeltzale izana zen ordu arte.

B) Bimboire, IBBko buru

Duela urtebetetik, Pantxoa Bimboire da EAJren Ipar Buru Batzarreko presidentea. 74 urte ditu, eta ezaguna da Ipar Euskal Herriko ekonomiaren arloan. Enpresaburua da txokolategintzan, eta Andre Garreta lehendakariaren aholkulari aritzen da Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberan; Lantegiak nagusi elkarteko bulegoko kide ere bada. Politika arloan ere inplikatu izan da: Abertzaleen Batasuneko kide izan zen, baita EH Baiko kide ere, 2022 arte. Peio Etxeleku IBBko buru izendatu ondotik hartu zuen jeltzaleen karta.

C) 'Cerdan auzia'

Koldo auzia gisa hasi zen ustelkeria ikerketa Nafarroan Cerdan auzia bihurtu da, PSOEko Antolakuntza idazkari Santos Cerdan bete-betean sartu delako auzi horretan. Servinabar enpresako jabe Antxon Alonsorekin lotu du Guardia Zibilak; enpresa horren jabe ere izatea leporatzen diote. Cerdan itzali handiko politikaria izan da PSNren barruan, eta, ustez, Servinabarren bidez legez kanpoko ordainketak jaso zituen, herri lanen adjudikazioak tarteko. Belateko tunelaren obra handian ere fokua jarrita dauka auzia ikertzen ari den epaileak. Auzi horrek ataka larrian utzi du Espainiako Gobernua, Cerdanez gain Jose Luis Abalos Sustapen Ministro ohia ere atxilotu baitute, baita harentzat lan egiten zuen beste euskal herritar bat ere: Koldo Garcia. Nafarroako Gobernuan ere tentsio handia eragin du ustelkeria auziak, eta Maria Txibite presidentea gobernua errugabea dela erakusteko ahaleginetan ari da.

E) EH Bilduren kongresua

EH Bilduren III. Kongresuak koalizio abertzalearen mahai politiko berria aukeratu zuen otsailean, eta zuzendaritza berri horretan Arnaldo Otegi aukeratu zuten idazkari nagusi. Iruñeko Baluarte auditoriumean hiru ebazpen onartu zituzten: lehenengoa, «estrategia nazional berri bat garatzeko»; bigarrena, beste indar batzuekin «hauteskunde zerrenda bateratuak» aurkezteko, eta hirugarrena, «gobernantzaren demokrazian eta botere politikoan» oinarritutakoa. Otegik adierazi zuen «mundu ordena justua» egon dadin beharrezkoa dela «herri guztien subiranotasuna eta autodeterminazio eskubidea errespetatzea, aberastasuna modu ekitatiboan banatzea eta herri guztientzako bakea bermatzea». 

F) Franco hil zenetik 50 urte

1975eko azaroaren 20an hil zen Francisco Franco diktadorea, eta, beraz, aurten izan da haren heriotzaren 50. urteurrena. Heriotza hori ezinbesteko gertaera izan zen Hego Euskal Herria beste fase historiko batean sartzeko. Diktadorearen erregimen faxistak jazarpen hilgarria abiatu zuen euskaldunen aurka urte askoan, eta euskal abertzaletasunaren aurkako ekinaldi amaigabe horrek goitik behera baldintzatu zuen Euskal Herriaren bilakaera XX. mendean, baita XXI. mendean ere, argi geratu baita frankismoaren oinordetza politikoak bizi-bizirik iraun duela. Izan ere, uste hori aski zabaldua da historialarien artean: Francoren heriotzaren ostean iritsitako sistema berriak —demokrazia ezartzeko saioak, alegia— ez zuen aurreko sistema argi etetea ekarri, eta diktadura faxistan boterea zuten eragile askok boterean jarraitu zuten; alor judizialean edota ekonomikoan, esaterako.

(ID_14821902) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-03-30, Donostia. EAJ Batzar Nagusia
Aitor Esteban EAJren aginte makila jasotzen Andoni Ortuzarren eskutik. ANDONI CANELLADA / FOKU

G) Goiaren agurra

Eneko Goiak Donostiako alkatetza utzi zuen 2025eko urriaren 16an. Hiru legealditan eta hamar urtez alkate izan ondoren joan zen Goia; haren ustez, «zikloak hasi eta bukatu» egiten dira. EBBko presidente berri Aitor Esteban haren agurrean egon zen, Donostiako udaletxean, eta, ordu batzuk lehenago, aditzera eman zuen zuzendaritzak hartutako erabakia izan zela Goiaren erreleboa. Izan ere, 2027ko udal hauteskundeetako hautagai gisa zalantzak eragiten ote zituen susmoa hedatu da. Etxebizitzaren eta turismoaren inguruan egindako politikak higadura handia ekarri dio Goiari azken urteetan.

H) Herri ekinaldi legegilea

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek herri ekinaldi legegile bat eraman zuten Eusko Legebiltzarrera azaroan, lanbide arteko gutxieneko soldata ezar dezala eskatzeko. Ekinaldiak ia 140.000 herritarren babesa zuen, baina, Eusko Jaurlaritzaren iritziari jarraikiz, EAJk eta PSE-EEk ezezko botoa eman zioten, aste batzuk lehenago pentsiodunen HELarekin egin zuten moduan. PP eta Vox ere EAJ eta PSE-EErekin bat eginda, proposamenari buruz eztabaidatu ere egin gabe itxi zioten atea. Soilik EH Bilduk eta Sumarrek eman zuten ekinaldia tramiterako onartzearen aldeko botoa. «Gizarteari ematen ari gatzaizkion mezua oso kezkagarria da; krisi demokratikoan sakontzen ari gara», adierazi zuen EH Bilduko eledun Pello Otxandianok.

I) Immigrazioa eta segurtasuna

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila delitu egileen jatorriaren berri ematen hasi da. Bingen Zupiria sailburuak onartu du PPk eta Voxek «presio ikaragarria» egin dutela atxilotuen herritartasunaren berri eman dezaten. Ezkerreko alderdiek salatu dute erabaki hori hartuta Gasteizko gobernuak urrats bat egin duela migranteak segurtasunarekin lotzeko; EAJren gobernu bazkide PSE-EE bera ere erabakiaren aurka agertu da. Hogei bat urte dira Ertzaintzaren oharretan ustezko delitu egileen eta atxilotuen jatorria ez zela aipatzen. Adina eta generoa baino ez ziren azaltzen, baina dagoeneko jakinarazten ari dira nazionalitatea ere.

J) Jon Insausti, Donostiako alkate

Donostiak alkate berria du, urri amaieraz geroztik: Jon Insausti Maisterrena (Donostia, 1989). Eneko Goiak utzitako kargua hartu du haren udal gobernuan Kultura, Euskara eta Turismo arduraduna izan zenak. Goiak berak eman zion aginte makila, izendapenaren ondoren. Hauek izan ziren Insaustik makila eskuetan zuela alkate gisa esan zituen lehen hitzak: «Donostiak donostiarrentzat izan behar du». PSE-EErekin batera duen koalizio gobernuaren lehentasunak finkatu zituen, halaber: «Etxebizitza, segurtasuna, lana eta eguneroko bizitza», ordena horretan zerrendatuak. Ezuste handirik ez badago, EAJren alkategaia izango da 2027ko udal hauteskundeetan.

K) Kontuak

EAJ-PSE aliantzak aurrera atera ditu, bere kabuz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ia erakunde guztien aurrekontuak. Nafarroan, berriz, PSN, Geroa Bai eta Zurekin koalizioaren hiruko foru gobernuak EH Bilduren babesa izan du; era berean, Iruñeko Udalean, koalizio abertzalearen, Geroa Bairen eta Zurekin-en udal gobernuak PSNren babesa jaso du kontuak onartzeko. Jeltzaleak eta sozialistak gutxiengoan gobernatzen ari diren foru aldundietan, Araban eta Gipuzkoan, alegia, Elkarrekin Podemosek erraztu ditu kontuak. Eusko Jaurlaritzaren 2025eko kontuei buruzko negoziazioak apenas egon diren oposizioarekin.

(ID_15529981) FOTODELDÍA - ESPAÑA CASO KOLDO
Santos Cerdan espetxetik atera berritan. RODRIGO JIMENEZ / EFE

L) Lluch hil zutenetik 25 urte

Odon Elorza Donostiako alkate ohiak eta Ernest Lluch ETAk hildako Espainiako ministroaren beste lagun batzuek antolatuta, haren omenezko ekitaldia egin zuten Donostiako Plaza Berrian, Lluchen aurkako atentatuaren 25. urteurrenean, azaroak 21 zituela. ETAk Bartzelonan hil zuen Lluch, eta, Donostiarekin zuen loturak bultzaturik, haren memoriaren aldeko lore eskaintza egin zuten Elorzak eta harekin batera udalean ibilitako zenbait zinegotzik, hala nola PSE-EEkoek, PPkoek, Podemosekoek eta Donostiako alkate Jon Insausti jeltzaleak.

M) Monbar hoteleko sarraskia

Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuak Monbar hotela, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik erakusketa baliatu zuen, irailaren hondarrean, atentatu hartan hildako lau lagunen senideei barkamena eskatzeko. «Lau hamarkadako absentzia instituzionalagatik eta isiltasun sozialagatik» eskatu zien barkamena, eta abagunea baliatu zuen GALen jarduna «harro» defendatu dutenei erantzuteko ere: «Haiei mintzo natzaie haien hitzak gaitzesteko, esateko haien hitzek min handiagoa sortzeko baino ez zutela balio izan». Gogora-k antolatu zuen erakusketa, baina PSE-EEk ere, alderdi gisa, garrantzi berezia eman zion aurkezpenari, han baitziren alderdiko lau sailburu eta Eneko Andueza idazkari nagusia ere. Irailaren 25ean bete ziren 40 urte GALek Jose Mari Etxaniz, Iñaki Asteasuinzarra, Agustin Irazustabarrena eta Sabin Etxaide hil zituenetik.

N) Negoziazioa estatus berriaz

EAJ, EH Bildu eta PSE-EE aspaldian hasi ziren negoziatzen, Gernikako Estatutua gaindituko lukeen estatus berri baterako akordio bila. Azken hilabeteetan aurrerapausoak eman dituzte eduki batzuetan, eta jeltzaleek eta bilkideek garbi esan dute luze gabe jakingo dela akordiorik baden ala ez. Burujabetzaren esparruan aurrerapauso handia litzateke itun berri hori. Akordioa balego, Eusko Legebiltzarrean formulazio zehatz bat egiteko urratsak egingo lirateke, eta Espainiako Kongresura iritsiko litzateke balizko proposamen hori, han ere oniritzia beharko bailuke. Negoziatzaileek badakite Kongresuaren egungo eraketa hautsi aurretik eraman beharko luketela Madrilera estatus berrirako proposamena; hau da, erlojuaren aurka dabiltza.

O) Ortuzar eta ate birakariak

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente izan da aurtengo martxora arte. Hamabi urtez EAJren lema izan duen gizona alor pribatuan hasi da lanean, eta ate birakariak gurutzatu dituen susmoa zabaldu da, eman dituen pausoak ikusita. Duela la hilabete, PwC aholkularitza enpresak fitxatu zuen, batez ere komunikazio arloan aholkulari lanak betetzeko. Orain gutxi, berriz, Espainiako Telefonica telekomunikazio enpresa indartsuak fitxatu du, Movistar Plus ikus-entzunezko plataformaren administrazio kontseiluan parte hartzeko.

P) PSE-EEren kongresua

Jakina zena berretsi zen otsailean, PSE-EEren hamargarren kongresuan: Eneko Anduezak alderdiko idazkari nagusi izaten segitu du. Hautagai bakarra izan zen Andueza, eta %95eko babesa lortu zuen. PSOEko zenbait buruzagi ere alboan izan zituen idazkari nagusiak, Donostian egindako kongresuan; esaterako Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Bere gertuko jendea hautatu du Anduezak datozen urteetarako: Cristina Gonzalez da alderdiko presidente berria, Miguel Angel Morales antolakuntza idazkaria, eta Begoña Gil politika instituzionaleko idazkaria.

(ID_15535194) ESPAÑA ERNEST LLUCH
Ernest Lluchi egindako omenaldia, Donostian. JAVI COLMENERO / EFE

R) Rosa Zarra

Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuen Rosa Zarra. Hala onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak iazko martxoan. Familiari orduan eman zioten onespenaren berri, eta handik gutxira Zarraren auziari buruzko txostena jaso zuten. 2023ko urtarrilean bildu ziren Zarraren sendia eta batzordea, kasua aztertzeko. Azken erabakia 2024ko irailean hartu bazuten ere, iazko martxora arte ez zioten familiari jakinarazi. Urtea amaitu aurretik, berriz, Donostiako Udalak Zarra oroitzeko plaka jarri zuen hark pilotakada jaso zuen tokian, Anoeta inguruetan. Handik gutxira, Esan polizia sindikatuak eskatu zuen Rosa Zarrari biktima aitortza kentzeko, eta «traiziotzat» jo zuen Jaurlaritzaren erabakia.

S) Sareren giharra

Sare Herritarrak milaka herritar bildu zituen urtarrilaren 11n, Bilbon, duela ia urtebete, eta larunbat honetan euskal presoen etxeratzea eskatzeko aterako dira kalera berriro. Hamabost urte beteko dira 2026an ETAk jarduera armatua etengo zuela iragarri zuenetik. Oraindik 123 euskal preso daude Euskal Herrian, eta hiru Frantziako kartzeletan; hamalau iheslari eta hiru deportatu ere badaude. Hala, Sare Herritarrak manifestazio nazionalera deitu du urtarrilaren 10erako, Bilbon, Ezin da gehiago luzatu lelopean.

T) Txiki eta Otaegi

Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi 1975eko irailaren 27an fusilatu zituen erregimen frankistak, FRAPeko beste hiru kiderekin batera, bermerik gabeko epaiketa sumarisimo bat egin ostean. Irailaren 27an bete ziren 50 urte, eta segidan beste albiste bat iritsi zen: Espainiako Gobernuak «legez kanpokotzat eta zilegitasunik gabekotzat» jo ditu epaitu zituzten auzitegiak, eta epaiak ere halaxe definitu ditu: «Bidegabeak eta baliogabeak». Hala, aitortzaren eta erreparazio pertsonalaren ebazpena ofizialki helarazi zieten senideei. Erreparazio dokumentu ofizial bat jaso dute senideek, biktima izaera aitortzen diena.

U) Ultraeskuinaren oldarraldia

2025ean eskuin muturraren oldarraldia sumatu da Euskal Herrian. Falangeak istilu larriak eragin zituen Gasteizen, Hispanitatearen egunean, eta Ertzaintza gogor oldartu zen antifaxisten aurka; horrez gain, Vito Quiles Iruñera joan zen, Nafarroako Unibertsitatera, eta han ere istilu larriak egon ziren faxismoari aurre egitera joandako taldeen eta Poliziaren artean. Voxek, berriz, probokaziorako baliatzen dituen karpak jarri ditu Euskal Herriko zenbait herritan, eta Ertzaintzak zauritu ugari eragin ditu horien aurkako protestetan.

V) Vaquero, EAJren ahotsa Madrilen

Maribel Vaquerok hartu du Aitor Estebanen tokia Espainiako Kongresuan, EAJren bozeramaile gisa. Postu hori hartzen duen lehen emakume jeltzalea da. Maribel Vaquero urnietarra da, 1970ean jaioa. Zuzenbide ikasketak ditu, eta gradu bat Antolamendu Publikoan. Lehen aldia du diputatu gisa Kongresuan; aurreko bi legealdietan, Senatuan egon zen. Xabier Arzalluz eta gero, eledun gisa aritzen den lehen gipuzkoarra da.

X) Xuhar Pazos

Xuhar Pazos (Villabona, Gipuzkoa, 2007) gaztea larri zauritu zuten eskuineko begian foam jaurtigai batez, Ertzaintzaren oldarraldi batean. 2024ko otsailean izan zen, Tolosako inauterietan, eta, duela aste gutxi, bigarrenez agindu du Tolosako epaitegiak auzia artxibatzeko. Ez da erraza izaten ari Ertzaintzak zauritutakoen salaketek epaitegietan urratsak egitea. Horren adibide, Amaya Zabartek, Maria Martinek eta foam jaurtigai batez Anoetan zauritutako beste emakume batek jarritako salaketak, eta Bilbon Ertzaintzaren foam jaurtigai baten ondorioz barrabil bat galdu zuen Iker Aranarena ere, baita Intxaurrondon (Donostia) borraz zauritutako beste emakume gazte batek jarritakoa. Gainera, Gasteizen, Aritz Ibarrari ere jaurtigai bat bota zioten aurpegira, eta zauri larriak eragin zizkioten.

Z) Zabalza hil zutenetik 40 urte

1985eko azaroaren hondarrean Donostiako Udaleko autobus batek milaka donostiarren arreta piztu zuen, pankarta bat baitzeraman zintzilik: «Hemen ez dago gidaria; non dago?». Falta zen gidaria Mikel Zabalza zen, egun batzuk lehenago Guardia Zibilak atxilotutako gidaria, alegia; Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten, eta ordutik ez zen haren berri. Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hil zuen Zabalza, eta azaroaren 26an izan zen haren heriotzaren 40. urteurrena. Justizia eskatzeko erakusketa ibiltari bat abiarazi zuten azaroan orduko udal autobus haren erreplika batean. Izan ere, torturaren biktima gisa aitortua dago Zabalza, baina senideek justizia eta erreparazioa eskatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.