Aurten ez da udalekurik egon Bernedon (Araba). Baina jaialdi bat izango da: larunbatean, Euskal Udalekuak antolatuta, Aurrera Euskal Udalekuak elkartasun jaialdia egingo dute. «Urte gogor honen ostean, proiektua babesteko asmoz» antolatu dute. Irati Aldama Urkiza (Bitoriano, Araba, 1997), Irene Aizpurua Aranguren (Zumaia, Gipuzkoa, 1998) eta Aitor Altuna Etxabe (Hernani, Gipuzkoa, 1996) Euskal Udalekuetako kideak hezitzaile ohiak dira, baina jaialdia antolatzeak aukera eman die «proiektua babesten jarraitzeko beste leku batetik».
Bernedoko auziak bide penalak eta administratiboak hartu ditu, eta behin eta berriz salatu duzue hori guztia proiektua oztopatzeko estrategia bat izan dela. Izan ere, Sarrea elkartea —50 urtez Bernedoko udalekuak antolatu dituena— ez dago inhabilitatuta; halere, aurten ez da udalekurik egongo Bernedon. Jaialdia, baina, bertan egingo da. Zergatik erabaki duzue hura antolatzea?
AITOR ALTUNA: Urte gogorra izan da aurtengoa, eta jaialdia baliatu nahi dugu proiektuari babesa emateko, urte guztian egindako lana aitortzeko eta baita ikasturte osoan jasan dugun errepresioa eta jazarpena salatzeko ere. Berez, aurten aukera genuen Bernedoko udalekuak egiteko, baina, haurren eta nerabeen ongizateari begira eta udaldia behar den bezala bermatzeko, erabaki genuen Abaigarren eta Goñin egitea. Beraz, bertara bideratu ditugu haurrak, gazteak eta hezitzaileak. Jaialdia, berriz, Bernedon antolatzea erabaki dugu, elkartasun jaialdi bat izatea nahi baitugu.
IRATI ALDAMA: Jaialdia Bernedoko administrazio batzarrarekin elkarlanean antolatu dugu. Urte osoan kudeaketa asko egin ditugu haiek, eta honek aukera emango digu haiekin harreman handiagoa izateko eta hura indartzeko.
IRENE AIZPURUA: Hiru etxeez aparte —Abaigarkoa, Goñikoa eta Bernedokoa—, Euskal Udalekuen proiektua gizarte osoari zabalduta dago; hortaz, jaialdira gonbidatuta dago Euskal Udalekuen parte izan den, egitarauan parte hartu duen, eta proiektuan sinistu edo parte hartu nahi duen oro.
«Oso babestuak sentiarazi gaituzten mezuak jaso ditugu urte osoan, eta, elkartasun jaialdiaren bidez, leku bat eman nahi diogu babes horri guztiari»
IRENE AIZPURUA Euskal Udalekuetako kidea
Auzi horren ondorioak jasan dituzuenak eta jasaten ari zaretenak elkartuko zarete bertan. Elkar babesteko aukera izango da? Indar erakustaldi bat egitekoa, akaso?
ALTUNA: Bai. Indarra hartzeko eguna izango da etziko elkartasun jaialdia. Ez da soilik proiektuko kideentzat izango, Bernedoko herriarentzat ere egun potentea izango da, baita euskal herritar guztiei zabaldutakoa ere.
ALDAMA: Gu hirurak hezitzaile ohiak gara, eta, hain justu, jaialdi hau antolatzeak aukera eman digu lehen lerroan ez gaudenoi proiektua babesten jarraitzeko beste leku batetik.
AIZPURUA: Horrez gain, oso babestuak sentiarazi gaituzten mezuak jaso ditugu urte osoan, eta, elkartasun jaialdiaren bidez, leku bat eman nahi diogu babes horri guztiari.
Egun osoko egitaraua antolatu duzue. Zer-nolako eskaintza egingo duzue?
AIZPURUA: Egitaraua guztientzat irekia izango da. Txoko batzuk egongo dira umeentzat: lasai egoteko eta otorduak egiteko txokoak, besteak beste.
ALTUNA: Jaialdiaren proposamenak oso harrera ona izan du, eta asko eskertzen dugu jendeak eman dion babesa.
Auzi penalaren inguruko xehetasunik ez da plazaratu, baina uztailaren bukaeran Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak adierazi zuen Gasteizko Zigor Arloko 3. Epaitegiak deklaratzera deitu dituela zenbait adingabe eta begirale. Badakizue zerbait horri buruz?
ALDAMA: Bai, komunikabideetan agertu den bezala, badakigu irailean deituak izango garela, baina ez dakigu ezer auziaren inguruan, ez baitaukagu modurik txostena eskuratzeko. Guk gardentasunez jokatuko dugu aurrerantzean ere, gu baikara zer gertatu den jakin nahi duten lehenak, eta argitu egin nahi baitugu auzia, neurriak hartzeko.
ALTUNA: Hasiera-hasieratik erakutsi dugu prestasuna gure esku dagoena egiteko, eta horrela jarraituko dugu.
Nahiz eta Bernedon ezin izan dituzuen egin udalekuak, Abaigarren eta Goñin bai. Zer moduz joan dira?
AIZPURUA: Udaldia ondo joan da, aukera izan baitugu gure balioetan oinarritutako udaldia eta hezkuntza proiektua bermatzeko. Aurtengo egoeragatik, aldaketak egin behar izan ditugu, eta egoerara moldatu. Baina haurrek eta hezitzaileek udaldi polita pasatu dute.
ALTUNA: Polita izan da ikustea urte gogor honen ondoren ere familia, haur eta nerabe askok eutsi egin diotela gure proiektuarenganako konfiantzari.
«Urte osoan jasandako etengabeko erasoak testuinguru erreakzionario batekin lotzen ditugu; urteetan ikusi dugu ultraeskuinak hamaika saiakera egin dituela gurea bezalako proiektuak oztopatzeko»
IRATI ALDAMA Euskal Udalekuetako kidea
Hainbat talde ultrakatoliko eta ultraeskuindar saiatu ziren Goñiko eta Abaigarko udalekuak debekatzen. Zer ikuspegi duzue horren inguruan?
ALDAMA: Urte osoan jasandako etengabeko erasoak testuinguru erreakzionario batekin lotzen ditugu; urteetan ikusi dugu ultraeskuinak hamaika saiakera egin dituela gurea bezalako proiektuak oztopatzeko.
AIZPURUA: Euskal Udalekuen egitasmoa balio jakin batzuetan oinarrituta dagoen hezkuntza proiektu hezitzaile bat da; hortaz, gertatu den guztia ez da kasualitatea: auzi politiko baten parte da.
Adierazgarria iruditzen zaizue epaitegiak debeku saiakera horiek bertan behera utzi izana?
ALTUNA: Bai, epailearen alborapenak adierazgarriak iruditzen zaizkigu. Uste dugu epailearen hautuak argiak izan direla, eta gure proiektua debekatzea helburu zuten salaketek ezin izan dutela aurrera jarraitu.
Nafarroako Gobernuak ez du inhabilitaziorik aplikatu ofizioz, Arabako Foru Aldundiak ez bezala. Uste duzue aldundiak Bernedoko udalekuen aurkako estrategia politiko bat duela atzean?
ALTUNA: Argi ikusten dugu estrategia politiko bat dagoela. Arabako Foru Aldundiak inhabilitazioa aplikatu nahi izan zigun, baina epaitegiak bertan behera utzi zuen behin-behinean. Hortaz, horrek ere demostratzen du erakunde publiko batzuek errepresioa ezartzen ari zaizkigula.
AIZPURUA: Erakunde publikoez gain, badaude zenbait alderdi, hedabide edo mugimendu, hala nola TERF mugimendua, errepresio hori elikatzen dutenak, eta gertatutakoa eta gure proiektua desitxuratzen saiatzen ari direnak ikuspegi jakin batetik abiatuz.
Datorren udan hiru herrietan udalekuak egin ahal izatea espero duzue?
ALDAMA: Ez dakigu ikasturtea nola joango den, baina gure nahia eta asmoa da Bernedon, Abaigarren eta Goñin udalekuak egitea, eta gure balioetan oinarritutako eskaintza bat egitea aurrerantzean ere.