eusko legebiltzarrerako hauteskundeak

«Iñigo indartsu dago»

Urkullu EAJren lehendakarigaiak dio «burua» Zaldibarko eta koronabisaren kasuetan duela, baina Jaurlaritzan segitzeko «betiko ilusioarekin» dagoela.

Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar eta EAJko beste hainbat kide, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 7a
17:34
Entzun

Iñigo Urkulluk berak egin du galdera, eta berak erantzun: «Jakin badakit, aste konplikatu hauetan, emozioak arrazionaltasunaren gainetik jarri direla ikusirik, zera pentsatzen ari zaretela: ‘Zelan ote dago lehendakaria?’. Iñigo indartsu dago. Betiko konpromisoarekin, betiko ilusioarekin Euskadi hobea eraikitzeko, gure bidetik jarraituz». Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeetarako zerrendak aurkeztu ditu EAJk Gasteizen, Europa jauregian, 1.300 lagun bildu diren ekitaldi batean, eta Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaiak hitz eman die bere gobernua ere «indartsu» dagoela, «helburu argiak» dituela eta «garrantzizko gauzei begira» dela. «Dena ematen jarraituko dugu». 2012ko abendutik da Jaurlaritzako lehendakari Urkullu, eta, berriro hautatzen badute, hamabi urte egingo lituzke karguan. 2016an bezala, Arabatik aurkeztuko da.

Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko kasua eta koronabirusa aitatu ditu hitzaldian. Esan du ulertzen duela kaltetuen «mina», eta nabarmendu du Jaurlaritza «baliabide guztiak» erabiltzen ari dela konponbiderako. Aitortu du bere burua gehiago daukala «egoera horiei aurre egiteko lanean, hauteskunde kanpainan baino». Datorren legealdiari begira hainbat konpromiso hartu du Urkulluk: elkarrizketa eta akordioa; enplegua eta gizarte politikak; klima aldaketa eta ingurumena; berdintasuna, giza eskubideak, bakea, elkartasuna eta bizikidetza; eta autogobernu handiagoa eta hobea. «Nire hitza da, eta bete egingo dugu».

Ortuzar, mobilizazio eske

Azkeneko legealdian gobernu koalizioan egon dira EAJ eta PSE-EE, baina gehiengo osorik gabe Eusko Legebiltzarrean, eta atzeneko inkestek iragarri dute hurrengo legealdian izango dutela. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak alderdikideei ohartarazi die «mobilizazioa» lortu behar dela datorren kanpainan. «Gogora ezazue duela lau urte gertatu zena: eskukada bete botorengatik galdu genituen 29. eserlekua eta gehiengo osoa, eta legealdi osoan sufritu dugu. Urte asko daramatzagu alderdian lan egiten eta gogor ekiten merezi duen tokira eramateko Euskadi, baina apirilaren 5ean eman behar dugun pausoa benetan erabakigarria izango da, berebizikoa. Urrats nagusia izango da, Euskadik etorkizun segurua izan dezan. Horregatik, alderdikideok eta abertzaleok, eskatu nahi dizuet kanpaina honetan den-dena emateko».

Bakartxo Tejeria EAJren Gipuzkoako zerrendaburu eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko jarduneko presidenteak emakumezkoen eta gizonezkoen arteko «berdintasuna» aldarrikatu du. «Ez da utopia bat: gure esku dago, eta lan egiten jarraituko dugu berdintasun hori benetakoa izan dadin». Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendaburuak bere alderdiak «elkarbizitzan, etorkizunean, eta garapen sozial eta ekonomikoan egiten duen inbertsioa» goretsi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.