Kataluniako erreferenduma. Elkarrizketa. Jordi Sanchez. ANCko presidentea

«Indarra erabilita soilik gera daiteke erreferenduma»

Gelditu ere egin gabe dabil Biltzar Nazional Katalaneko presidentea, «atzera-bueltarik ez duen» prozesu batean buru-belarri. Uste du Espainia oso trakets ari dela jokatzen.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Bartzelona
2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Diadarako ordu gutxi batzuk falta zirela hitz egin du Jordi Sanchez ANCko presidenteak BERRIArekin. Oso pozik dago aurtengo Diada berezia delako, eta hauspoa izango delako datozen garai zailetarako. «Hau dena gertatzen ari bada, herriak nahi duelako da».

Diada honek esanahi berezia du

Bai, dudarik gabe. Herritarrek erreferendumean baiezkoa eman aurreko azkena da, eta, jendea nola mobilizatu den ikusita, oso pozik egoteko moduan gaude, jendearen erantzunari esker baitoa hau aurrera, eta ez dago atzera-bueltarik.

Herritarrak dira Diadaren protagonistak, herritarrak erreferendumarenak, eta politikariak haien esanetara ari dira.

Nahiz eta ondorioak larriak izan daitezkeen. Zer egingo du Madrilek? Zer uste duzue?

Guk okerrena espero dugu, hau da, baliteke politikariak espetxera joatea, edota gutako edonor. Egunkarietara sartzen badira, eta paper batzuk inprimatzeagatik zigortu, edozer espero genezake.Inhabilitazioak aplikatuko dituzte, besteak beste. Baina oso gaizki kalkulatu dute egiten ari direna: lardaskeria hutsak ari dira egiten, traketsak dira, kontra jartzen ari baitzaie dena. Jendea erantzuten ari da kalean, modu baketsuan, ilusioz, pozez, eta bozkatu nahi du. Eta kartzelarekin erantzungo dute? Nola eman dezakete irudihori? Katalanok edozertarako gaitasun handia erakutsi dugu, gizarte gisa eredugarriak izan gaitezke, eta hori ez dute aurreikusi Madrilen.

Desobedientzia beste biderik ez da geratu.

Beti nahi izan dugu elkarrizketa sustatu bi aldeen artean, eta erreferendum adostu bat egin, Eskozian egin den bezala. Demagun Mariano Rajoyk irailaren 30ean baldintza txukun batzuk jartzen dituela bide hori jorratzeko. Prest geundeke azkenera arte bide guztiak aztertzeko.

Joan den astean, Erreferendumaren Legea onartzeko prozedurak bazterrak harrotu zituen. Kataluniako unionistak ere oso haserre dabiltza.

Politika egiteko aukera galdu dute, eurek defendatzen dutena aurrera eramateko. Baina erreferendumean ezezko jarrera hartu beharrean, ez egitea besterik ez dute nahi, argudiorik gabe geratzen diren arren.

Erreferendumari begira, parte hartzea izango da gakoetako bat, eta Podemosen adarren jarrera giltzarrietako bat. Ada Colauk oraindik ez du erabaki hautetsontziak jarriko dituen. Zein analisi egiten duzue?

Erreferendumaren eta prozesuaren ondorioz nahasturik dabiltzala, haien kontraesanak azaleratu dituelako, eta haien artean dauden desadostasunak. Colauk nahiago luke egingo ez balitz, baina, orain, hautetsontziak jartzea beste erremediorik ez du. Ezin da jarrera demokratikoa soilik paperean defendatu; politika egiteko beste modu hori praktikan erakutsi beharko dute.

Zer egin behar da Auzitegi Konstituzionalaren erabakiekin?

Irakurri behar dira, artxibatu, eta aurrera egin. Oraintxe, Konstituzionalak ez du legitimitaterik. Ezin ditu hemen instituzioak gerarazi. Indarra erabilita soilik gera daiteke erreferenduma, subiranotasun ekintza bat baita, ez independentzia aldarrikatzeko, baizik eta herritarrei hitza emateko libreki erabaki dezaten.

Xavier Garcia Albiol eta PPko beste hainbat buruzagik jarraitzen dute autonomia bertan behera uzteko eskaera egiten. Egingo dutela uste duzu?

Espainiako Gobernua erotzen ari da, eta ez dakigu zer egiteko gai izango den. Gobernu batek legitimitatea badu, ez du indarra erabiltzeko beharrik, eta, ikusita gobernu honek ez duela legitimotasunik, bide bakarra dauka: indarra erabiltzea Kataluniako prozesu subiranista geldiarazteko.

Diada igaro ondoren, neurriak gogortuko dituztela uste duzu?

Oso litekeena da. Erreferenduma gerturatu ahala makina bat gauza ikusiko ditugula uste dut, baina etorriko dira, behar dutenean, eta aurre egingo diegu, egiten dakigun bezala.

Nazioartean babes bila ere aritu zarete, baina ez dirudi oraingoz zuen aldeko apusturik dagoenik, besteak beste, Europako Batasunean.

Oraingoz, ez dago babes espliziturik, baina bide hori da geratuko zaiguna, eta ikusten ari gara gero eta sinpatia gehiago daukagula, eta lehen esan dudan moduan, oso zaila da ulertzen Espainiako Gobernua egiten ari dena. Jendea inhabilitatu nahian, Auzitegi Konstituzionala bere interesen arabera erabiliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.