Ingelesa ikasteko zentroa eraikiko dute Lekarozen

Nafarroako Gobernuak azaldu du urtero 3.000 ikasle inguruk egonaldiak egingo dituztela ikastegian

Erredakzioa
Iruñea
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Helburua Lekaroz marka nazioartean ezaguna egitea eta hizkuntza irakaskuntzaren erreferente bihurtzea da». Hori da Lekarozen (Baztan, Nafarroa) ingelesa ikasteko hizkuntza zentro bat eraikitzeko Nafarroako Gobernuak hautatu duen Red-Leaf enpresako zuzendari komertzial Juan Carlos de los Mozosen arabera, aurkeztu berri duten egitasmoaren xede nagusia. Gobernuak kulturarekin, irakaskuntzarekin eta ekologiarekin lotutako eremu bat eraikiko du Baztanen. Hizkuntza murgilketa zentroa eta enpresa zentroa egongo dira bertan. Guztira 120.000 metro koadro izango ditu, eta 12 milioi euro inbertituko dituzte. Ondo bidean, 2012ko ekainean irekitzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak.

Egitasmo hau Nafarroa 2012 Planaren proiektuetako bat da. Plan honekin Baztango harana aktibatzea nahi dute, besteak beste.Hizkuntza murgilketa zentroan urtero 3.000 pertsonak ingelesa ikasteko egonaldiak egingo dituztela esan du Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.

Irakasleentzako, bestelako profesionalentzako eta ikasleentzako ingeles ikasgelak eta egonaldiak izango dira. Umeentzat udalekuak antolatuko dituzte, eta ikasketak egitearekin batera tituluak lortzeko aukera egongo da.«Pertsona bakoitzak lau gau inguru pasatuko dituela pentsatzen dugu. Denera, 12.000 gau igaroko dituztela uste dugu». Proiektuak Baztango haraneko jardun ekonomikoan eragina izango duela uste du Mirandak.

3.000 metro koadro

Eremu berri hau garai batean Lekarozen barnetegi ezaguna egon zen inguruan eraiki nahi dute. Ingelesa ikasteko zentroak ikasgelak, bulegoak eta logelak izango ditu; 3.000 metro koadroko eraikinean egongo dira. Enpresa zentroak, berriz,49.000 metro koadro inguru izango ditu. Red Leaf eta Sedena enpresek eraikiko dute. Nafarroako Gobernuak 12 milioi euro inbertituko ditu. Dagoeneko 4,1 milioi gastatu dituztela azaldu du Mirandak: 1 milioi eraikinak botatzen eta proiektuak eta ikerketak egiten xahutu dituzte, eta 3,1 milioi kanpusa eraikitzeko lursailak erosten.

Urbanizazio proiektu egiteko eta enpresa zentrorako sarrerak egokitzeko lanak Iruñea Construcciones enpresak egingo ditu. Apirilean hasiko dituzte obrak eta 30 asteko epea dute bukatzeko. Zentroaren eremua urbanizatzeko Nafarroako Gobernuak 3,8 milioi euro gastatuko ditu.

Enpresa zentroan hezkuntza, kultura, kirola eta ikerketa arloko enpresak egotea nahi du Nafarroako Gobernuak. Plan Modernan aurkeztutako garapen ekonomikoarekin bat egitea da proiektu honen xedea. Hortaz, erkidegoko enpresaburuekin Lekarozko eremu berria aurkezteko asmoz bilerak egin dituztela azaldu du Alvaro Mirandak.

Baztango Udalak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean Lekarozko eliza zaharberritzeko lanak egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.